Marlaskak espero du konfinamendua arintzea apirilaren 12tik aurrera

Espainiako Kongresuak gaur arratsaldean onartuko du alarma egoera luzatzen duen dekretua.

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa. EFE
jon olano
2020ko martxoaren 25a
12:44
Entzun

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak atzo onartu zuen alarma egoera beste bi astez luzatzeko dekretua, eta gaur arratsaldean onartuko dute Kongresuan. Pedro Sanchezen gobernuak bermatuta dauka alarma egoera luzatzea, PSOE eta Unidas Podemos gobernuko alderdien babesa ez ezik, besteak beste PPrena eta Ciudadanosena ere ziurtatua duelako.

EH Bilduk, berriz, iragarri du abstenitu egingo dela. Mertxe Aizpurua indar subiranistako diputatuak Espainiako Gobernuari eskatu dio «funtsezkoak ez diren jarduera ekonomiko guztiak» eteteko, «ezinbesteko zerbitzuak aurrera eramateko beharrezkoak diren jarduera lagungarriak salbuetsita». Hala egiten ez badu, abstentziora joko du EH Bilduk.

EAJk, ordea, babestu egingo du alarma egoeraren luzapena, iritzita bakartze neurriek indarrean jarraitu behar dutela. Aitor Esteban diputatu jeltzalea elkarrizketatu dute SER irrati katean, eta, esan duenez, eutsi egin behar zaie osasun segurtasuna bermatu dezaketen «ekoizpen industrial, ekonomiko eta abarrei» ere: «Saiatu beharra dago». «Bestela, dena erabat ixten badugu, oso zaila izango da aurrera egitea. Gaur egun, merkatuetan lehiatzen jarraitzen da, eta baliteke zenbait enpresak ikustea beste batzuek ordezkatu dituztela eta, ondoren, lanpostu asko galtzea», erantsi du.

Sanchezek martxoaren 14an eman zuen alarma egoera arautzeko dekretua. Bi asterako zen, hala agintzen baitu Espainiako Konstituzioak, baina joan den igandean iragarri zuen hori beste bi astez luzatzeko asmoa; apirilaren 11ra arte, beraz. Horren harira, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak «energia, ardura eta indarra» izateko eskatu die herritarrei, datu «txarrak» iritsiko direlako datozen egunetan. Hala ere, astearen amaierarako bilakaera aldatzea espero du.

Grande-Marlaskak adierazi du espero dutela konfinamenduari lotutako «neurrietako batzuk» arindu ahal izatea apirilaren 12tik aurrera. Ordurako, alarma egoerak etenda beharko luke, eta, hortaz, soilik neurrietako batzuk arintzeko asmoa badu, pentsa liteke alarma egoera apirilaren 12tik harago luza litekeela.

Macronen zain

Ipar Euskal Herrian, oraingoz, martxoaren 31ra arte iraungo du mugimendu askatasunaren mugatzeak, baina litekeena da hori luzatzea. Atzo, Frantziako Kontseilu Zientifikoak adierazi zuen «ezinbestekoa» dela konfinamenduari eustea, eta proposatu zuen sei astera luzatzea. Iritzi hori eskuan, Emmanuel Macron presidenteari dagokio orain erabaki bat hartzea.

Epe luzeagoko jokaleku bat aztertzen ari da Kataluniako Generalitatea ere; baliteke konfinamendua ekainera arte luzatzea. Osasun Departamentuak landutako agiri bat eskuratu du Vilaweb atariak, eta, lan horren arabera, baliteke apirilaren bukaera aldera iristea gailurrera koronabirusak kutsatutako pertsonen kurba. Egunak zehazten ditu; oraingo bilakaera eta azkeneko datuak aintzat hartuta, apirilaren 24 eta 28 artean gerta liteke hori. Datuak publiko egin eta gero, haiengatik galdetu diote Quim Torra presidenteari, eta hark baieztatu egin ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.