Martxoaren 3ko ekitaldian eta manifestazioan parte hartzera deitu dute sindikatuek

ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak antolatu dute elkarretaratzea, 1976ko sarraskiaren 48. urteurrenean. Euskal Herriko eskubide sozialak aldarrikatuko dituzte, 'Atzo eta gaur borrokan' lelopean.

(ID_13644743) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2024-02-26, Gasteiz. Martxoak 3ko omenaldi eta manifestazioa aurkezteko prentsaurrekoa egin ...
Martxoak 3 elkarteak eta sindikatuek gaur goizean egindako agerraldia, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko otsailaren 26a
13:28
Entzun

Aurten ere, ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuek, Martxoak 3 elkartearekin elkarlanean, 1976ko martxoaren 3ko sarraskia oroitzeko ekitaldia eta manifestazioa antolatu dituzte. Egun hartatik 48 urte igaro diren honetan, sindikatuek eta elkarteak omenaldia egingo diete Poliziak Gasteizen eraildako bost langileei eta Basauriko (Bizkaia) eta Tarragonako (Herrialde Katalanak) elkartasun mobilizazioetan hildakoei. Igandean bilduko dira, Martxoak 3 plazan, oroitarriaren parean, 12:00etan. Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia, Bienvenido Pereda Moral eta —Basaurin eta Tarragonan eraildako— Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Anton Ferrero omenduko dituzte. 12:30ean handik abiatuko da manifestazioa Legutianoko atera, eta, Frantzia kalea, Bake kalea eta Independentzia kalea zeharkatu ostean, Foruen plazan amaituko da.  

1976ko borrokan parte hartu zuten milaka herritarren aldarrikapenak ekarri dituzte gogora sindikatuek. Izan ere, Atzo eta gaur borrokan, etorkizun justu baterantz lelopean aterako dira kalera aurten, 1976ko aldarrikapenak eta 2024koak antzekoak diren seinale. Sindikatuek adierazi dute bizitzak erdigunean kokatu zituela azaroaren 30eko greba feminista orokorrak, eta hala egin zutela 1976an kalera atera ziren milaka herritarrek ere: «Soldatetan eta lan baldintzetan hobekuntzak egitea eskatzen zuten, beren bizitza duin bihurtzeko. Bizitzak erdigunean kokatu zituzten, eta ez bakarrik enpleguaren esparruan. Zaintzaren eremuan ere aldarrikapen ugari egin zituzten, emakumeek borrokan parte hartzeko eta une haietan bizitza posible egiteko funtsezko konpromisoarekin». Hala izanik, zaintza erdigunean jarri nahi dute sindikatuek igandeko manifestazioan, baita 1976ko emakumeek borrokan izan zuten «funtsezko eginkizuna» gogoratu ere. «Zaintza lanak duintzeko eta banatzeko borrokan jarraitzeko deia egiten dugu, zaintza sistema publikoa, komunitarioa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta erantzunkidea lortzeko».

Garai hartako eta egungo borroka aldarrikatu dute sindikatuek, eta, 1976koa «iruzurrezko» trantsizio batek erreprimitu bazuen ere, mugimendu eta eragileak egungo borroka bizirik mantentzeko lanean ari direla adierazi dute: «Larritasun handiz behar dugu bidezko etorkizun batera eramango gaituen trantsizio ekosoziala. Horretan ari gara sindikatuok eta mugimendu sozialak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunean».

Hainbat dira egin dituzten aldarrikapenak; besteak beste, bizitzeko egokia den guztiontzako planeta bat, bizitzak erdigunean jartzen dituen sistema sozioekonomiko bat, diskriminaziorik gabeko gizarte bat, eta langileak eta gehiengo sozialak erdigunean jarriko dituen trantsizio demokratiko bat. Sindikatu eta mugimendu sozialak ez ezik, erakundeak ere «memoriarekin bat» egiten ari direla azaldu dute sindikatuek, eta azken asteetan Memoria Gunea eraikitzeko egin diren urratsak goraipatu dituzte: «Behingoz sarraski haren biktimen justizia, egia eta errekonozimendua lortzen lagundu behar du».

Gazte blokea, 11:30ean

Iaz bezala, Hala Bedi tabernatik aterako da gazte blokea, 11:30ean. «Sistema kapitalista suntsitu eta gazteen lan eta bizi baldintza duinen alde borrokatzeko berpiztu den elkargune» gisa deskribatu du bere burua gazte blokeak, eta Gazteok batuz, justizia borrokatu! lelopean egin dute Martxoaren 3ko manifestaziorako deialdia.

Gaur egun, orain dela 48 urte bezala, borroka sozialak pil-pilean daudela aldarrikatu dute, eta batasunaren ideian jarri dute arreta. Izan ere, haien ustez, batasuna da justizia soziala eta langile klasearentzat baldintza hobeak lortzeko bidea. «Aldarrikatzeko askeak ez garen arren, gazteok borrokan jarraitzeko intentzioa dugula berretsi nahi dugu. Martxoaren 3an gogora ekarri nahi ditugu duela 48 urte lan baldintza justuago batzuen alde altxatu ziren gasteiztarrak. Gaur, justizia horren alde borrokatzen jarraitzen dugu, langile klasearentzako lan eta bizi baldintza duinak lortzeak ekarriko duen justizia horren alde», adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.