Inaugurazio ekitaldirik ez zen izan, baina hamazortzi hilabetez Bilboko autobus geltokia izango den azpiegitura martxan jarri zuten atzo. Termibusen alboan dago —Perez Galdos kalearen bestaldean, Garellanoko etxe berrien ondoan—, baina hura baino txikiagoa da: 4.000 metro koadro dauzka —aurrekoaren ia erdiak—, eta hogei nasa —bederatzi gutxiago—. Dena den, antzeko zerbitzua emango du: Bizkaibusen hiru linea baino ez dituzte Kaputxinoen kalera atera. Behin-behineko geltokian egunero mila autobus inguru ibiltzea aurreikusten dute.
Funtzionatzeko moduan ere aldaketak ekarri ditu azpiegitura berriak, autobusek ez baitute beti nasa bera izango: ibilgailuak geltokira iristean, matrikula irakurriko diete, eta zein nasatan geratu adieraziko diete. Hain justu, horrek eragin zuen atzo nahaste gehien bidaiarien artean, pantailetan autobusen kokalekuak kontsulta zitezkeen arren.
Lehen egunetako eragozpenak gaindituta, baina, epe ertainera arazoak ekar ditzaketen kontu batzuk identifikatu zituzten bidaiariek zein gidariek. Erabiltzaileak kexu agertu ziren nasen erdiek estalperik ez dutelako, eta eserleku gutxi daudelako. Langileen kezka, berriz, geltokiaren tamainak eragin zuen: ez ote den txikiegia bidaiari eta autobus dentsitate handiko egunetarako. Iruzkin horien berri jaso zuen Ricardo Barkala Bilboko Udaleko Obra zinegotziak, atzo goizean egindako bisitan.
Termibusen, bitartean, geltoki berria atonduko dute. Martxoan, azpiegitura zaharra desegiten hasiko dira, eta maiatzean espero dute hondealanak martxan jartzea. Izan ere, udalaren asmoa da lurpean geltoki intermodal bat egitea, bertan elkar dadin Bilboko garraio publiko ia guztia: aldiriko trenak —besteak Abandoko geltokira iristen dira—, autobusak, metroa eta tranbia. Urte eta erdi iraungo dute obrek.
Martxan da Bilboko behin-behineko autobus geltokia
Urte eta erdi iraungo du, geltoki berria atondu bitartean. Termibus baino txikiagoa da: 4.000 metro koadro dauzka, eta hogei nasa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu