Manifestazioa antolatu dute etziko Baionan, konponbidearen alde

Prokuradoreak atxiloaldia luzatzeko eskatu du, baina Feldmann, bederen, aske utzi dute.Errepresioa gelditzeko eskatu diote Parisi

Aitzina, EH Bai eta Lurra eta Etxebizitzak agerraldia egin zuten atzo. S. SENCRISTO.
maddi ane txoperena iribarren
Baiona
2015eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Haitz Agirrebarrena, Teo Salamon, Alex Feldmann eta Jean François Magis gazteen atxiloaldia beste 24 orduz luzatzeko eskatu du prokuradoreak. Baina kazeta honek edizio hau ixterako jakin ahal izan duenez, epaileak Feldmann aske uztea deliberatu du. Haiei babesa helarazteko mobilizazio ugari egin dituzte berriro herri eta hiri ugaritan, eta EH Bai koalizioak, Aitzina gazte antolakundeak eta Lurra eta Etxebizitza kolektiboak Frantziako Gobernuaren jokabidea salatu dute. Oroitarazi dute Euskal Herriko gizartea konponbidearen alde den bitartean, Parisek errepresioarekin erantzuten duela. Etziko Baionan manifestatzera deitu dute, Euskal gazteria aitzina! Konponbidea orain! lelopean. San Andres plazatik abiatuko da protesta, 16:00etan.

Manifestazioaren deitzaileek, halaber, sostengua erakutsi nahi izan diete atxilotuen senideei, eta jendarmeek haiekiko izandako tratua gaitzetsi dute. Azaldu dutenez, «jarrera mespretxagarria» izan dute, eta ez diete gazteei buruzko informaziorik eman: «Paueko Jendarmeriako ateak aurpegira hetsi dizkiete».

«Beste urrats bat»

Atxiloketok aitzinetik etorritako errepresio neurrien segida gisa kokatu dituzte. Batetik, Aitzinako lau kideren aurka urritik egindako atxiloketek zein Lurra eta Etxebizitzaren kontrako neurriek gazte mugimendua «kriminalizatu» eta «gizartetik baztertzeko» helburua dutela adierazi du Aitzinak: «Gehiegikeriaz jokatzen dute». Bertzetik, EH Baik oroitu du azken asteotan bertze errepresio adibide ugari gertatu direla. Bertzeren artean, ezker abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa abokatuen atxiloketengatik ezin izan zela hasi gogoratu dute, eta Intza Oxandabaratzi sei urteko zigorra eskatu diola. «Zerrenda horren barnean kokatzen dugu polizia operazio hau: beste urrats errepresibo bat gehiago da». Bertzalde, atxilotuen aldeko margoketak egitea egotzita bertze gazte bat atzeman zuten atzo, eta iluntzean aske utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.