Goiz zaila izaten ari da Bilboko metroan, baina apurka ari da normaltasunera itzultzen. Bilboko metroak 10:00etan jakinarazi duenez, bide guztiak irekita daude, baita Sarriko-San Ignazio (L1) eta San Ignacio-Gurutzeta (L2) tarteen artean ere. Hori bai, zehaztu du denbora beharko duela normaltasunera itzultzeko atzerapen handia pilatu duelako azken bi orduetan.
✅ 🚇 Zerbitzua berrezarrita. Geltokietako igarotze-orduak apurka normalduko dira. Barkatu eragozpenak.
— metro bilbao (@metrobilbaoeus) October 6, 2025
✅ 🚇 Servicio restablecido. Las horas de paso en estaciones se irán normalizando paulatinamente. Disculpen las molestias.
Bilboko metroko kaosa 08:30ak aldera hasi da, tren batek matxura izan duenean San Ignazio eta Sarriko geltokien artean. Hasiera batean atzerapen ugari eragin ditu ibilbide osoan, Larrienak San Ignazio geltoki inguruan. Geltoki horren inguruko bi orduz etenda egon da bi norabideetan: L1 bidean Sarrikoraino eta L2 bidean eta Gurutzetaraino. Beraz, Bilbotik ezin zen Gurutzetako ospitalera metroz joan.
Bilboko metroak honela azaldu du egoera hasiera batean: «San Ignazio eta Sarriko artean tren bat geldirik dago akats tekniko baten eraginez, eta haren ondorioz atzerapenak daude trenen zerbitzuan. 08:30ean, zerbitzua etenda geratu da Indautxu eta San Ignazio artean, bi noranzkoetan, matxuraren eremuan lan egin ahal izateko». Tren horretan zihoazen bidaiariak oinez atera behar izan dituzte.
L2ko eragozpenen berri 09:06an eman du, sare sozialen bitartez. Metroak argitu du konponketa lanak hasiak zirela, baina ezin zuela zehaztu zenbat iraungo zuten. Bidaiari askok metroa erabiltzen duten ordu batean izan da matxura, eta gehienek beste garraiobide batzuk bilatu dituzte. Horiek horrela, goraino beteriko autobus geltoki ugari ikusi dira Bilboko kaleetan