Jose Maria Gorostiaga. Itsas Bentos ikerketa taldeko zuzendaria

«Mediterraneoaren antza hartuz doa Kantauri itsasoa»

jon olano
2012ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Ikerkuntzaren larritasunaz ohartarazi du Jose Maria Gorostiaga EHUko irakasleak (Bilbo, 1953). Nabarmendu du ikusten ez denaz jendea ez dela horrenbeste jabetzen, baina eragina duela floraz harago ere.

Frogatu duzuenez, itsasoko tenperaturaren gorakadak kalteak eragin ditu landaredian. Zein aldaketa nabarmenduko zenuke?

30 urteotan aldaketa garrantzitsuak gertatu dira. Baina, zehazki, udazkenean kostaldeko hainbat herritan ikusten dugun Gelidium Corneum izeneko alga gorria izan da kaltetuena.

Hainbat espezie desagertu ere egin dira. Berreskura al daitezke?

Klima aldaketaren testuinguruan kokatu behar gara. Berreskuratze lanetan aritu izan gara, eta duela hamabost bat urte jada hasi ginen aldaketa batzuk sumatzen uraren kalitatean. Tenperaturaz gain, oso garrantzitsua da udaberriak eta udak lehorragoak izaten ari direla. Euriak sedimentu ugari itsasoratzen dituenez, euririk ez egiteak eragiten du ura gardenagoa izatea, eta alga horiek ez zeuden argi horretara ohituta. Oraindik ez dakigu landare horiek berreskuragarriak diren, baina joera kezkagarria da.

Tenperaturak gora egiten jarraitzen badu, ba al da modurik kostaldeko flora babesteko?

Espezie batzuk ez daude egokituta egoera berrira, eta zailtasunak dituzte bizirauteko. Bitxia badirudi ere, herriguneetatik gertuko itsas belarrek kalte gutxiago jasan dute, ura arreagoa delako zonalde horietan. Dena den, ekosisteman aldaketa garrantzitsuak gertatzen ari dira eta badirudi ez garela horietaz gehiegi jabetzen. Lurrean pagadiak-eta atzera egiten ari direla ikusiko bagenu larrituko ginateke. Itsasoko landaredia askoz sentikorragoa da tenperatura aldaketekiko. Hortaz, uraren tenperatura gradu bat igotzea nahiko kezkagarria da, baina ez dugunez ikusten ez gara jabetzen.

Hamar urtero berdin igo al da tenperatura, ala igoera hori gero eta azkarrago gertatzen ari da?

Uniformeki igo da; alegia, hamar urtero 0,33 gradu egin du gora uraren tenperaturak. Kantauri itsasoa Mediterraneoaren antza hartzen ari da. Horren adierazle da, adibidez, ugaritu egin dela ur epelagoetan egon ohi diren espezie batzuk. Alderantziz gertatu da, ordea, ur hotzetara ohituta dauden alga laminarioekin; gutxitu egin dira.

Gainera, flora horrekin elikatzen diren arrainak ere desagertzeko arriskuan daude, eta horrek ere eragina du arrantzan, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.