Genero desorekak, eskola jazarpena, edertasun kanonak, sexualitatea, sexu erasoak... Nafarroako ikasgeletan «kultura berdinzalea» eta indarkeria sexisten aurkako kontzientzia ezartzeko xedez, Skolae hezkidetza proiektua martxan jarri zuen Nafarroako Gobernuak 2017-2018ko ikasturtean. Ordutik, lehen hezkuntzako ikastetxe guztietara eta bigarren hezkuntzako askotara hedatu da egitasmoa. Lorpenak eta erronkak aletu dituzte Skolaeren egungo arduradunek: Hezkuntza Departamentuko Berdintasun eta Bizikidetza Ataleko buru Itziar Irazabal Zuazuak (Iruñea, 1982) eta hezkidetzako aholkulari Silvia Diaz de Diegok (Donostia, 1979).
Pozik zarete programak egin duen bidearekin?
ITZIAR IRAZABAL: Bai. Bidea ez da erraza izan, baina funtsean, prozesu eraikitzaile bat da hau. Apustu politiko argi bat izan zen, oso ausarta eta oso inportantea, eta derrigortasuna izan zen apustu horrek ekarri zuen berritasun nagusia: nahitaez hezi eta prestatu beharra berdintasun eta hezkidetza gaietan. Prozesu guztiek bezala, ondorio positibo asko izan ditu horrek, eta baita negatiboren bat edo beste ere. Positiboak aipatzen hasita: irakasleek kontzientzia hartu dute hezkidetzaren beharraren inguruan, eta hori lortu da, hain zuzen, Skolae derrigorrezko programa delako. Nazioartean ere ikusi dute hori: ez dugu ahaztu behar Unescok berak saritu zuela Skolae, eta horri balioa eman beharko genioke. Duela gutxi, Espainiako Hezkuntza Ministerioak Intercambia izeneko jardunaldiak egin zituen, eta hor ere txalotu zuten programa. Eredu bihurtu da hainbat tokitan, hemen eta kanpoan. Ez da lorpen makala.
Zeintzuk dira ondorio negatiboak?
IRAZABAL: Berdintasunaren alde eginiko urrats guztiekin gertatzen den bezala, Skolaek ere kontrako jarrerak eta erresistentziak sortu zituen ikastetxe eta guraso talde jakin batzuen artean. Oso gutxi izan ziren, baina zalaparta handia sortu zuten.
«Zarataren eta zurrunbiloaren erdian ere, Skolaeren edukiak ez dira inoiz auzitan egon, eta horrek sekulako lasaitasuna eman digu»
SILVIA DIAZ DE DIEGO Hezkuntza Departamentuko hezkidetzako aholkularia
Programa diseinatu zuten adituetako batzuek epailearen aurrean deklaratu behar izan zuten. Nola bizi izan zenuten orduko hura?
IRAZABAL: Silviak eta biok ez genuen zuzenean bizi izan egoera hura , Hezkuntza Departamentuan lanean hasi ginenerako polemika bukatua baitzen, baina arrastoa utzi zuen. Bagenekien Skolaeren inguruan gertakari itsusi asko izan zirela, baina horrek ez zuen eraginik izan gure egitekoan. Gardentasun osoz aritu gara orain arte, gure lanari ezin baitiogu beldurrez edo ezinegonez heldu.
SILVIA DIAZ DE DIEGO: Nik nabarmendu nahiko nuke zarataren eta zurrunbiloaren erdian egonagatik Skolaeren edukiak ez direla inoiz kolokan egon. Eztabaida juridikoa beti egon da beste nonbait: gauzak nola planteatu diren, nola argitaratu diren, forma kontuak egokiak izan diren ala ez... Baina edukiak? Horiek ez dira inoiz auzitan jarri, eta horrek sekulako lasaitasuna eman digu teknikarioi. Programa blindatua dago, eta erabat babestuak daude hala ikasleak nola irakasleak.
2017-2018ko ikasturtean, hamasei ikastetxetan ezarri zen Skolae. Gaur egun noraino hedatua dago?
DIAZ DE DIEGO: Guztira 305 ikastetxetan ezarria dago, Nafarroako guztien %61etan, alegia. Orain 79 ikastetxe daude programaren barruan, eta beste 226k ibilbidea bukatu dute. Izan ere, Skolae bost fasetan banatutako ibilbide bat da, eta, azken fasea amaitu ostean, ikastetxe bakoitzak era autonomoan lantzen du hezkidetza, eskolako beste edozein plan bezala. Gure laguntza teknikoarekin aritzen dira hasieran, eta beren kabuz gero.
Eta baduzue asmorik hezkidetza zabaltzen segitzeko?
IRAZABAL: Bai, noski. Orain arte, askotariko ikastetxeak izan ditugu programan, baina, bereziki, LH Lehen Hezkuntzako eskoletan ezarri da. Itunpeko zentro batzuk kenduta, Nafarroako LHko ikastetxe ia guztiak pasatu dira Skolaetik. Eta jada hasiak gara programa ezartzen Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxetan, Lanbide Heziketan, hezkuntza bereziko zentro batzuetan eta baita 0-3 zikloko zenbait haur eskolatan ere. Fase batean edo bestean, eta edukiak maila eta ziklo bakoitzaren ezaugarrietara egokituta, baina denetan ari dira hezkidetza ematen.
Zortzi urteren ostean, posible al da jakitea Skolaek zer-nolako fruituak eman dituen?
DIAZ DE DIEGO: Bai, eta, izatez, programa bukatu duten 226 ikastetxe horietan egin dute jada ebaluazio bat: noraino iritsi den hezkidetza beren ikastetxean eta komunitatean, zeintzuk diren indarguneak eta ahulguneak... Finean, hezkuntza komunitate osoari zabaldu beharreko kontu bat da hezkidetza, ezin da ikasgelara mugatu: hor egon behar dute familiek, irakasle ez diren langileek eta baita udalek ere. Ikuspegi orokor eta sistematizatu bat eskatzen digu. Hezkidetza sistematizatu ezean, egun jakin batzuen ospakizun hutsa baino ez litzateke izango.
Zer ondorioztatu dute ebaluazioetan?
DIAZ DE DIEGO: Hamar item edo neurgai aztertu dituzte. Horietako batzuk oso sistematizatuta daude, eta emaitza oso onak dituzte. Ikastetxeetako liburutegien atala, adibidez: zer liburu mota erosten diren, egokiak ote diren eta pentsamendu kritikoa bultzatzen duten, estereotipoak indartzen dituzten, zaharkituak ote dauden... Ikusten hasiak gara ikastetxeen programazioan ere gero eta txertatuago daudela hezkidetzaren helburuak. Nabari da aldaketa. Beste neurgai batzuk, bestalde, ez daude hain ongi garatuak, eta erronka izanen dira datozen urteetan ere.
Zeintzuk?
DIAZ DE DIEGO: Familien parte hartzea, eta horren barruan, gizonen parte hartze handiagoa sustatu beharra. Hobetzeko beste puntu bat da irakasle ez diren langileena ere. Askotan, horiek ez dira ikastetxeko langileak izaten, enpresek kontratatutakoak baizik, eta enpresa horien esku geratzen da hezkidetzaren inguruko formakuntza. Hor badago zer hobetu.
«Familia batzuek uste dute Skolaek kolokan jarriko duela etxean duten balio sistema, eta programaren helburua ez da hori, inolaz ere»
ITZIAR IRAZABAL ZUAZUA Hezkuntza Departamentuko Berdintasun eta Bizikidetza Ataleko burua
Familien parte hartzea aipatu duzue. Zaila al da etxekoak inplikatzea berdintasunari, generoari eta sexualitateari lotutako heziketan?
IRAZABAL: Familia batzuek uste dute Skolaek kolokan jarriko duela etxean duten balio sistema, eta programaren helburua ez da hori, inolaz ere. Horregatik, inportantea da haiekin egotea eta ongi azaltzea zer den Skolae, zer den hezkidetza eta zer gai landuko diren ikasgelan.
DIAZ DE DIEGO: Dena den, Skolaeren datuak mahai gainean jarrita, antzeman ditugun erresistentziak eta kontrako jarrerak oso-oso gutxi izan dira. Milaka irakaslek egiten dute formakuntza urtero, eta eduki hori milaka ikasleengana iristen da. Horiekin alderatuta, kexu direnen kopurua ez da batere esanguratsua.
Programaren edukiak jasotzeari uko egin al dio familiaren batek?
IRAZABAL: Eskuin muturreko alderdiak hasi zirenean gurasoen betoa deritzonaren kontu horrekin bueltaka, orduantxe jaso genuen instantziaren bat, baina, Silviak esan duen bezala, hutsaren hurrengoa izan ziren. Orain, adibidez, sexu heziketari buruzko proiektu pilotu bat abiarazi dugu, eta baten batek galdetu izan digu ea zer egunetan emanen dugun hori eskolan, seme-alabak ez eramateko. Guk beti erantzuten diegu gauza bera: curriculumean argi eta garbi jasota dago sexu heziketa derrigorrezko edukia dela eta zeharka landuko dela ikasgai guztietan. Matematikako irakasleak ez die gurasoei deitzen esateko noiz irakatsiko dituen deribatuak, ezta? Ez da aukerako gauza bat. Bada, hau ere ez.
Skolaeren inguruan gezur asko esan izan dira: haurrei pornografia erakutsi eta joko erotikoak irakasten zitzaizkiela, besteak beste. Kosta egiten da gezur horiei kontra egitea?
IRAZABAL: Pedagogia da gezurren kontra egiteko dugun tresna bakarra. Ez dago beste aukerarik. Tamalez, badakigu zein den panorama: zeintzuk diren gazteek dituzten erreferenteak eta gai hauen inguruan ematen dizkieten ikuspuntuak. Guk argi dugu zein den gure egitekoa: prebentzioa eta sustapena. Eta horregatik lehenesten dugu Skolae, bereziki Haur Hezkuntzan. Funtsean, eskolak esparruak ireki behar ditu bestelako balioei eta kontzeptu garrantzitsuei buruz hitz egiteko. Ikasleek ikus dezatela badirela beste ikuspuntu batzuk. Sexualitateari buruz, adibidez, gazteek nondik jasotzen dituzte ideiak eta erreferentziak? Sare sozialetatik, pornografiatik, familiatik, bizipenetatik, lagun kuadrillatik... Bada, eskolak ere hor egon behar du, beste erreferente batzuk emateko.
DIAZ DE DIEGO: Horregatik, hain zuzen, sexu heziketan sakontzeko proiektu pilotu bat jarri dugu martxan Nafarroako hamabi ikastetxetan. Skolaeren ebaluazioa egitean, irakasleek berek adierazi ziguten gai horretan sakontzeko beharra zegoela. Esan zigutenez, batzuetan kosta egiten zitzaien sexu heziketarekin lotutako edukiak gelara eramatea. Izan formakuntza faltagatik, edo izan, besterik gabe, nork bere motxila daramalako eta gure belaunaldikooi eman ziguten sexu heziketa oso eskasa izan zelako... Motiboa edozein dela ere, garrantzitsua iruditzen zaigu irakasleek gisa horretako gaietan trebatzea, sare sozialen eraginari aurre eginen badiogu behintzat.