Mañuetako Udalak hiru hileko epea izango du idazkun frankista erretiratzeko

Francisco Javier Garcia alkateak (PP) uko egin zion «'Caídos por Dios y por España'» dioen idazkuna erretiratzeari. Espainiako Gobernuak memoria demokratikoaren aurkako sinboloen erregistroan sartu du gaur idazkuna, eta udalak hiru hilabete ditu kentzeko.

Idazkun frankista duen leihoburua, Mañuetako kontsultategian. TXOMIN RUIZ
Idazkun frankista duen leihoburua, Mañuetako kontsultategian. TXOMIN RUIZ
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko uztailaren 27a
13:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Caídos por Dios y por España», hots, «Jainkoaren eta Espainiaren alde eroriak». Horixe irakurri behar dute Mañuetako (Araba) biztanleek medikuarenera joan eta begirada altxatzen duten bakoitzean, herriko kontsultategiko leiho bateko buruan idazkun frankista hori ageri baita. Espainiako Gobernuak, 2022an onartu zen Memoria Demokratikoaren Legeari jarraituz, hainbatetan eskatu dio Mañuetako Udalari idazkun hori kentzeko, baina Francisco Javier Garcia alkateak (PP) entzungor egin die eskaerei, argudiatuta idazkunak «ez duela inor ere gogaitzen».

Gaurtik hasita, ordea, Mañuetako Udalak hiru hilabeteko epea izango du idazkun hori eraikin publiko horretatik kentzeko. Izan ere, Marisol Garmendiak, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak, jakinarazi duenez, memoria demokratikoaren aurkako sinbolo eta elementuen katalogoan sartu dute idazkuna, «altxamendu militarra eta diktadura frankista goraipatzen» dituelako. Garmendiaren hitzetan, erabakia «prozesu luze baten» ondorioa da. Hiru hilabeteko epea du orain Mañuetako Udalak idazkuna handik erretiratzeko.

Udalak aurkezturiko helegite guztiak baztertu ditu Espainiako Gobernuak. Udalaren ustez, leihoburua kentzeak egiturazko kaltea eragingo lioke eraikin historikoari. Espainiako Gobernuaren ustez, berriz, erretiratu beharreko elementua idazkuna bera da, ez leihoburua, eta posible da idatzirikoa ezabatu edo ezkutatzea leihoburua bera kendu gabe. Garmendiaren ustez, idazkuna kentzea «justizia historikoa da, frankismoaren errepresioa jasan zutenekiko aitorpena». Ikusteko dago ea udalak erabakia beteko ote duen. 

Elkarte memorialistak, pozik

Memoria historikoaren arloan lan egiten duten elkarteak pozik agertu dira Espainiako Gobernuak harturiko neurriarekin. Arabako Errioxan duela gutxi sorturiko La Pilastra elkarteak, esaterako, neurria «oso positiboa» dela erran du, eta Mañuetako Udalak idazkuna ezarritako epean erretiratuko duelako esperantza agertu du.

Elkarte horren ustez, balio demokratikoekin «bateraezinak diren sinbolo eta elementuak desagertaraztea» memoria historikoaren helburu garrantzitsua, eta gaurkoa «pauso esanguratsua» da norabide horretan. Joan den urtean Oiongo Gorrebusto (Araba) auzoan erretiratu zen plaka frankistaren kasua oroitarazi dute, eta, hura kendu zen bezala, Mañuetako idazkun frankista ere laster ezabatzea espero dutela adierazi du elkarteak. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA