«Abertzalea Burgosko epaiketarekin egin nintzen; sozialista, berriz, Bartzelonan, ikasten ari nintzela». Horixe erraten omen zien beti Francisco Letamendia Belzunze Ortzi-k (Donostia, 1944 - Bilbo, 2026) bere ikasleei. «Familia burges batean jaio zen Pako, Donostian, eta haurra zenean zerbitzariak eduki zituen etxean. Esan nahi dut salto handia izan zela beretzat, zetorren tokitik etorrita, gerora bizi izan zuen guztia bizitzea». Letamendiaren ikaslea izan zen Izaro Gorostidi, lankidea gero EHUn, eta gogoan du zer ikasi zion maisuari: «Esaten zuen ezagutza eta konpromiso politikoa uztargarriak direla, eta uztartu egin behar direla. Soilik horrela izango dela mundua bidezkoagoa eta, beraz, hobea». Mundu bidezko bat begien aitzinean ikusi gabe zendu da Letamendia, iragan asteburu honetan, 82 urterekin, eta arrasto luzea utzita Euskal Herrian. Hiru arlotan, nagusiki: abokatutzan, politikan eta irakaskuntzan.
Zuzenbide ikasketak bukatu eta berehala hasi zen abokatu, eta Burgosko Prozesuan auzipetutako euskal herritarren abokatuetako bat izan zen 1970ko hamarkadan, Pedro Ibarrarekin batera; 26 urte bertzerik ez zeuzkan. Ordutik mende erdi igaro bada ere, Ibarrak akorduan ditu orduan eginak: «Oroituko ez naiz, ba!». Ibarrak eta Letamendiak 1969an abokatuen bulego bat ireki zuten Bilbon, eta langileen eta presoen eskubideak babesten zituzten, nagusiki. «Ortzik sekulako lana egiten zuen, benetan sinisten zuelako eskubide horiek urratzen ari zirela, eta defendatu egin behar genituela. Langileekin hitz egitera joaten zen, behar zenarekin elkartzen zen, eta konpromiso handia erakutsi zuen», kontatu dio Ibarrak BERRIAri.
«Beti izan da oso emozionala eta arrazionala aldi berean. Politikak eskatu dio arrazionala eta intelektuala izateko, eta egin du hori, baina gorputzetik eta emoziotik lantzen zuen dena»
IZARO GOROSTIDI Irakaslea EHUn
Hortik urte gutxira, dei bat egin zuten bulegora: «Ezker abertzaleko jendea zen, eta galdetu ziguten ea prest geundekeen Burgosko Prozesuan presoekin aritzeko. Ezin genuen sinistu. Baietz esan genuen, noski». Hogei bat abokatu bildu ziren denera, eta «historikoa» izan zen. Pako zen denetan gazteena, eta Ibarra bigarrena. «Asko ikasi genuen, eta guk ere asko eman genion auziari. Pakok, esaterako, gorputza eta arima utzi zituen han».
Bilboko bulego hartan geroz eta abokatu gehiago hasi ziren lanean, eta banatu egin zituzten lanak: Ibarrak eta Letamendiak presoen gaiak lantzen zituzten, eta elkarrekin joaten ziren espetxeetara. «1976-77 inguru hartan bulegotik aldentzen hasi zen Pako, eta beste mundu batera hurbiltzen hasi zen: politikara».

Zehazkiago, Francisco Franco diktadorea hil ondotik hasi zen politikan, trantsizio hasiera betean. Hain justu, 1977an, Euskadiko Ezkerraren zerrendetan aurkeztu zen, eta diputatu aukeratu zuten Espainiako Kongresurako. Ordu hartan Espainiako Konstituzioa osatzeko prozesuan ziren, eta Letamendiak unea probestu zuen autodeterminazioa konstituzioan sartzea proposatzeko. «Uste duenak zapalkuntzaren amaiera beharrezkoa dela, izan zapalkuntza soziala edo izan nazionala, sakonki sinisten du bakean, nik bezala, hura eragozten duten kausen desagerpenean sinisten duelako». Espainiaren zatiezintasuna aldarrikatzen duen artikuluan aldaketa bat egitea zen Letamendiaren proposamena, baina ez zuen lortu aitzinera egiterik.
Eta autodeterminaziorako eskubiderik gabe ez zionez balio, ezezkoa eman zion konstituzioari. Are, utzi egin zuen kargua, eta EIA Euskal Iraultzarako Alderditik atera zen. Alta, 1979tik 1982rako legealdian Herri Batasunetik hautatu zuten diputatu.
Gorputza jarri
«Politikan gutxi askok egiten duen gauza bat egin zuen Pakok», bota du Gorostidik: «Gorputza jarri». Ikuspegi subiranista eta ezkertiarra defendatu zuen Letamendiak Madrilen, autodeterminazio eskubidea, eta «mezu itsusi, mehatxu eta kritika pila bat» jaso zituen bueltan. «Eta nola egin zion horri guztiari aurre? Ba, gorputza jarrita erdigunean. Beti izan da oso emozionala eta arrazionala aldi berean. Politikak eskatu dio arrazionala eta intelektuala izateko, eta egin du hori, baina gorputzetik eta emoziotik lantzen zuen dena».
Egoerak hala behartuta, Euskal Herritik ihes egin behar izan zuen Letamendiak, eta Parisen erbesteratu zen bizpahiru urtez. Etxera itzuli zenean, abokatutzan jarraitu zuen, baina EHU Euskal Herriko Unibertsitatera joan zen berehala, Parisen ere aritu baitzen ikasle. Bertzeak bertze, Euskal Herriko Historia irakasten zuen han.
Alde emozionalak, noski, ez zion politikan soilik eragin; irakaskuntzan eta abokatutzan «asko» atera zuen gorputza kanpora, Gorostidiren irudiko. «Burgosko epaiketarekin beti kontatzen zuen harrituta itzuli zela etxera, ezin zuela sinistu nola jarri ziren hain pozik zigorrak ezarri ondotik. Esaten zuen: ‘Honek behintzat balioko du nazioarteak ikusteko zer den frankismoa’».
«Ortzik sekulako lana egiten zuen bulegoan, benetan sinisten baitzuen eskubide horiek urratzen ari zirela, eta defendatu egin behar genituela»
PEDRO IBARRA Abokatu eta irakasle ohia
Eta gorputza ez ezik, irakaskuntza ere jarri zuen erdigunean, bai bere azkeneko urteetan, bederen. «Irakaskuntza pila bat gustatzen zitzaion, eta atxikimendu handia zuen bere lanarekin. Erreferente bat izan da guretzat: ikasturte hasiera guzti-guztietan emozionatu egiten zen, urduri jarri, bazekielako nola egin lana pasioz, eta benetan asetzen zuelako barrutik. Ikaragarria da hori ikustea», kontatu du Gorostidik.
EHUn Politika Zientzietako irakasle zen Letamendia, eta oinarri beretik hasten zen beti ikasgaia ematen: konpromiso politikoak, irakaskuntzak eta ikerketak elkarrekin joan behar dute. «Ideiak argi edukitzen zituen beti, eta ideia horietako bat zen politikak, praktikak eta eguneroko bizitzak beti eduki behar zutela lotura bat lan teoriko batekin. Alegia, ezin zela teoriarik ulertu praktikarik gabe, eta alderantziz».
Baina dena ez da poza: nola Gorostidik hala Ibarrak esplikatu dute Letamendiak «oso-oso gaizki» pasatu zuela Politika Zientzietako katedra eskuratzeko polemikarekin, 2000. eta 2002. urteen bueltan. Kontua da Edurne Uriarte irakasleak eta biek egin zutela katedra lortzeko eskaera, eta lehen kolpean Uriarteri eman ziotela postua. Uriarte Ermuko Foroko eta Basta Ya plataformako kidea zen, eta, beraz, bi hautagaiak politikoki bi muturretan zeuden. Helegitea jarrita, EHUko Kexa Batzordeak katedra kendu zion Uriarteri, eta hutsik utzi postua. Erabaki horrek ika-mika handia sortu zuen hedabideetan, eta azkenean Bilboko Administrazio Auzietarako 4. Epaitegiak Uriarteri eman zion katedra. «Postua lortzeko aukera ukatu zioten arrazoi politikoengatik, auzia bera politizatu egin zelako. Bidegabekeria bat izan zen, eta erabat atera zen Pakok defendatzen zuen arrazionaltasunetik. Oso mingarria izan zen beretzat, ez zuelako ulertzen zergatik bihurtu zen biren arteko borroka bat, eta zergatik politizatu zen hainbeste dena», erran du Gorostidik. Katedra sekula lortu ez zuenez, irakasle emerituaren aitortza eman zion EHUk urte batzuk beranduago.