Bi urte eta erdiren ostean, Euskaltzale Independentiston Topaketak egingo dituzte aurten, apirilaren 24an eta 25ean, Azpeitian (Gipuzkoa). Lehen topaketak egitera bultzatu zituzten arrazoiak oraindik hor daudela azaldu dute, baina mundua eta Euskal Herria aldatu egin direla uste dute, eta orain «beste mehatxu batzuk» ere badaudela adierazi. Hori dela eta, gaur egungo testuingurua aztertzea eta «kudeatzea» ezinbestekoa iruditzen zaie; horretarako antolatu dituzte aurtengo topaketak.
2023an egindako topaketetan, hiru helburu jarri zituzten: «Alde batetik, prozesu euskaltzaleak eta burujabetzaren aldekoak elkar nola elikatu edota indartu dezaketen gogoetatzea; bestetik, euskalgintzaren erronka berrien inguruan hausnartu eta horiek Euskararen Errepublikaren norabidean kokatzea; eta azkenik, euskaltzale independentisten komunitatea saretzea eta indartzea». Helburu horiek, beraz, indarrean daude oraindik, baina aurten beste ikuspuntu batetik ondu dute egitaraua.
Aldaketak direla eta, iruditzen zaie «geroz eta agerikoagoa» dela Euskal Herri independente baten beharra, «Euskararen Errepublikarena»: «Frantziak eta Espainiak euren politika supremazista eta linguizidekin jarraitzen dute; kolpatzen gaituen oldarraldi mediatiko, politiko eta sindikalak argi utzi digu zenbatekoak diren egungo marko legalaren mugak eta gabeziak; gainera, munduan barna indarra hartzen ari den eskuin muturraren mehatxua gero eta gertuago dugu, eta hortik hizkuntza eskubideetan ere atzera egitea besterik ezin genezake espero».
Jardueraz beteriko asteburua
Euskal Herrian Euskaraz elkarteak antolatutako topaketak ostiral arratsaldean hasiko dira, apirilaren 24an. Ongietorria egingo dute lehenik, eta, geroko, kontzertu akustiko bat eta bi pala partida antolatu dituzte. Baina jardunaldi gehienak larunbatean izango da, apirilaren 25ean. 10:00etan hasiko da topaketetako mahai inguru nagusia, Euskaratik Independentziara izenekoa. Bazkariaren aurretik joaldunak ariko dira, eta ekitaldi politikoa ere egingo dute.
Arratsaldea tailerren garaia izango da, eta iluntzean, musikarena: 19:00etatik aurrera, musika ibiliko da kalez kale, eta 22:00etatik aurrera, berriz, kontzertuak —Tapia eta Leturia Band eta Maruxak— eta DJk izango dira. Sarrerak jada salgai daude.