Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroko obrei ekitea onartu dute, baina baliteke 50. urteurrenerako garaiz ez amaitzea

Oraindik argitzeko dago nola aterako duten jaiotzen bilduma elizatik, eta Alonsok ez du argi martxorako aterako ote duten. Elkarte memorialistako ordezkariekin bildu da Gogora, eta hitzarmen berri bat sinatzeko prest azaldu da.

Patronatuaren bilera, gaur arratsaldean. GASTEIZKO UDALA
Patronatuaren bilera, gaur arratsaldean. GASTEIZKO UDALA
Iosu Alberdi.
2025eko abenduaren 15a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa fundazioaren patronatuak onartu egin du Gasteizko San Frantzisko eliza eraberritzeko lanei ekitea, baina Gogora institutuko zuzendari Alberto Alonsok iradoki du eliza ez dela erabilgarri egongo 1976ko sarraskiaren 50. urteurreneko ekitaldietarako. Horri garrantzia kendu dio Martxoak 3 elkarteak, eta oroimenezko zentroaren edukietan zentratzeko eskatu du. Hain justu, bi eragile horien artean tentsioa zela egin dute gaurko bilera, iaz sinatu zuten lankidetza hitzarmena gorabehera, baina itxuraz bideratu dute egoera, aurrez aurreko bilkura baten bidez.

Bilera amaitu bezain pronto, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak sare sozialetan eman du erabakiaren berri: «Martxoak 3 fundazioko patronatuak pauso garrantzitsu bat eman du. Gaur San Frantzisko elizako lehen obren exekuzioa onartu dugu». Aho batez onartu dute, eta alkateak aurrerapausotzat jo du «Gasteizentzat balio historiko eta emozional sakon bat izango duen toki baten» eraikuntzan.

Zehazki, elizaren kanpoaldean egingo diren lorezaintza lanei, itoginak eta estalkia konpontzeko beharrei eta analisi arkeologiko eta topografikoari lotutakoak dira. Azken hori elkarte memorialisten eskaeretako bat izan da aspaldian, eta xedeetako bat litzateke 1976an Poliziak jaurtitako balen aztarnak topatzea, oroimenezko zentroan ikusgai egon daitezen.

Esleipenak jaso dituzten enpresek ahal bezain pronto ekingo diete lanei, Alonsok azaldu duenez, eta 78.500 euroko kostua izango dute lanek. Bada, baina, ezinbestean konpondu beharreko eta oraindik bideratu gabeko beste auzi bat: Zaramaga auzoko elizan gordeta dauden jaiotzekin zer egin. Gaur, Alonsok adierazi du «hilabeteak» beharko direla bilduma hura eraikinetik ateratzeko. Izan ere, adierazi du 15.000 eurotik gorako kostua lukeela lan horrek eta, beraz, beharrezkoa dela lizitazio prozesu bat lan horietarako. «Ez dakigu jaiotzak martxoan kanpoan egongo diren edo ez», esan du, urteurrenari erreparatuz.

Martxoak 3 elkartekoen ustez, baina, arazo nagusia ez da 50. urteurreneko ekitaldiak elizan egingo diren edo ez. Nerea Martinez elkarteko kideak BERRIAri azaldu dio «ezinbestekoa» dela memoria guneak jorratuko dituen edukiak lehenbailehen zehaztea. Eta, horri dagokionez, erakundeei eskatu diete elkarte memorialistek ekainean aurkeztutako dokumentazioa aztertzeko.

Itxura guztien arabera, urtarriletik aurrera auzi hori batzorde tekniko batek landuko du. Hartan, patronatua osatzen duten erakundeetako —Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, Gasteizko Udala, Eliza, Martxoak 3 eta Memoria Gara— ordezkari banak hartuko luke parte. Prozesua erraztea du xede, agintari politikoen agendak bat etorri arte zain egon behar ez izateko. Besteak beste, Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Etxebarria izan dira gaurko bileran.

Parte hartze «eraginkorra»

Zentroak izan beharreko edukiei lotuta, azken egunetan elkarte memorialisten rola izan da eztabaidagai. Martxoak 3 elkarteak ohar bat kaleratu zuen aurreko astean, salatzeko iaz Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako lankidetza hitzarmenak ez zuela islarik gobernuaren 2026rako aurrekontuetan: 35.000 euroko diru sail bat adostu zuten 2024rako eta 2025erako, hura 2028ra arte luzatzeko aukerarekin. Elkarteak nabarmendu zuen patronatuan parte hartzeko baldintza zela hark bidea egitea, eta ohartarazi zuen auzia konpondu ezean bazitekeela oroimenezko zentroa zuzenduko duen fundaziotik ateratzea.

Gaur, baina, elkarte memorialistetako kideak Gogorako ordezkariekin batzartu dira patronatuaren bileraren ostean, eta, Martxoak 3 elkarteak ostegunean egingo duen batzarraren esperoan, badirudi auzia bideratu egin dutela. Elkarte memorialistatik azaldu dutenez, Gogora-koek adierazi diete ez dela aldaketarik izan biktimek izan beharreko rolaren inguruan duten iritzian, eta hitzarmen berri bat sinatzeko prest dira, behin Jaurlaritzaren aurrekontuak onartuta, erakundearen diru sail bat hitzarmen horretan adostutako lanetarako jartzeko.

Izan ere, Martinezek nabarmendu du ez dela nahikoa elkarte memorialistek patronatuan leku bat izatea —gutxiengoa dira—, eta beharrezkoa dela parte hartze «handiago» eta «eraginkorrago» bat izatea memoria zentroaren diseinuan eta sarraskiaren inguruko ikerketetan. Hain zuzen, hitzarmena oinarri hartuta, 1976ko sarraskiaren inguruko zenbait ikerketa eta dokumentazio lan egin dituzte: besteak beste, 187 elkarrizketa egin dizkiete lekuko eta biktimei, eta auziarekin lotutako 50 objektutik gora bildu dituzte, baina ez dituzte lanak amaitutzat jo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.