argia sariak

Maite Asensio Lozano BERRIAko kazetariak jaso du prentsako Argia Saria

'Tribuaren berbak' ETBko saioa, Eider Olazar Elduaien Infozazpiko esataria, 'Topatu.info' webgunea eta Errigora ekimena izan dira beste sarituak. Gari Goikoetxea BERRIAko kazetariak zuzeneko kontakizuna egin du.

Saritu guztiak. ANDER GARTZIA
2014ko urtarrilaren 31
18:45
Entzun

Gaur arratsaldean eman dituzte Usurbilen 2013ko Argia Sariak. Euskarazko komunikazioan aritzen direnak saritzen ditu Argia aldizkariak urtero, eta aurten 25 urte bete dira lehen aldiz eman zituenetik. Atxega jatetxea bete egin da sari emate ekitaldian; han ziren komunikazio arloko profesionalez gain, euskalgintzako eta politikako ordezkariak.

Estitxu Eizagirre Argia-ko zuzendariak hartu du hitza lehenik, eta garai honetan informazioaren beharra azpimarratu du. "Garai interesgarriak dira hauek kazetarientzat", adierazi du. Eizagirrek kalitatezko kazetaritza goraipatu du: "Egin dezagun kazetaritza independentea, kazetaritza eraginkorra".

Iazko gertakari nagusien laburpena egin du zuzendariak, eta abiapuntu Donostian izan zen herri harresia izan du. Joxan Lizarribar eta Ramon Labaien ere gogoratu ditu. Sarien urteurrena aitzakia hartuta, azken 25 urteetako irudiekin egindako bideoa aurkeztu dute ondoren. Hauek dira aurtengo bost sarituak:

Prentsako Argia Saria: Maite Asensio Lozano (BERRIA). Genero berdintasunaren esparruan egindako ekarpenagatik eman diote saria. "Konpromisoz aritzen da, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunari garrantzia handia ematen dio", esan du Onintza Iruretak saria eman aurretik. Eskerrak eman ditu Asensio Lozanok: "Oso inportantea da saria, ez bakarrik niretzat, baita genero ikuspegia txertatua duen kazetaritzarentzat, eta ikuspegi feministarentzat". BERRIAri ere eskerrak eman dizkio, bereziki Gizartea sailari, eta azpimarratu du emakumeen eskubideen aldeko apustua kalitatezko kazetaritzaren alde eginez egin duela euskarazko kazetak. Genero indarkeria jasan eta hori kontatzeko pausoa eman dutenak ere hartu ditu gogoan.

Telebistakoa: Tribuaren berbak (ETB). Kike Amonarrizek jaso du saria, baina berarekin batera igotzeko eskatu die saioa egin duten guztiei. "Hunkituta gaude", esan du Amonarrizek, eta urduri zegoela ere aitortu du. Nabarmendu du Amonarrizek euskarari buruzko erreportajeak era dibertigarrian egitea zela erronka, eta pozgarria izan dela eurentzat emaitza ona izan dela ikustea.

Irratikoa: Eider Olazar Elduaien (Infozazpi). Kalegorrian saioan egiten duen lanagatik eman diote saria, eta Jon Mikel Fernandez lankidea eta saioa abiatu zutenak izan ditu gogoan lehenik eskerrak ematerakoan. Mikel Garciak banatu du Irratiko Argia Saria. "Zorroztasunez eta ongi komunikatuz" lan egiteagatik eman diote saria Infozazpiko kazetariari. 

Internetekoa: Topatu.info Gazte Proiektu Komunikatiboak jaso du. "Informazioa dinamismo handiz ematen duelako", esan du Urko Apaolazak saria ematerakoan. "Hutsune batetik sortu zen Topatu.info, behar genuelako", esan dute saria jasotzerakoan webguneko ordezkariek. "Bidea ez da erraza izan", esan dute eta eskerrak eman dizkiote lagundu dituztenei, eta Argia-ri sariak antolatzeagatik. Baina zailtasunen aurrean irudimena aldarrikatu dute.

Publizitatekoa: Errigora ekimena. Nafarroa hegoaldeko ikastolak laguntzeko Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpainak jaso du publizitateko Argia Saria. "Eskerrak eman nahi dizkiogu inolako bermerik gabe abiatu ginenean atea zabaldu zigutenoi eta modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei", esan dute saria jasotzerakoan.

Hauek dira aurreko urteetako saridunak. 

2012:

Internet: EiTB Nahieran
Prentsa idatzia: Karlos Zurutuza
Irratia: Gure Bazterrak, Gure Irratiko saioa
Telebista: Kanaldude Herri Telebista
Publizitatea: Klikmetroak.com

2011:

Internet: Ahotsak.com.
Prentsa idatzia: Gaztezulo.
Publizitatea: Donostiako Udalaren Nik ere euskaraz kanpaina.
Telebista: ETB 3ren Orain saioa.
Irratia: Gaztearen Ekaitz perfektua saioa.

2010:

Prentsa idatzia: Itxaro Borda.
Irratia: Agin Rezola.
Telebista: Eriz Zapiain.
Publizitatea: AEK.
Internet: grebaorokorra.info.
Merezimenduzkoa: Txirri, Mirri eta Txiribiton.

2009:

Interneteko Argia Saria: Librezale.
Prentsa idatzia: Patxi Huarte Zaldieroa.
Publizitatea: Margotu Egunak, atez-ateko zabor bilketa sustatzeko Usurbilgo Udalak egin duen kanpaina.
Telebista: Erlo Telebistako Gure saltsan saioa.
Irratia: Joseba Barandiaran.
Merezimenduzkoa: Mikel Atxaga.

2008:

Interneteko Sareko Argia Saria: Euskarazko Wikipedia
Prentsa idatzia: Imanol Murua Uria
Publizitatea: Euskarazko komunikabideak? Behar duzuna eta askoz gehiago Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren kanpainak.
Telebista: Mihiluze (ETB1)
Irratia: Arratsaldekoa (Euskadi Irratia)
Merezimenduzkoa: Emilio Lopez Adan “Beltza"

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.