Nafarroako inbestidura

Maria Txibite Nafarroako lehendakari aukeratu dute

Ez da ustekaberik izan, eta Uxue Barkosen lekukoa hartu du PSNko idazkari nagusiak. Aurretik iragarri bezala, EH Bilduk bost abstentzio eta bi ezezko egin ditu, eta lehendakari izateko gehiengo sinplea lortu du Txibitek, bigarren bozketan: 23 baiezko, 22 ezezko eta bost abstentzio.

Maria Txibite PSNko presidentegaia, atzo, inbestidura saioko lehenengo bozketan. Atzean, Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramailea. VILLAR LOPEZ/EFE
2019ko abuztuaren 2a
09:44
Entzun

Hogeita lau urte eta gero, hirugarren presidente sozialista izango du Nafarroak. Gabriel Urralburu eta Javier Otanok gaizki amaitu zuten. Lehena ustelkeriagatik epaitua izan zen, eta bigarrenak kargua utzi behar izan zuen ziztu bizian, Suitzan bere izenean kontu bat zuela jakin zenean. Mende laurden eta gero, orban hori ezabatzea izango du helburu Maria Txibitek. Gaur, bigarren itzulian, Nafarroako lehendakari hautatu dute. Izendapenak badu beste datu adierazgarririk. Yolanda Barcina (UPN) eta Uxue Barkos (Geroa Bai) eta gero, hirugarren lehendakari emakumea izango da Txibite. Berez, hamarkada honetan kargua hartu duten presidente guztiak emakumeak izan dira Nafarroan.

Lehen bozketa atzo egin zuten, 19:15ean; eta Parlamentuko araudiak bigarren bozketa 24 ordu eta gero izatera behartzen duenez, ordu berean egin da bigarren itzulia, gaur. Espero bezala, lehendakari izendatzeko beharrezko zuen gehiengo sinplea lortu du Txibitek: PSNk, Geroa Baik, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak inbestiduraren alde egin dute, Navarra Sumak eta EH Bilduko bi parlamentarik kontra. Dena den, koalizio abertzalearen bost abstentzioek ahalbidetu dute Txibite lehendakari izendatzea.

Bozketaren emaitza jakinarazi denean, Txibitek Barkos agurtu du lehenik. Elkar besarkatu dute. Bitartean PSN, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrako legebiltzarkideak txaloka aritu dira. EH Bildu eta Navarra Sumakoak, ez. PSNkoen eta aurreko gobernuko kontseilarien besarkada jaso du lehendakari aukeratu berriak. Hunkituta ikusi zaio.

Agurren ostean, taldeek adierazpen laburrak egin dituzte Txibiteren izendapena baloratzeko. Koldo Martinez Geroa Baiko legebiltzarkidearen esanetan, PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu-ren arteko koalizio gobernua nafar guztientzako gobernua izango da. Martinezek eskuinaren jarrera "atzerakoia" salatu du, bestalde. "Zaila izango da baina aurrera aterako dugu", adierazi du.

Navarra Sumaren arabera, berriz, nafarrek ez zuten Txibite lehendakari aukeratu, eta PSNk "traizio" egin dio Nafarroari. Irabazletzat jo ditu EAJ eta Andoni Ortuzar alderdi jeltzaleko presidentea. Oposizio irmoa iragarri du Perez Nievas legebiltzarkideak.

Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak nabarmendu du koalizioak emandako hitza bete duela. PSNri eskatu dio "hitzetatik ekintzara" pasatzeko eta bazterketa albo batera urzteko. Oposizio irmoa egingo dute koalizioaren iritziz beharrezko denean. Hala ere, elkarrizketarako prest agertu da.

Ezkerrak eta Ahal duguk Txibite zoriondu dute. Hasi berri dena legealdi "interesgarria" izango dela iragarri dute. Marisa De Simon Ezkerraren legebiltzarkide bakarrak adierazi du oposiziotik zaindari arituko dela, akordio programatikoa bete dadin.

BERRIAk zuzenean kontatu du Txibiteren inbestidurarako saioaren bigarren bozketa.

Abizena, eta zerbait gehiago

PSNk zortzi kontseilari izango ditu, Geroa Baik lau eta Ahal Dugu-k bat

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.