Haurraren osasunarengatik eta presoak zigorra “bete” duelako, Sara Majarenas aske uzteko eskatu du Espainiako eta Frantziako espetxeetan ama izandako preso ohien talde batek. Bere aitaren erasoa jasan zuen euskal presoaren alabak urtarrilaren 15ean, baimen batekin kalean zela, eta ordutik jarraitzen du Valentziako La Fe ospitalean (Herrialde Katalanak).
Haurraren egoerak hobera egin badu ere, arta intentsiboetako gunean dago oraindik. Eskatu dute ospitaletik ateratzean ama aske uzteko eta alabarekin batera etxera itzultzeko. Majarenas Picassenten dago preso, etxetik, Donostiatik 600 kilometrora.
Agerraldian gogoratu dutenez, duela bi urte bete zituen Majarenasek Espainiako Justiziak ezarritako zigorraren hiru laurdenak; horregatik, “aske” egon beharko lukeela diote. Orduan, bost hilabete zituen alabak.
Martxoan, 3 urte egingo ditu haurrak eta, legeak hala zehazten duenez, ezingo da denbora gehiago egon bere amarekin kartzelan. Bere osatze fisikoa eta psikologikoa ahalik eta hoberena izan dadin, amarekin egon behar duela azpimarratu dute.
Euren esperientzietan oinarrituta, preso ohiek nabarmendu dute amarengandik banatzeko unea izan ohi dela unerik “delikatuena eta konplexuena”; banaketak “eragin sakonak” izaten dituela haurrengan eta amengan.
Azaldu dute amen eta haurren arteko lotura “berezia” bada Majarenasen kasuan are funtsezkoagoa dela elkarrekin egotea, haurraren osatze fisiko zein psikologikorako “ezinbestekoa” delako ama ondoan izatea. “Ingresatu zutenean, medikuek berek eskatu zioten kartzelari Sara [Majarenas] umearengana ahalik eta gehien eraman zezaten, oso ondo erantzuten ari baitzen amaren estimuluen aurrean”, azaldu dute.
Preso ohien taldeak babes osoa agertu diote Majarenasi eta haren familiari. “Zurekin gaude eta egongo gara aurrerantzean egin beharreko bidean”.
Haurrak jasandako erasoa “patriarkatuaren isla eta ondorio zuzena” dela azpimarratu dute, eta, horrekin loturik, aurreko astean Burlatan hildako Blanca Esther Marquesen hilketa ere salatu dute.
Kartzelan ama izatea
Agerraldian hainbat datu eman dituzte: euskal presoen kasuan, denera, 40 ume jaio eta bizi izan direla Espainiako eta Frantziako espetxeetan; horietatik hogeik dituztela amak kartzelan; une honetan, lau haur daudela kartzelan, Picassenten denak; eta aurreko astean jaio zela azkena, han.
Espainiako Estatuko espetxeetan 3 urte bete arte egon daitezke, bi kartzelatan: Aranjuezen (Madril) eta Picassenten. Frantziako Estatuak 18 hilabeteko epea jartzen du.
Amentzako modulu bereziak dituzten kartzeletan egoten dira amak eta umeak, baina, preso ohiek azaldu dutenez, hango bizi baldintzak modulu arrunten oso antzekoak dira: “Errutinak, espazioak, funtzionarioak... berberak dira. Horrenbestez, haurraren premiak kontuan hartuz gero, gabezia asko dituzte”. Elikadurarako, osasunerako eta hezkuntzarako arazoak azpimarratu dituzte: besteak beste, pediatria zerbitzurik eza eta euskaraz hazteko zailtasunak.
Gogoratu dutenez, haurrak ez daude preso, eta, beraz, edozein unetan kartzelatik irten eta sartzeko eskubidea izan beharko lukete, baina hori egin behar dute senideren batekin edota laguntza hori eskaintzen duen elkarteren batekin. Egun amen moduluak dituzten espetxeak, gutxienez, Euskal Herritik 400 kilometrotara daudela gogoratu dute.
Era berean, ama diren preso arrunt batzuek aukera izan dute Espainiako Espetxe Zaintzaren etxe batzuetan egoteko, baina euskal presoei ukatu egiten diete aukera hori, haien lege egoera bereziagatik.