Kezkatuta daude herritarrak: medikuak falta dira Hego Euskal Herriko hainbat herritan. Kezkatuta, eta haserre. Alde batetik: «Administrazioak bazekien hori gertatuko zela». Eta, bestetik: «Arazoa ez da berria». Duela hamarkada bat hasi ziren «murrizketak» egiten, eta horren ondorio da gaur egungo egoera. Herritarrak, baina, ez dira isilik geratu: antolatu egin dira, osasun publikoa defendatu dute, eta, horri esker, «emaitza onak» lortu dituzte. Halere, argi utzi dute oraindik lana dutela egiteko. Mediku falta duten herri batzuetako biztanleekin hitz egin du BERRIAk.
Berriz, «murrizketen» erakusgarri
Berrizko (Bizkaia) herritarrek kartel batekin egin zuten topo maiatzaren amaieran, osasun zentrora hurbildu zirenean. «Bertan jartzen zuen aurrerantzean mediku bakarra egongo zela», gogoratu du Jon Barcena Berrizko pentsiodunen mugimenduko kideak. Osakidetzak ezarritako irizpideen arabera, berriztarrei hiru mediku dagozkie. «Baina aspalditik oso arraroa da osasun zentroan hiru mediku aurkitzea; ez dituzte bajak ordezkatzen, ezta oporrak ere», Barcenaren arabera.
Osakidetzaren lekualdatze lehiaketan hartu zuten parte Berrizko bi medikuk, eta biek lortu zuten lekuz aldatzeko lanpostua. Hori dela eta, mediku bakarrarekin geratu ziren maiatzean. Halere, arazoa ez da bi medikuk lekuz aldatzeko lanpostua lortu izana: «Arazoa da Osakidetzak bazekiela bi medikuek lanpostua lortu zutela, eta azkenera arte ez duela ezer egin; horregatik ez dute medikurik aurkitu haiek ordezkatzeko».
«Arazoa da Osakidetzak bazekiela bi medikuek lanpostua atera zutela, eta azkenera arte ez duela ezer egin; horregatik ez dute medikurik aurkitu haiek ordezkatzeko»
JON BARCENABerrizko pentsiodunen mugimenduko kidea
5.000 biztanle inguru ditu Berrizek; Barcenaren esanetan, 65 urtetik gorakoak dira horien %22. «Herritar horientzat guztientzat mediku bakarra egotea kaos hutsa da», salatu du. Albistea jakin bezain laster, pentsiodunen mugimenduak elkarretaratzera deitu zuen. Osasun zentroaren aurrean bildu ziren, eta erantzuna «ikusgarria» izan zen. Astero kontzentrazioak egitea erabaki zuten, eta hainbat manifestazio ere egin zituzten. Horrez gain, 1.700 sinadura jaso zituzten herrian, eta osasun zentroko arduradunei aurkeztu zizkieten Galdakaoko ospitalean. «Hitz onak baino ez genituen jaso», gogorarazi du Barcenak. Egoerak okerrera egin zuen udan: uztailaren erdialdean, herritarrei jakinarazi zieten ez zutela medikurik izango.
Abuztuan asteroko protestak etetea erabaki zuten. Hala ere, irailean uda aurreko egoerara bueltatu zirenez, mobilizazioei berrekin zieten. Irailaren 19an, protesta egin zuten osasun zentroaren aurrean, eta arratsaldean, manifestazioa; pentsiodunek eskualde osoari egin zioten deialdia.
Manifestazioa iragarri eta gero, Osasun Sailak jakinarazi zuen gaurtik aurrera bigarren mediku bat egongo zela Berrizko osasun zentroan. Halere, bezperan, osasun zentroko langileek ez zuten horren inguruko berririk. «Baliteke gaur medikua agertzea, baina inork ez daki ezer», adierazi du Barcenak. Hirugarren lanpostua barruko mediku egoiliar berrien kontratu eskaintzan sartuko dute. Pentsiodunek erabaki dute «hiru mediku lortu arte» protestekin jarraitzea.
Berrizko manifestazioaren biharamunean, Zaldibarren bildu ziren herritarrak, irailaren hasieratik medikurik ez dutela salatzeko. Bi mediku dagozkie zaldibartarrei. Barcenaren arabera, irailera arte bakarra izan dute. «Irailaren hasieran, beste kartel bat irakurri zuten bertakoek, esanez bi hilabete egongo zirela medikurik gabe». Albistea jakin bezain laster, Zaldibarko alkateak Osakidetzarekin hitz egin zuen: «Esan zioten saihetsezina zela Zaldibar bi hilabetez medikurik gabe egotea».
Zaldibarko herritarrek manifestazio «ikusgarria» egin zuten. Horren ostean, Osakidetzak jakinarazi zuen zaldibartarrek «ziur aski» medikua izango zutela irailaren amaieran. Atzo arte, behintzat, ez da medikurik egon.
Durangaldeko egoerak «oihartzuna» izan duen arren, pentsiodunak argi utzi du osasun zentro guztietan ari direla murrizketak egiten. Are gehiago, gogoratu du arazoa ez dela berria: «Duela hamarkada bat hasi ziren murrizketak egiten».
Baztan, lehen arreta «egonkor» baten eske
Elizondoko (Baztan, Nafarroa) herritarrek ere hilabeteak daramatzate lehen arretako osasun zerbitzu duin baten eske. Hamasei mediku dira denera Elizondoko osasun etxean, baina herri horri goizez kontsultetan aritzen diren hiru sendagile dagozkio soilik, osasun etxeak eremu zabalagoa hartzen baitu: Baztan, Zugarramurdi eta Urdazubi. Maiatzean, ordea, hiru medikuetako bik alde egin zuten, eta udan bakarra aritu zen Elizondoko herritarrak artatzen. Hutsune horiek estaltzeko, arratsaldez eta gauez Elizondoko eta Oronozko larrialdi zerbitzuak betetzen dituzten beste sei medikuak aritu ziren. Xabier Zarandona Elizondoko osasun etxeko zuzendariaren arabera, ahal izan duten moduan moldatu dira, ordu estrak eginez.
Irailaren 13an, ordea, maiatzetik aurrera aritu zen mediku bakarrak alde egin zuen, eta sendagilerik gabe gelditu ziren Elizondoko herritarrak. Baztango alkate Fernando Anbustegik eta Zarandonak berak bilera egin zuten egun batzuk lehenago Osasunbideko Oinarrizko Arretako kudeatzaile Susana Mirandarekin eta Nafarroa Iparraldeko Oinarrizko Osasun Laguntzarako eta Laguntzaren Jarraitutasunerako zuzendariorde Ana Puigekin, aldez aurretik irtenbide bat bilatze aldera; baina itxarotea beste aukerarik ez zieten eskaini. Izan ere, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko iturrien arabera, mediku falta orokorra da, eta urrian izanen dute egoeraren erradiografia orokorra, egiteko dauden mugimenduak egin eta gero. Osasun langileek, ondorioz, aparteko ordu gehiago ez egitea adostu zuten, protesta gisa.
Baztango Osasun Plataformak, bestalde, hainbat elkarretaratzetara deitu du hilabete osoan, eta badirudi izan duela eraginik: Osasunbideak mediku bat kontratatu zuen irailaren 16an, eta eskualdean lan egiten duen bertze mediku bat ere aritu da laguntzen. Ordea, Baztango Osasun Plataformako kide Izargi Zumarragaren esanetan, «hala moduzko soluzioak» baino ez dira horiek: «Herrian bertan artatuak izateko aukera egon da, baina adabaki bat bertzerik ez da izan; ezin da medikuen borondatearen esku egon biztanleen osasun arreta». Izan ere, salatu dute irailaren 13tik Elizondoko osasun etxeak ez duela mediku titularrik. Halaber, arazoa aspaldikoa dela salatu du Zumarragak: «Lehen arretako medikuak falta dira, gehienbat landa eremuetan; urteak dira Baztanen arazo hau pairatzen dugula».
«Lehen arretako medikuak falta dira, gehienbat landa eremuetan; urteak dira Baztanen arazo hau pairatzen dugula»
IZARGI ZUMARRAGABaztango Osasun Plataformako kidea
Xabier Zarandonak adierazi duenez, asteon espero dute bertze sendagile bat lanean hastea, eta, hala, bi mediku ariko lirateke Elizondoko osasun etxean lanean, biek ala biek «espezialitate titulurik ez badute ere». Halaber, Zarandonak esan duenez, urtarrilean familia mediku bat Elizondora bizitzera eta lanera joatea espero dute. Baztango herritarrek, ordea, osasun sistema egonkor eta duin bat eskatu zuten iragan igandean egin zuten manifestazio jendetsuan. «Medikuen joan-etorrietara ohituak gaude, eta egoera ez dago inondik ere egonkortzear», esan du Izargi Zumarragak. Halaber, euskaraz artatuak izateko eskubidea ere aldarrikatu zuten.
Poliki-poliki baina etenik gabe Zumaian
Whatsapp bidez, audio bat zabaldu zuen Saioa Ruizek maiatzean Zumaia osoan (Gipuzkoa), «herritarrek arazoa jakin zezaten». Erreklamazio orrien fotokopiak ere egin zituen, eta «bizpahiru tabernatan» jarri. Argia zen haren asmoa: osasun zentroaren egoera «kaskarra» argitara atera nahi zuen, herritarrak mobilizatu zitezen. Esan eta egin. Beste bost herritarrekin batera, Zuopa Zumaiako Osasun Publikoaren Aldeko herri plataforma sortu, eta ekainetik aurrera hainbat mobilizazio egin dituzte. «Pozik» dago Ruiz, mobilizazioek «fruitua» eman dutelako.
Aste honetara arte, hiru mediku egon dira osasun zentroan lanean. «Garai batean, zortzi egon ziren». Maiatzera arte, berriz, zazpi. Orduan, lau medikuri onartu egin zieten eskatua zuten lekualdatzea; «laurei aldi berean». Hortaz, zazpi mediku zeuzkaten, baina hiru izan zituzten maiatzaz geroztik. Lanean zeuden bi pediatretako batek ere lekualdatzea eskatu zuen, eta hari ere onartu zioten.
Zazpi mediku zeudenean, 15:00etatik 17:00etara mediku bat egoten zen larrialdietan. Hiru geratu zirenean, baina, zerbitzu hori kendu behar izan zuten, «hiru medikuek ezin zutelako txanda hori egunero bete». Are gehiago, hurbilen duten Zarauzko etengabeko arretako gunea erizain batekin eta zeladore batekin egon da jardunean, «mediku faltagatik». Hortaz, larrialdiren bat gertatzen denean, Donostiako ospitalera jo behar dute herritarrek. «Donostiako ospitaleko larrialdiak gainezka daude», ohartarazi du Zumaiako herritarrak.
Hori guztia salatzeko, manifestazio zaratatsua egin zuten herritarrek ekainean. Eta uztailean eta abuztuan ere hainbat deialdi egin zituzten. Izan ere, udan okerragoa izan da egoera, Zumaiako biztanleria «ia bikoiztu» egin baita. Egoera horren jakitun, lekualdaketa eskatua zuten hiru medikuk hainbat hilabetez Zumaian geratzeko proposamena egin zuten, baina ez zieten utzi.
Irailaren erdialdean beste mobilizazio bat egin zuten zumaiarrek. Handik astebetera, beste pediatra bat hasi zen Zumaian lanean, eta gaur dira hastekoak beste bi mediku. Ruiz ez ezik, herritarrak ere «pozik» daude, mobilizazioekin emaitza onak lortu dituztelako. «Jendeak hori behar du, albiste onen bat; aldaketa ez da zuzenean etorriko: poliki-poliki iritsiko da», adierazi du.
«Guk ez dugu miseria banatu nahi; ez dugu adabakiak jartzerik nahi; herri bakoitzean egon beharreko medikuak egon daitezen nahi dugu»
SAIOA RUIZZUOPA Zumaiako Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformako kidea
Bost mediku izatea ona den arren, ez da nahikoa, Ruizen iritziz. Hori dela eta, albiste hori jaso ostean, joan den asterako deitua zuten protestari eustea erabaki zuten. Are, asmoa dute hilabetero elkarretaratze «txikiak» egiteko: «Bide onetik goaz; borrokan jarraituko dugu».
Zumaiako herritarrek, beraz, borrokan jarraituko dute, baina gainerako inor «izorratu» gabe. «Guk eskatzen duguna da beste herrietan ez gertatzea guri gertatu zaiguna». Ruizek azaldu duenez, mediku falta salatu dutenean proposatu izan dute ondoko herrietako medikuak bertara ekartzea. «Batzuetan esaten zuten Debak 5.000 biztanle dituela eta lau mediku, eta, beraz, ekartzeko bertako bat, edo Zarauztik». Argi eta garbi eman du erantzuna Ruizek: «Ez, guk ez dugu miseria banatu nahi; ez dugu adabakiak jartzerik nahi; herri bakoitzean egon beharreko medikuak egon daitezen nahi dugu».