Martxoaren 3ko biktimak omenduko dituzte abuztuaren 6an, Gasteizko jaietan

Martxoak 3 elkarteak, Blusen eta Nesken Batzordeak eta Blusen Elkarteen Federazioak ekitaldi bat antolatu dute 1976ko abuztuaren 6an espetxetik atera berri ziren zenbait lagunen itzulera gogoratzeko. Herritarrei zapi beltza janzteko deia ere egin diete.

Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko kideak, Iñaki Kerejazu, eta Blusen eta Nesken ordezkariak, gaurko agerraldian. MARTXOAK 3
Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko kideak, Iñaki Kerejazu, eta Blusen eta Nesken ordezkariak, gaurko agerraldian. MARTXOAK 3
edurne begiristain
2026ko uztailaren 3a
12:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Martxoaren 3ko sarraskiaren 50. urtemuga presente egongo da aurten Gasteizko jaietan. Martxoak 3 elkarteak, Blusen eta Nesken Batzordeak eta Blusen Elkarteen Federazioak antolatuta, biktimei eta Poliziaren errepresioa pairatu zutenei omenaldia egingo diete abuztuaren 6an, katedral berriaren aurrean, 19:00etan. Gaur aurkeztu dituzte egun horretarako prestatutako ekitaldiaren xehetasunak; Martxoaren 3ko biktimen elkarteko kideekin batera, Iñaki Kerejazu Zeledon, eta Blusen eta Nesken Batzordeko eta Blusen Elkarteen Federazioko ordezkariak izan dira agerraldian.

Sinbolismo handia du omenaldi horretarako aukeratutako datak. Izan ere, 1976ko abuztuaren 6an iritsi ziren Gasteizera Martxoaren 3ko gertakarien ondorioz atxilotu eta Carabanchel (Espainia) espetxean preso izandako zenbait lagun. Herritarrek harrera egin zieten, baina Polizia gogor oldartu zitzaien. Ekitaldiaren bidez, antolatzaileek Martxoaren 3ko biktimak eta ondorengo errepresioa jasan zutenak gogoraraziko dituzte, eta memoria historikoa Gasteizko jaien erdigunean kokatuko dute.

Zapi beltza eskuragarri

Jaietarako zapi beltz berezi bat ere aterako dute. 1976ko jaietan, blusen kuadrillek jaietan ez parte hartzea erabaki zuten, Martxoaren 3ko sarraskiaren ondorioz dolua eta protesta adierazteko. Gainera, Jose Luis Isasik, orduko Zeledonek, uko egin zion plaza zeharkatzeari. Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteko Nerea Martinezek azaldu duenez, garai hartako oroimena gaur egunera ekarri nahi izan dute zapiarekin. «Festa haietan, blusak jantzirik atera ez baziren ere, batzuek diote dolu seinale gisa zapi eta xingola beltzak eraman zituztela. Irudi hori berreskuratu nahi dugu, eta gizarte osoa animatu nahi dugu jaietan zapi beltza janztera, bereziki abuztuaren 6ko ekitaldian», adierazi du.

Zapiak dagoeneko eskuragarri daude Gasteizko zenbait tabernatan —Parral, Sierra, Garraxi, Txapelarri eta Rey Luis—. Horrez gain, abuztuaren 1ean eta 3an ere eskuratu ahal izango dira, Blusen Elkarteen Federazioaren eta Blusen eta Nesken Batzordearen pankartak aurkezteko ekitaldietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA