Mende erdi bete da ETApm-k Angel Berazadi enpresaria hil zuela

Elgoibarko Sigma enpresako kudeatzailea 1976ko martxoaren 18an bahitu zuten, eta apirilaren 8an hil; ETAk hildako lehen enpresaria izan zen.

Angel Berazadi ETApm-k bahitua izan zueneko argazki batean. SAREAK
Angel Berazadi ETApm-k bahitua izan zueneko argazki batean. SAREAK
xabier martin
2026ko apirilaren 7a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

1975ean, ETApm iraultza zerga eskatzen hasi zitzaien zenbait enpresariri. Angel Berazadi Uribe (Zarautz, 1918-Elgoibar, 1976) bahitu aurretik, beste bi enpresari bahitu zituen erakunde armatu horrek, baina biak askatu zituen, erreskateak jasota. Elgoibarko (Gipuzkoa) Sigma enpresako kudeatzailearen bahiketa bestela bukatu zen: askatu ez, hil egin zuten. Bihar 50 urte beteko dira ETAk lehen enpresaria hil zuela. Berazadi da, halaber, ETAren bahituen artean lehen hila.

ETApm-ko Bereziak komandokoek 1976ko martxoaren 18an bahitu zuten josteko makinak egiten zituen enpresaren burua; informazio ofizialen arabera, erakundearen zuzendaritza jakinaren gainean egon gabe. Hogei egun egin zituen bahiturik, eta, tarte horretan, bahitzaileek 200 milioi pezetako erreskatea exijitu zioten Berazadiren familiari —gaurko hamabi milioi euro—. Familiak ohartarazi zuen ez zela gai diru kopuru hori lortzeko, eta kopuru txikiagoa eskaini zuen. Halaber, berretsi zuen hilabete batzuk lehenago gutun bat bidali ziotela enpresariari, eta bi milioi pezeta eskatu (12.000 euro).

Poliziaren informazioei jarraikiz, ETApm-ko zuzendaritzak bilera bat egin zuen erabakitzeko Berazadiren bahiketa nola kudeatuko zuten. Ustez, hamasei kidek osatzen zuten zuzendaritza, baina soilik sei egon ziren bilkura horretan. Bozketa bati buruzko informazioak ere kaleratu ziren: han deliberatu ei zuten bahiturik zegoen enpresaria hil egingo zutela. Sigma enpresako kudeatzailea Elgoibarren azaldu zen hilik, apirilaren 8an.

Aberri Eguna

Gertaera horrek eragin handia izan zuen euskal gizartean, baita alderdi politikoen artean ere, eta bereziki enpresa munduan. Lehen enpresari hila zen Berazadi, eta haren heriotzak mezu argia bidali zien iraultza zerga ordaintzeko gutunak jasotzen ari zirenei.

Aberri Egunaren deialdi bateratua egiteko lanketa bat zapuztu zuten Berazadiren bahiketak eta hilketak. Erbesteko Eusko Jaurlaritzak uko egin zion deialdi horrekin jarraitzeari.

Aberri Egunaren deialdi bateratua egiteko lanketa bat ere zapuztu zuten Berazadiren bahiketak eta hilketak. Erbesteko Eusko Jaurlaritzak uko egin zion deialdi horrekin jarraitzeari. Giro politikoa borborka zegoen 1976ko martxo-apiril haietan. Aberri Eguna frankismoaren aurkako borrokaren egun bihurtu zuten, eta, diktadorearen heriotza baliaturik, legez kanpoko alderdi guztiak bandera hura hartzeko prest zeuden, ez soilik indar abertzaleak. Baina Berazadiren hilketaren ostean, erbesteko Jaurlaritzako EAJk eta PSOEk atzera egin zuten.

Gainera, Zarauzko enpresariaren hilketa Segoviako ihesaren amaierarekin batera heldu zen. Apirilaren 8an harrapatu zituzten azken iheslariak Orrega inguruan (Nafarroa), Iparraldera iritsi ezinik. Hain zuzen, iheslari gehienak ETApm-koak ziren, eta ihes egitea lortu zuten lauren artean, hiru ETAren adar horretako militanteak ziren. Bestalde, Gasteizko Martxoaren 3ko sarraskiaren aurkako protesten suk amatatu gabe zegoen artean.

Angel Berazadi ezkondua zegoen, eta sei seme-alaba zituen. Donostian bizi zen, Intxaurrondoko Villa Yeyete etxean. Euskalduna zen, eta ikastolak abiarazteko lanean aritu zen, Donostian, Zarautzen eta Elgoibarren.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA