Hego Euskal Herriko osasun publikoetako medikuek bigarren greba eguna dute gaur, eta haien aldarriak ozen entzun dira kalean atzera ere. Espainiako Gobernua osasun langile guztientzako negoziatzen ari den estatutuaren aurka eta estatutu propio baten aldeko mobilizazioa Gasteizko Olagibel osasun etxearen aurrera eraman dute gaur, eta, hala, lehen arretari ikusgarritasuna eman nahi izan diote. Estatutu propioa izatea ez delako soilik ospitaleetako sendagileen aldarrikapena, osasun etxeetako profesionalena ere badelako, medikuen esanetan.
Dozenaka sendagile bildu dira Olagibel osasun etxearen atarian Euskadi, estatutu mediko eta fakultatibo baten alde zioen pankarta baten alboan. Eta askotariko mezuak zituzten afixak erakutsi dituzte han zeudenek: Medikurik gabe, osasungintzarik ez; Nire seme-alabek behar naute, guardia gehiagorik ez; Lan egindako ordua, kotizatutako ordua...
Gaurko protesta anbulatorio baten aurrean egitearen garrantzia azaldu du Nestor Morchon larrialdietako medikuak eta SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuko lehendakariordeak. Hark salatu du lehen arretan bizi den egoera «jasanezina» dela, gehiegizko lan zama dutelako: «60 pazientetik gorako agendak dituzte egunero, eta hori bateraezina da kalitatezko arreta medikoarekin». Haren esanetan, lehen mailako arretan bizi den egoera muturrera iritsi da —«egoera kaotikoa da»—, baina Osasun Ministerioak ez die uzten esku hartzen.
Medikuen eskaeren artean dago agendak kudeatzeko aukera gehiago izatea eta kontsultetan «askatasun handiagoa» edukitzea, arreta eraginkorragoa izan dadin. Egoeraren argazki gordina egin du Morchonek: «Lehen arreta hondoratzen ari den ontzi bat da, eta egiten dugun gauza bakarra da ura ontzitik kanpora botatzea».
Lan zamaz kexu
Morchon Arabako Unibertsitate Ospitaleko larrialdietako medikua da, eta, kontatu duenez, 2010etik aurrera sendagileen lan zama «etengabe» handitu da, eta ezinean dabiltza pazienteari behar bezalako arta emateko: «Pazienteen profilak gero eta konplexuagoak dira, populazioa zahartzen ari delako, eta aldi berean, mediku gutxiago gaude. Eta gripe bat ez da gauza bera 40 urterekin edo 80 urterekin».
Egoera horrek ondorio zuzenak ditu medikuen egunerokoan ere. Saturazioa, lan baldintza kaskarrak eta kontzialiaziorako arazoak dituztela azpimarratu du Morchonek, eta horren guztiaren ondorioz, profesional askok beste erkidegoetara edo herrialdeetara alde egiten dutela.
«Pazienteen profilak gero eta konplexuagoak dira, populazioa zahartzen ari delako, eta aldi berean, mediku gutxiago gaude»
NESTOR MORCHON Medikua
Estatutu propio bat ari dira eskatzen medikuak, eta egungo negoziazio ereduan esku hartze zuzena izatea. «Ministerioak negoziatzen duen mahaian ez dago medikurik. Inork ez du gure errealitatea ordezkatzen», kexu da Morchon. Salatu du gaur egun negoziazio esparru egokirik ez dutela, eta Osasun Ministerioarekin egiten diren negoziazioetan %5eko ordezkaritza besterik ez dutela, beste kolektibo profesional batzuek baino askoz txikiagoa. Horregatik, negoziazio esparru propioa eskatu dute, beren lan baldintzak zuzenean eztabaidatu ahal izateko.
Haren esanetan, medikuek ezinbestekoa dute beren lan baldintzen gainean erabakitzeko ahotsa izatea. Aldarrikapen nagusia estatutu propio bat da, baina horren barruan hainbat eskari zehatz biltzen dira: prestakuntza luzeagoa aitortzea, guardien murrizketa, lan jardunaldi arautuak izatea eta, batez ere, egiten dituzten lan ordu guztiak aitortu eta zenbatzea, ez soilik jardunaldi arruntean sartzen direnak. Halaber, Osasun Ministerioari eskatu diote ez ditzala maila berean jarri medikuak eta erizainak, eta lanaren zama aitortzea. Eta gaur ere eman dute abisua: Osasun Ministerioak mugimendurik egiten ez badu, mobilizazioek beste fase batera egingo dute jauzi, eta greba mugagabea hasiko dute.
Gutxieneko zerbitzuak, gehiegizkoak
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak atzoko greba egunak izandako parte hartzearen datuak eman ditu: batez beste, %17,36koa izan zen parte hartzea. Araban, langileen %9,24k egin zuen; Bizkaian, %20,26k eta Gipuzkoan %17,31k. Medikuak, baina, kexu dira Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuekin: «Abusuzkoak dira, eta grebarako eskubidea mugatzen dute», salatu du Morchonek.
Medikuen ustez, gutxieneko zerbitzuek jaiegun bateko arreta bermatu beharko lukete, baina errealitatea bestelakoa da: «Badira ohiko egun batean baino baliabide gehiago dituzten zerbitzuak, eta baita erabat atzeragarriak diren ebakuntzak ere». Horrek, sendagileen arabera, langile askori greba egiteko aukera eragozten die.
«Gure lana ez da erizainena edo zeladoreena bezalakoa»

Arrasateko (Gipuzkoa) ospitaleko larrialdietako medikua da Mabel Arciniega, eta 25 urte daramatza lanean. Dioenez, medikuen lan baldintzak ez daude behar bezala aitortuak, eta sendagile faltak lan zama «jasanezina» eragiten die.
Gaur berriro ere kalera.
Nekatuta gaude. Gure lan baldintzak bereziak dira, eta grebarekin eskatzen ari garena da baldintza horien oinarrian egongo den estatutu propioa izatea, gure errealitatea aintzat hartuko duena.
Zergatik dira bereziak zuen lan baldintzak?
Ez gara beste profesionalak baino hobeak edo okerragoak, baina oso ezaugarri espezifikoak ditugu. Gure lana ez da erizainena edo zeladoreena bezalakoa, eta hala ere, talde berean sartzen gaituzte. Gaur egun, Madrilgo negoziazio mahaian sindikatu asko daude, baina medikuen ordezkari bakarra. Nola negoziatuko dituzte medikuen lan baldintzak medikurik gabe? Ulertezina da.
Nolakoa da larrialdietako medikuen egoera?
Larrialdietan hamabi orduko txandak egiten ditugu, goizez zein gauez. Teorian, urteko lanaldia 1.592 ordukoa da, baina praktikan askoz gehiago egiten dugu. Mediku asko falta dira, eta askotan guk bete behar ditugu hutsune horiek. Horren ondorioz, urtean bi mila ordu inguru egiten ditugu, baina aparteko ordu horiek ez dira kontuan hartzen, besteak beste, erretiroa kalkulatzerakoan. Guk hori aitortzea eskatzen dugu, eta erretiro adina aurreratu nahi duenak horretarako aukera izatea.
Lan zama handia duzuela salatu duzue.
Paziente ugari artatzen ditugu, eta horietako asko adinekoak dira. Biztanleria asko zaharkitu da, eta pazienteen soslaiak gero eta konplexuagoak dira. Horrek denbora eta dedikazio handiagoa eskatzen digu. Medikuak falta direnez, lanordu gehiago egiten ditugu, eta horrek eragin zuzena du eguneroko bizitzan, eta familia eta lana uztartzea oso zaila egiten zaigu.
Greba mugagabea egingo duzue?
Aurrerapausorik ez badago, beste aukerarik ez dugu izango.