Hauteskunde giro betean, kanpaina kutsua hartu du, halaber, Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko militanteen aldeko aurtengo omenaldiak. Estatuko talde paramilitarrek azaroaren 20an erail zituzten biak, 1984an Brouard, eta 1989an Muguruza; 42 eta 37 urte igaro dira, hurrenez hurren. Baina denbora gorabehera, haiek «hil zituzten indar berberek» Euskal Herriari eta euskal gizarteari «atzera eginarazi» nahi dietela ohartarazi du Gorka Elejabarrieta EH Bilduren Espainiako Kongresurako hautagaiak. Horren aurrean, «memoria inklusibo bat» aldarrikatu du koalizioak Bilboko Errekalde auzoan, Muguruzaren omenez margotutako muralaren parean.
Brouarden eta Muguruzaren senideen, lagunen eta hainbat alderdikideren aurrean mintzatu da Elejabarrieta, besteak beste; jendetza batu da ekitaldian, baita haren ostean Brouarden oroitarrian egin duten lore eskaintzan ere, Ametzola parkean. «Gaur egun berezia da Bilbon eta Euskal Herrian: oroimenerako eguna», adierazi du Elejabarrietak. Haren berbetan, efemerideak ez du gogoratzen soilik haien «heriotza lazgarria eta mingarria», baizik eta baita haien bizitza ere, «haien emana eta ekarria». Euskal Herriaren askatasunaren alde lan egin zutela goretsi du, eta laga zuten arrastoa akordura ekarri beharra dagoela bereziki orain, «faxismoaren mehatxua» dela eta. «Arrisku handiei aurre egin behar diegun honetan gogoan izan dezagun haiek ereindakoak eman dizkiola herri honi aurrera egiteko indarra eta ausardia».

Memorian egin du azpimarra EH Bilduko eledunak. «Gure herrian oraindik ere sendatu gabeko zauri asko daude, eta, zoritxarrez, zauri horiek itxi gabe jarraitzea nahi dutenak egon badaude». Horiek sendatzeak memoria osoa onartzea ekarriko lukeela uste du, eta nabarmendu du «biktima guzti-guztiak» aitortu behar direla, «baita oraindik ere egia eta erreparazioa ukatzen zaizkienak ere». Haren irudiko, euskal gizarteak «konpromiso irmoa du» memoria hori eraiki eta guztien eskubideak jagoteko, «inongo salbuespenik gabe», eta bere alderdiak ere beste horrenbeste gura duela ziurtatu du. «Enpatia, sentsibilitate eta erantzukizun handiz egin behar dugu bide hau, euskal herritarrok merezi eta nahi dugun oraina eta etorkizuna bakean eraikitzeko. Hori da EH Bilduren konpromisoa».
Biktima denek egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duten eskubidea berma dadin, «erabaki ausartak hartu eta urrats berriak egin» behar direla defendatu du, eta Espainiako Estatuak ere «aitortzaren eta erreparazioaren bidea» hartu beharko duela. «Izan ere, hainbeste urtez eutsi dion zigorgabetasunaren eta sekretismoaren mantua altxatzea ezinbestekoa da gure herriari justiziaz eta zintzotasunez erantzuteko».
Indarra eta kontzientzia
Brouard eta Muguruza urtero omentzen dituzte, urtero nabarmentzen dute haien ekarpena, eta urtero biltzen da jende andana bat haien erretratuak lorez janzteko. Baina aurtengo omenaldiak aparteko ñabardura bat izan du: azaroaren 29ko hauteskundeei begira ere aldarrikatu dute bi militanteek egindako lana. Elejabarrietak mugarri gisa aurkeztu ditu hurrengo igandeko bozak, euskal herritarren «eskubide sozial eta nazionalak ukatu eta askatasunak murriztu nahi» dituen joera bat baitago; eta Brouarden eta Muguruzaren memoria berme modura aldarrikatu du «mehatxu erreakzionarioari» aurre egiteko. «Ez dute lortuko, herri hau indartsua delako, kontzientzia duelako, eta faxismoaren mehatxuaren aurrean makurtzen ez delako».
«Espainiako Estatuak hainbeste urtez eutsi dion zigorgabetasunaren eta sekretismoaren mantua altxatzea ezinbestekoa da gure herriari justiziaz eta zintzotasunez erantzuteko»
GORKA ELEJABARRIETA EH Bilduren hautagaia Espainiako kongresurako
Bi militanteek «bizia eman zuten» herriaren alde. «Madrilen Josu tirokatu zutenek ezker subiranista eta independentistaren ahotsa isilarazi nahi zuten». Baina Elejabarrietak nabarmendu du ahots hori 1989an baino ozenago entzuten dela orain Espainiako Kongresuan, koalizioak gaur egun dituen sei eserlekuei eta inkestek aurreikusten dioten gorakadari erreferentzia eginez. Datorrenari «ilusioz, itxaropenez eta memoriaz» heltzeko prest agertu dira. «Aurrera egiteko garaia da, Santik eta Josuk partekatzen zuten amets hori, guk guztiok partekatzen dugun amets hori egi bihurtzeko garaia iritsi zaigu».