Maskarak erabiltzeko gomendatu du Espainiako Gobernuak

Beharrezkoa ez den lanari berriz ekitearekin batera maskarak banatzen hasiko da, garraio publikoaren geltokietan.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa. EFE
Iosu Alberdi.
2020ko apirilaren 10a
20:10
Entzun

Bi asteren ostean, Espainiako Gobernuak beharrezkoak ez diren lan jardueren etena indargabetu du, eta milaka langilek euren postuetara itzuli beharko dute Aste Santua amaitzearekin batera. Horregatik, astelehenetik aurrera maskarak erabiltzeko gomendioa egin du Madrilek. Ez dira nahitaezkoak izango, baina bai gomendagarriak jende pilaketak gertatzen diren lekuetan, besteak beste, garraio publikoan eta segurtasun tartea bermatu ezin daitekeen lanpostuetan. Salvador Illa Osasun ministroak adierazi du garraio publikoaren geltokietan maskara berrerabilgarriak banatuko dituztela, baina ez du azaldu nola egingo duten.

Beraz, gobernuak irizpidez aldatu du, sintomarik ez duten gaixoek ere COVID-19a kutsatu dezaketela baieztatu ostean. Orain arte, sintomak zituzten lagunentzat zen maskarak erabiltzeko gomendioa. Halere, herritarrentzat gomendatzen den maskara ez da, ez kirurgikoa —osasungintzako langileek erabiltzen dutena—, ez iragazkiduna —gaixoekin lan egiten dutenek behar dutena—. Horiek baino xumeagoak dira, eta agerraldi berri bat ekiditea dute helburu.

Eskuak sarri garbitzeko eta segurtasun tartea mantentzeko beharrak ere bere nabarmendu ditu Illak. Azken hori bermatzea ezinezkoa den lekuetarako jo ditu ministroak baliagarritzat maskarak. Hor legoke garraio publikoa, batez ere, puntako orduetan. Era berean, adierazi du oinez, bizikletaz edo norbere ibilgailuan mugitzerako orduan ez direla beharrezkoak. «Ez dago distantzia mantentzeko arazorik, batzuetan metro batekoa izan behar dena eta besteetan bikoa», esan du.

Espainiako Gobernuak telelanaren eta bideokonferentzia bidezko bileren alde egiteko eskatu du, eta halakorik egin ezin duten enpresetan segurtasun tarteak bermatzeko beharrezko neurriak hartzeko. «Konfinamendu fasean jarraitzen dugu», nabarmendu du Osasun ministroak, eta gogoratu alarma egoerarekin batera martxan jarritako konfinamenduak indarrean jarraitzen duela.

Etxera itzultzean, desinfektatu

Kalean ibiltzeko eta lanerako gomendioak emateaz gain, etxera itzuli beharrean egin beharrekoak ere adierazi ditu Osasun Ministerioak. Etxetik kanpo erabilitako objektuak desinfektatzeko eskatu dute, besteak beste, betaurrekoak eta telefono mugikorrak. Garbiketa egiteko erabili eta botatzeko eskuzapi bat eta alkoholdun soluzio bat erabili behar dira, edo, halakorik ezean, ura eta xaboia. Era berean, diru zorroa eta giltzak ate alboan uzteko gomendatu dute, baita zapatak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.