Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Elkarrizketa. Rafaela Romero. PSOEren Gipuzkoako diputatugaia

«Memoria ez da arautzen norbera memoriaren txapeldun izateko»

PPk eta Voxek gehiengoa izateko arriskua ikusita, Romerok uste du ezkerrak «obligazioa» daukala herritarren eskubideak babesteko: «Ezkerrak gai izan behar du aniztasuna eta pluraltasuna defendatzeko».

IDOIA ZABALETA / @FOKU.
jon olano
Donostia
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Mugikortasun diputatutza utzita, Espainiako Kongresuan hasiko da Rafaela Romero Pozo (Quintana de la Serena, Espainia, 1972). Gaur 87 urte dira Espainian faxisten altxamendua gertatu zela; efemeridea gogoan du Romerok: «Erronka da Espainia ez entregatzea altxatu zirenen bilobei».

Donostiako Oroimenaren Lorategian jarri duzu hitzordua.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburu zenean inauguratu zen. Hor egingo dira Loiolako Erriberako aldageltokiaren lanak, eta, hala, Gipuzkoako garraio publikoa are indartsuagoa izango da, topoa eta aldiriak elkartuko dituelako. Memoriaz, aldageltokiaz eta Zapateroz oroitu naiz, orain gure mitin emaile nagusia den horretaz. Berandu gogoratu dira hartaz PSOEn.

Aldageltokia aipatu duzu. Noizko egongo da prest? Urteak dira proiektuaz hitz egiten dela.

2028rako. Baldintzatuta dago zeinek ematen dion azken bultzada. Iñaki Arriola [Jaurlaritzako Garraio sailburua] eta Pedro Marcok [Azpegitura eta Garrio sailburuordea] egin dute hori. Balioak aldizkari ofizialera eraman behar dira, eta hortik politika publikora.

Esan duzu PSOEn berandu gogoratu direla Zapaterorekin.

Zapaterok bide propioa izan du. Lehen ezkutuan zuen, oso pertsona lotsatia baita, eta, orain, nabarmentzen hasi da. Zapatero askatasunen eta aktibismo sozialaren presidentea da, orain Pedro Sanchez babes sozialarena den bezalaxe. Zapatero izan zen iluntasuna zegoen lekuan eskubideak eman zituena .

Hura da eskuinari bataila kulturala egiten dion bakarra?PSOEn gehiago kostatzen da?

Ez dut uste; beti izan gara eskuzabalegiak, pentsatuta eskuinarekin eskuzabal izateak herrialde hau zerbait hobea bihurtu zezakeela. Baina eskuin espainiarrak eta eskuin muturrak eutsi egiten diote ezkerraren, desberdintasunaren, nazionalismoen eta gaztelania ez diren hizkuntzen aurka duten gerra amaigabeari. PSOEn denok esan dugu: aski da. Eskuin demokratiko bat ez dagoen bitartean, guk obligazioa dugu jendearen eskubideak salbatzeko. Ezkerrak gai izan behar du aniztasuna eta pluraltasuna defendatzeko. Espainia ez da bandera bat, ez da haiek dioten aberria; jendez osatuta dago.

Zapaterok Irene Montero [Espainiako Berdintasun ministroa] defendatu du.

Bai baitaki zer den leialtasuna.

Sanchezek ordea, esan du Soilik baietz da baietz legeaizan dela legealdiko hutsegite nagusia.

Gobernuko kide izanik, gobernuan jarri zutenek izan behar zuten hura defendatzen aurrenekoak. Sumarren zerrendak ez ditugu guk osatzen, eta ezin diogu eman merezi duen aitortza. Onartu diren lege guztiek zuten eskubideak eraldatzeko borondatea, hobeto zaintzekoa; baita Berdintasun Ministerioak sustatutako legeek ere, ez horrek bakarrik. Ni ez naiz bandoen zalea; gustatzen zaizkit Irene Montero eta Yolanda Diaz. Leialtasun arazoa beste batzuek dute.

Nork?

Ez dut sartu nahi... Biak miresten ditut. Baina zu denek hitzartutako gobernu progresistarekin engaiatuta bazaude, gobernu horretako kide guztiekin duzun leialtasunak, itxuraz behintzat, sendoa izan behar du.

Kezkarik ba al duzu Sumar-Podemos eztabaidak nola eragingo ote duen gehiengoetan?

Kezkatzen nau. Ni ezkerreko alderdi nagusiko militantea naiz, baina ez da esklusibista izan behar; ondo iruditzen zait Diazek talde batean ordenatu, batu izana progresisten multzo bat, helburu komun batekin. Sinetsi dezagun, talde guztiak bat eginda daudelako etsai komun baten aurka; Abascali Moncloako atea itxi behar zaio.

Lan erreforma, pentsioen igoera, gutxieneko soldatarena... Gobernuaren bilana hori da, baina inkestek Feijoori ematen diote gehiengoa. Zergatik?

Zaila da; herritarrek kudeaketa kontu tekniko batekin identifikatzen dute agian. Hau politika da; politika bizitza da, zerbitzu publikoek bermatzen dituzte herritarren eskubideak. Agian transmisioa da arazoa. Politikak jendearen bizitza hobetu edo okertu dezake; gobernu honek, bere babes parlamentarioekin, hobetu egin du.

Sanchismo hitzak arerio politikoa deshumanizatzen du?

Euskadin oso ondo ikasi dugu hori; deshumanizazioak bide ematen die estigmatizazioari eta bazterketa sozialari. Jarrera biolentoak deslegitimatzeko orduan, izan gaitezen eskuinarekin eta eskuin muturrarekin iraganean izan garen bezain exijenteak.

PP jada ari da Voxekin itunak egiten. Nola bizi duzu Espainiako giro politikoa?

Beldurrik gabe. Konplizitateak josi ditugu azken lau urteetan.

PSOEko eta Espainiako kargudun ohi ugarik GALi buruz hitz egin dute legealdi honetan; Espainian, adierazpen horiek ez dute inolako eraginik. PSEk zer gaitasun du PSOEn eragiteko horrelako gaiei dagokienez?

Denbora da kontua. Ez genuen bakea lortu behar, eta lortu genuen. Ez genuen memoria demokratikoko legerik izango, eta erdietsi genuen. Orain arte ez da egin terrorismo guztien biktimen aitortzarik, eta orain bai. Memorian, lana dago egiteko. Ados nago: sekretu ofizialekin, jarraitu egin behar da, biktima guztiek egia, aitortza eta erreparazioa izan ditzaten. PSOEn, lan hori nahikoa zabalik daukagu. Barkamena borondatezkoa da, baina ahanztura ez.

Sekretu Ofizialen Legea, eskumenen transferentzia... EAJ ez duzue oso pozik.

EAJri memoria arautzea gustatzen zaio, baina memoria ez da arautzen norbera memoriaren txapeldun geratzeko; memoriaeskuzabaltasun handiz eraikitzen da. Transferentziena: eskumenak gauzatzeko daude, ez aldarrikatzeko. Garraio publikoa geneukan, eta [EAJkoek] ez zuten dirurik jarri nahi %50eko deskontuetarako: Espainiak ordaintzea nahi zuten. Jendearen bizimodua hobetzeko bada, ordaindu dezala Espainiak. Zertarako dauka garraio eskumena? Soilik abiadura handiko trena eraikitzeko?

Zein da Gipuzkoako aldirikoekin gertatzen ari denaren erantzulea: PSOEren gobernua, Arriolaren saila edo aldundia, eta, beraz, zu?

Aldirikoak hobetzeko lanak bidean daude. Lanak martxan, eskumena lortuta eta Arriolak lortuko dituen baliabideekin, arazoa konpontzeko bidean dago. Garraio publikoari dagokionez, eredu izango gara Europan; sare oso indartsua eta justua izango dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.