Sostengu taldea sortu dute Zuberoan, Chaumes gasnategiko langile ohi bat sexu erasoengatik auzipetu dutela eta

Bost emaztek ezarri dituzte salaketak, eta uztailaren 3an iraganen da auzia. Zuberoako Feministek bultzaturik, sostengu gaualdia ere antolatu dute ekainaren 26rako.

Mobilizazio feminista bat Baionan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Mobilizazio feminista bat Baionan, artxiboko irudi batean. BERRIA
Leire Casamajou Elkegarai.
2025eko ekainaren 24a
15:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Mauleko Chaumes gasnategiko langile ohi bat epaituko dute uztailaren 3an: bost emaztek salaketak jarriak dituzte haren kontra, sexu jazarpenagatik. Zuberoako Feministek bultzaturik, sostengu sare zabala osatua izan da, eta sostengu gaualdia antolatu dute etziko.

Gasnategiko langilea izateaz gain, CGTko ordezkari sindikala ere bazen gizona. Jazarpen kasuen berria inguruetara zabaldu zelarik, erasotzaileak «sostengu zabala» jaso zuela diote Zuberoako Feministek. Halere, barne mailako ikerketa egin, eta Chaumes gasnategitik kanporatu zuten. Iratiko etxoletan lan egin zuen gero: handik ere «joatea galdegin zitzaion», militanteek azaldu dutenez, berriz ere sexu jazarpenaren eta erasoengatik. Bigarren kasu horri dagokionez, ordea, salaketarik ez da izan, «afera arrunt isilarazia» delakoan.

Sostengu taldeak zabaldutako agirian, azaldu dute antolatutako gaualdiak bi helburu nagusi dituela: biktimak sinesten dituztela argi uztea, eta haiek «ekonomikoki doi bat laguntzea». Kasua ezagutarazteko asmoa dutela ere adierazi dute, eta gehitu: «Hitza hartzea ez da sinple. Sexu jazarpen eta erasoen kasuan oraino gaitzago. Erakutsiko dugu sinesten eta sostengatzen ditugula». Hitzordua Ozazen (Zuberoa) emana dute ostegunerako antolatu duten kabaret gaualdian. «Jatekoa, edatekoa, zirkua, kantorea, dantza... eta elkartasuna» bilduko ditu jaialdiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.