Maritxu Kajoi gauean adin txikiko batek jasandako sexu erasoa gaitzetsi du Arrasateko Udalak

Joan den astean gertatu zen erasoa, ostiraletik larunbatera bitarteko gauean. Biktimak salaketa publikorik ez egitea erabaki zuen. Gaur, baina, erasoaren berri eman dute, eta erakunde publikoek indarkeria matxista arbuiatu dute.

Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Donostian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Indarkeria matxistaren aurkako elkarretaratze bat, Donostian, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
kristina martin
2026ko urriaren 9a
16:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrasateko Udalak aho batez onartu du adierazpen instituzionala, joan den asteburuan adingabe batek jasan zuen sexu erasoa salatzeko. Joan den ostiral gauean Maritxu Kajoi ospatzen ari ziren herrian, eta adin txikiko batek salatu zuen sexu erasoa egin ziotela. Biktimaren nahia aintzat hartuta, udalak ez zuen salaketa publikorik egin, baina informazioa zabaldu da, eta herritarrek erasoaren berri izan dute gaur.

Gauzak horrela, udalak «elkartasuna eta babesa» adierazi dio biktimari, baita publikoki ere, eta adierazi du indarkeria matxistari aurre egiteko dituen zerbitzuak eta tresnak biktimaren eskura jarrita dituela hasiera-hasieratik, halakoetan udalek egin ohi duten moduan. «Biktima adin txikiko emakume bat izanik, haren babesa bermatu eta haren nahia errespetatzeko deia egiten du Arrasateko Udalak», dio adierazpenak.

Izan ere, biktimak erabaki zuen salaketa jendaurrean ez jakinaraztea, eta udalak eta beste erakunde publikoek haren nahia errespetatu dutela jakinarazi dute. Arrasateko Udalak nabarmendu duenez, udalak barne protokoloa aktibatu zuen, eta «biktimaren nahia errespetatu du une oro». Alde horretatik, erabat gaitzetsi ditu bestelako erakundeetan egon diren filtrazioak. Izan ere, udalak ez du begi onez ikusi komunikabide batek gaur albistea argitaratu izana, eta uste du ez dituela errespetatu «biktimaren nahia eta beharrak». 

Adierazpenean, erakundeak gaineratu du ezen, erasotzaileak eta biktimak banako batzuk badira ere, emakumeen aurkako indarkeria «arazo sakonagoa» dela, eta «emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituen ideologia» dagoela horren oinarrian. Hori dela eta, udalak nabarmendu du indarkeria hori ez dela ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza, baizik eta generoen gaineko aurreiritziak direla, hain zuzen, «halako ondorio larri eta tamalgarrien sortzaile». 

Jarrera aktiboa izateko deia herritarrei

Azkenik, udalak «bortizkeria matxistaren aurkako jarrera eta konpromisoari» eusteko dei egin die herritarrei, baita «inoiz baino erneago jarraitzeko» ere, «biolentzia jasaten ari diren emakumeek erakundeon eta komunitate osoaren babesa jaso dezaten». Horri lotuta, datozen egunetan herriko mugimendu feministaren mobilizazioekin bat egiteko dei egin die, halakorik antolatuko balute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin du udalak emandako mezuekin, eta sexu erasoaren aurkako «gaitzespenik irmoena» plazaratu du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA