Memoria landu beharra aldarrikatu dute Blancoren eta Mazoren omenaldian

Ermuko Udalak antolatuta, Miguel Angel Blanco eta Sotero Mazo oroitu dituzte, biak ETAk hilak. San Josek betebehartzat jo du «biktimak entzutea».

ESPAÑA VÍCTIMAS TERRORISMO
Miguel Angel Blancori omenaldia egin diote, Maria Jesus San Jose Justizia sailburua buru zela, Bilbon. JAVIER ZORRILA / EFE
Iosu Alberdi.
2025eko uztailaren 11
13:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Urteroko moduan, Ermuko Udalak (Bizkaia) antolatuta, Miguel Angel Blanco PPko zinegotzia eta Sotero Mazo oroitu dituzte, biak ETAk hilak. Ekitaldian, Beatriz Gamiz alkateak eta Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak memoria landu behar dela aldarrikatu dute.

«Ermuak ez du ahazten. Ermuak oroitu, ohoratu eta besarkatu egiten du», adierazi du Gamizek. Izan ere, azaldu du udalerri hark ondo ezagutzen dituela «mina» eta «terrorearen kontrako duintasuna eta sendotasuna». Hain zuzen, gaurkoa bezalako ekitaldiek memoria bizirik mantentzeko balio dutela argudiatu du, hura delakoan «indiferentziaren eta justiziarik ezaren kontrako antidotorik onena».

Ekitaldian, Ermuko Udalean ordezkaritza duten alderdiez gain, presente egon dira San Jose bera, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea eta Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaria. Baita Blancoren eta Mazoren senideak ere. Haiei ere mintzatu zaie Gamiz: «Zuen mina gure historiaren parte da, eta zuen duintasuna, egunero interpelatzen gaituen lezio bat».

San Josek, berriz, etorkizuna eraikitzeko «oinarrizko euskarritzat» jo du memoria demokratikoa, eta, biktimak hizpide, horiek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko duten eskubidea aldarrikatu du: «Biktimak entzutea, euren duintasuna babestea eta aitortza bermatzea betebehar instituzional bat da, baina baita betebehar moral bat ere».

Izan ere, San Joseren hitzetan, ez dago gizarte justu bat eraikitzerik «basakeriaren biktimak» ahazten badira. «Euskadin ez dago lekurik ezberdin pentsatzen duenaren kontrako indarkeriarako eta intolerantziarako», esan du.

PPk, berriz, bihar egingo du Blanco omentzeko omenaldia, Ermuan bertan. Han izango dira, besteak beste, EAEko alderdiburu Javier de Andres eta Miguel Tellado, PPko idazkari nagusi izendatu berria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.