Maiatzaren 10ean egingo dute Bizilagunak egitasmoa Gipuzkoan

Jatorri ezberdinetako herritarrak elkartzen dituzte bazkari batean. Maiatzaren 1era arte eman daiteke izena.

Bizilagunak egitasmoko otordu bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
Bizilagunak egitasmoko otordu bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
jakes goikoetxea
2026ko apirilaren 15a
12:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako jatorri ezberdinetako pertsonak mahai baten bueltan elkartzea, elkar ezagutzeko, elkarren arteko bizikidetza laguntzeko, aurreiritziak apurtzeko eta harremanak sortzea errazteko. Horixe da Bizilagunak ekimenaren helburua. Aurtengoa maiatzaren 10ean egingo dute, igandean, Etxean edo parkean, harremanak elikatzen! lelopean. Bazkari batean hasitako loturek gero ere jarraitzea nahi dute.

Gaur aurkeztu dute aurtengo edizioa, Gipuzkoako Foru Aldundian. Aurkezpenean parte hartu dute Ion Gambra Gipuzkoako Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendari nagusiak, Itziar Gorostidi SOS Arrazakeriaren Bizilagunak programaren koordinatzaileak, eta Lorea Zeberio Bizilagunak programako parte hartzaileak.

Antolatzaileek nabarmendu dute keinu txikiak garrantzitsuak direla eta arrazakeriaren eta bazterkeriaren kontrako borroka eguneroko jardunean ere egiten dela. Keinu txiki horietako bat litzateke otordu bat partekatzea, «konfiantza eta elkar ulertzea sustatzen laguntzen baitu». Haientzat ezinbestekoa da bizikidetza indartuko duten topaguneak sortzea, «gizartearen konplexutasuna handitzen ari den eta desberdintasunak areagotzen ari diren testuinguru honetan». Era horretan, gazteak inplikatu nahi dituzte batez ere.

Webgune bat izena emateko

Normalean otorduak etxeetan egin izan dira, baina aurten, etxeez gain, egitasmoa parkeetan eta elkarte gastronomikoetan egiteko aukera ere eskaini dute, «parte hartzea askotarikoagoa, malguagoa eta eskuragarriagoa izan dadin».

Bizilagunak ekinaldian parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute webgune honetan. Parte hartzeko hiru moduren artean aukeratu beharko dute: anfitrioi, parte hartzaile edo dinamizatzaile. Maiatzaren 1era arte eman daiteke izena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA