Martxora gibelatu dute Mauleko Chaumes gasnategiko langilearen sexu jazarpenaren auzia

Atzo epaitu behar zuten gasnategiko langile ohia sei emaztek ezarritako salaketak direla eta. Stephanie Germa biktimen abokatuaren ustez, «baldintza desegokiak» izan dira, eta «errespetu falta» ere izan da.

Hainbat lagun bildu ziren atzo Paueko auzitegi aitzinean biktimei babesa adierazteko. NINA MERLE
Hainbat lagun bildu ziren atzo Paueko auzitegi aitzinean biktimei babesa adierazteko. NINA MERLE
Baiona
2025eko uztailaren 4a
14:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Egun luzea eta pisua izan zen atzokoa Pauen (Okzitania). Auzitegian epaitzekoa zuten Chaumes gasnategiko langile ohi bat, sexu jazarpena egotzita. Sei emaztek salaketak ezarriak dituzte bere kontra. 2011 eta 2023 bitartean gertatutako eraso eta jazarpen sexualengatik auzipetua zen 57 urteko gizona, baina 2026ko martxora gibelatu dute auzia.

Orotara sei dosierren inguruan deliberatzekoak ziren egun osoan. Banan-banan eztabaidatu behar zituztenez, zenbait entzunaldi gibelatu egin ziren. Ondorioz, Mauleko langilearen auzia gaueko ordu txikietan iragateko arriskuan zegoen. Gainera, auzitegi barnean berotasun jasanezina zen, mikrofonoak falta ziren eta zenbait eragile nekea nabaritzen hasiak ziren; beraz, zalantza sortu zen prozedurari segi edo ez. Hori dela eta, akusatua eta biktimen defentsak ados agertu ziren auzia gibelatzeko. «Baldintza lotsagarriak dira garrantzi horretako auzi baten eramateko», salatu du Stephanie Germa biktimen abokatuak. 

Germa abokatuak azaldu du «ez dela erabaki onik hartzen ahal». «Justizia eraginkorra eta kalitatezkoa bermatu nahi badugu, auziaren gibelatzera behartuta gaude». Germak auziaren garrantzia azpimarratu du, «gertakari larriei eta konplikatuei» buruzkoa baita. Bestalde, sei biktimen abokatuak argi utzi du atzoko auzia ez dela kasu bakana: aparatu judizialaren horrelako arazoak «errepikakorrak» direla adierazi du, eta erantzun gabe daudela gehitu. Germarentzat, auzia epaitegietatik at kokatzen bada, auzi horrek merezi duen tratamendua segurtatu behar zaio, baldintza desegoki horiek eragileentzat «errespetu falta hutsa» dira eta: «Batez ere, biktimentzat». Espero du 2026ko martxoan, ingurune egonkorrago eta seguruago batean, biktimak entzunak izanen direla.

Akusatuari ekintza bortitzak eta jasanezinak leporatzen dizkioten arren, justiziatik haratago zabaldu da kasua. Zuberoako Feministek segurtatu baitute erasotzaileak «sostengu zabala» jaso duela, eta, horregatik «afera arrunt isilarazia» izan dela. Bi alde kontrajartzen ziren orduan, baina Zuberoako Feministek elkartasun sare zabalago baten osaketan lanean aritu dira. Horrenbestez, ekainaren 26an kabaret gaualdia antolatu zuten, Ozazen. Ekitaldiak bi helburu zituen: biktimen ahotsaren zilegitasuna aldarrikatzea eta, ahal den heinean, ekonomikoki laguntzea. Atzo, berriz, hainbat lagun joan ziren Paueko Auzitegi aitzinera, kolektiboak deituriko elkarretaratzera. Anartean, pentsatzekoa da ondoko hilabeteetan sostengu kanpainak aurrera segituko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.