Marcos Bizkaia hil da, Madrilen EAJren eledun izandakoa

Gernikako Estatutua negoziatzeaz arduratu zenetako bat izan zen. 78 urte zituela zendu da.

Aitor Esteban eta Marcos Bizkaia, elkarrekin. EAJ
Aitor Esteban eta Marcos Bizkaia, elkarrekin. EAJ
aitor biain
2025eko azaroaren 17a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Marcos Bizkaia (Gorliz, Bizkaia, 1947) politikari ohia eta EAJko kide historikoa zendu da, 78 urte zituela. Jeltzaleen bozeramailea izan zen Espainiako Kongresuan, frankismo osteko lehen legealdian, eta Gernikako Estatutua negoziatzeaz arduratu zenetako bat izan zen. EAJko presidente Aitor Estebanek berak eman du haren heriotzaren berri, sare sozialen bidez.

Bizkaiak zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta Zuzenbide Zibileko irakasle izan zen gerora unibertsitate horretan bertan. EAJko militantea izan zen gazte garaitik, eta 30 urte zituela Espainiako Kongresuko diputatu hautatu zuten diktadura osteko Espainiako aurreneko bozetan, 1977an. Birritan berretsi zuen eserlekua Bizkaiak, 1979an lehenik eta 1982an ondoren, harik eta 1986ko bozetan ez aurkeztea erabaki zuen arte.

Tarte horretan, jeltzaleen ikur nagusietako bat izan zen Madrilen, baita talde parlamentarioaren eleduna ere. 1978an, Espainiako Konstituzioaren aurreproiektuari zuzenketak aurkezteko EAJren taldeko kide izan zen, Juan Ajuriaguerra, Carlos Garaikoetxea, Juan Jose Pujana eta Pedro Soduperekin batera. Espainiako Konstituzioan foru lurraldeen eskubide historikoak jasotzen dituen puntua onartzea lortu zuten.

Gerora, hain zuzen ere, 1979ko Autonomia Estatutua negoziatu zuenetako bat izan zen, zeina gaur egun oraindik erabat osatu gabe dagoen. Transferentzien Batzorde Mistoko kide gisa, bera arduratu zen Adolfo Suarezen gobernuarekin lehen eskumenen transferentziak adosteaz.

1986an, EAJn barne krisia piztu zenean, lehen lerroko politikagintza uztea erabaki zuen, ordea. EBBren ildoarekin kritikoa zen Bizkaia. Orduz gero, bere ibilbide profesionala enpresa munduan egin zuen; besteak beste, Esperanza y Cia arma lantegiko zuzendaritzako kide izan zen.

Aitor Esteban EAJren presidenteak Bizkaiak EAJren eta «aberriaren» alde egindako lana goraipatu ditu sare sozialetan idatzitako mezu batean, haren heriotzaren berri ematean. «Haren lana oso garrantzitsua izan zen gure herriarentzako sasoi erabakigarri batean. Estimu handitan izan dut beti. Eskerrik asko Aberriaren eta EAJ-ren alde egindako lanagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.