Maixabel Lasari emango diote aurten Gipuzkoako Urrezko Domina

«Biktimen aitortzan» eta «elkarbizitzaren berreraikuntzan» egindako «ekarpen etiko sakon eta eskuzabalagatik» jasoko du saria, abenduaren 16an.

Maixabel Lasa. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAK UTZITAKOA
Maixabel Lasa. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAK UTZITAKOA
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko urriaren 23a
12:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aurtengo Gipuzkoako Urrezko Domina Maixabel Lasak (Legorreta, 1951) jasoko duela jakinarazi du gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Erakunde horrek Lasaren lana nabarmendu du; izan ere, esan dute «ekarpen etiko sakona eta eskuzabala» egin duela, «bortizkeriaren biktima» izandako «guztien duintasunaren aitortzan» eta «elkarbizitzaren berreraikuntzan». Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak azpimarratu du Lasak «ausardia» eta «gizatasun izugarria» izan dituela, bizipen pertsonal «oso mingarrietatik» abiatuz «bide berriak» zabaldu dituelako «elkarri entzuteko, biolentziak eragindako kaltea errekonozitzeko eta kalte hori erreparatzeko». ETAk tiroz hil zuen Lasaren senarra, Juan Mari Jauregi, 2000. urtean, Tolosan. Gipuzkoako gobernadore zibila eta PSEko kidea izan zen Jauregi. 

Lasaren ibilbidea «zabala» eta «eredugarria» izan dela ere nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. 2001etik 2012ra bitartean Eusko Jaurlaritzaren biktimen arretarako bulegoko zuzendaria izan zen. Horrez gain, beste hainbat ekinbidetan parte hartu du; besteak beste, memoriaren eta elkarbizitzaren alde abiarazitako «ekinbide anitzetan» eta giza eskubideen defentsan parte hartu duela azpimarratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Bere ahotsaren eta bizitza ibilbidearen bitartez, urte hauetan guztietan erreferentzia etiko eta zibiko oso indartsua eskaini dio gipuzkoar eta euskal gizarteari, bakea eta elkarbizitza eraikitzea lehen mailako erronka zen garai batean», adierazi du erakundeak.

Mendozak nabarmendu du Lasak ekarpen «oso sakona» egin duela «Gipuzkoan eta Euskadin elkarbizitza baketsua» finkatzeko. «Giza eskubideetan eta balio demokratikoetan oinarritutako memoria baterako oinarriak eskaini dizkigu, eta indarkeria ezberdinek eragindako biktimen arteko zubiak eraikitzeko gaitasuna izan du», adierazi du Mendozak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA