«Memoria ariketa kolektibo bat» egingo dute Zarautzen, Txikiren fusilamenduaren harira

Herri antzerki ibiltari bat ondu dute ehundik gora herritar eta kultur eragilek, Juan Paredes Manot 'Txiki'-ren bizialdia oroitzeko. Igandean egingo dute, 12:00etan, Azken Portuko Egaña kalean.

Herri ikuskizuna antzeztuko dute igandean Zarautzen, Txikiren fusilamenduaren harira. BERRIA
Herri ikuskizuna antzeztuko dute igandean Zarautzen, Txikiren fusilamenduaren harira. BERRIA
gurutze izagirre intxauspe
2025eko irailaren 23a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erregimen frankistaren azken fusilatuak izan ziren Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi, FRAPeko Jose Humberto Francisco Baena, Ramon Gracia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo Sollarekin batera. 1975eko irailaren 27ko egunsentian hil zituzten bostak. Zarautzen (Gipuzkoa), Txiki bizi izan zen herrian, «memoria ariketa kolektibo bat» egin nahi izan dute herri antzerki ibiltari bat onduta. Igandean antzeztuko dute, eguerdian hasita, Azken Portu auzoko Egaña kalean abiatu eta Musika Plazaraino ibilbidea eginda. Ehun herritar eta sortzaileren artean osatu dute herri ikuskizuna.

Azken Portun, Txikiren bizitzaren kontakizunarekin hasiko dira: familia nola iritsi zen Extremaduratik (Espainia), nola bizi ziren, haurtzaroa eta garai hartako bizimodua antzeztuko dute. Plaza Gorrian segituko du ikuskizunak, eta haren gaztaroa ulertzeko testuinguruaz arituko dira. Besteak beste, frankismo giroan nola joan zen ernatzen harengan abertzaletasuna, langileen eskubideen aldeko borroka eta beste. 

Frontoi Txikin izango du hurrengo geltokia herri ikuskizunak, eta diktaduraren aurkako borroka, Burgosko prozesua eta haren aurkako mobilizazioak gogoratuko dituzte, besteak beste. Kale Nagusian segituko du —garai hartan Guardia Zibilaren kuartela zegoen han—, eta Torre Luzearen alboan antzeztuko dituzte ikuskizunaren zatirik gogorrenak: atxiloketak, errepresioa, epaiketa, fusilamendua, herritarren erantzuna, mobilizazioak eta abar. Musika plazan amaituko da herri ikuskizuna, «garai hartako eta gaur egungo Euskal Herria uztartuz», ohar batean jakinarazi dutenez.

Hainbat diziplinatako sortzaileek bat egin dute herri ikuskizuna ontzeko. Ioritz Bastarrikak antzeztuko du Txikiren rola, eta Ascen Expositok, Antonia Manotena. Alproja antzerki taldekoek mendizaleen, atxilotuen eta epaituen rolak antzeztuko dituzte. Montetxio, Olagarro eta Xumela abesbatzetako kideek ere hartuko dute parte, Uxue Alkorta, Andoni Egaña eta Julen Zulaika bertsolariekin batera. Ane Arruti eta Goizeko Ihintza Txistulari Taldea, eta Ainhoa Agirreazaldegi, Ekhine Eizagirre, Leire Ibarguren, Jon Benito eta Edurne Epelde idazle eta kulturgileek ere bai, eta Sara Etxeberria margolariak. Horiez gain, herriko hainbat taldetako dozenaka kide ere ariko dira: mugimendu feministako, euskalgintzako, Palestinaren aldeko herri ekinaldietako, pentsiodunen aldeko mugimenduko eta presoen eskubideen aldeko taldeetako dozenaka kide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.