Bederatzi hilabete luze izan ziren, bikotekide ohiak Maria Puy Perez Ezpeleta hil eta lurperatu, eta emakumearen gorpua aurkitu zuten arte. Gizonak, Jose Maria Morentin Duartek, bederatzi hilabetez ukatu zuen Perez berak hil zuela, azkenean hilketa aitortu zuen arte, bederatzi hilabete geroago. 2008ko urriaren 11n hil zuen Perez; foruzainek 2009ko ekainaren 22an aurkitu zituzten emakumearen gorpuzkiak, Sesmako labore lur batzuetan hobiratuta.
Ikusi gehiago
Harreman bortitza izan zuten Perezek eta Morentinek. Adin bertsukoak ziren; 50 urte zituen emakumeak, 49 gizonak; eta nafarrak ziren biak, Lizarrakoa Perez eta Iruñekoa Morentin. Perezek beste gizon batekin izan zituen seme-alabak, baina bereizi, eta Morentinekin harreman bat hasi zuen geroago. Aiegira bizitzera joan zen, gizonaren etxera. Baina gizonak tratu txarrak ematen zizkion, eta behin ezpata batekin mehatxu ere egin zion. Andreak utzi egin zuen gizona, eta salatu ere bai. 2007ko urrian urruntze agindu bat ezarri zioten Morentini. Urtebete geroago hil zuen emakumea.
Harremanari eutsi zioten, hala ere. 2008ko urriaren 11ko gauean zita bat egin zuten. Gizonak autoan hartu zuen emakumea, eta Sesma eta Lodosa lotzen dituen errepidean zihoazela, bidetik atera, eta Traslasviñas esaten dioten labore eremu batean utzi zuen autoa Morentinek. Ibilgailutik atera zen Perez. Eta gizonak, bizkarretik, labana sartu zion lepoan eta bularrean. Bertan hil zen emakumea.
Morentin etxera joan zen, aizkora bat eta pala bat hartzeko. Perez hil zuen lekura itzuli, emakumearen gorpua aizkorarekin zatikatu, eta hobi sakonak egin zituen, gorpuzkiak lurperatzeko.
Perezen senideek urriaren 12an salatu zuten desagerpena. Semearen futbol partidara joatekoa zen emakumea, baina ez zen azaldu. Foruzainek ikerketa hasi zuten, eta jakin zuten Morentin bezperan Perezekin egona zela. Etxea miatu zioten, eta arauz kanpoko armak ere atzeman zizkioten.
Hilketa ukatzen zuen gizonak, baina poliziek atxiki egin zuten, urruntze agindua urratzea leporatuta. Hurrengo urteko urtarrilean askatu zuten, fiskalak ez zuelako ikusten atxilo edukitzeko arrazoirik. Denbora horretan guztian bere bertsioari eutsi zion gizonak: Perezek bere kasa alde egin zuela, berak ez zuela zerikusirik.
Urtarrilean aske utzi eta lau egunera berriro atxilotu zuten poliziek, legez kontra berea ez zen etxe batean sartzea leporatuta. Poliziarengandik ihesi zebilela gertatu zen. Handik hilabete batzuetara, maiatzaren 2an, berriro atxilotu zuten Morentin, polizia agenteen aurkako desobedientzia leporatuta. Eta ekainaren 20an berriro atzeman zuten, Lodosako denda batean iskanbila bat antolatzea egotzita; gizonak senideak zituen dendakoak.
Azkeneko atxiloketa horretan aitortu zuen, azkenean, emakumea berak hil zuela. Xehetasun guztiak aitortu zizkion foruzain bati, nola hil zuen, non lurperatu zuen, eta hilketarako erabilitako tresnak non bota zituen. Ekainaren 22ko goizean, poliziek Perezen gorpuzkiak aurkitu zituzten, azkenean, bederatzi hilabete geroago.
Epaiketa 2011ko irailerako jarri zioten gizonari, baina ez zen egin. Aste batzuk lehenago, fiskalarekin eta hildakoarekin familiarekin akordio batera iritsi zen Morentinen abokatua. Hamabost urte eta bederatzi urteko kartzela zigor bat onartu zuen. Horrez gainera, Perez hil eta hilketa aitortu zuen artean egindako delitu guztiengatik eta 2007an jarri zioten urruntze agindua urratzeagatik beste bost urteko kartzela zigorrak ere pilatu zituen gizonak.