Begirada «politiko» batetik abiatuta, Deserrotuak: bipiltzea eta mugen arteko ibilbidea txostena ondu eta aurkeztu du gaur Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak, EHUko Donostiako Zuzenbide Fakultatean. Azterlan horretan, asilo eskubidearen, mugen politiken eta estraktibismoaren arteko loturak aztertu dituzte, azken urteotan Euskal Herrira iritsi diren hainbat migratzaileren bizipenetatik abiatuta. Haietako bat da Abdoulaye Sarr SOS Arrazakeriako kidea, eta argi esan du: «Migrazio itunen eta akordioen inguruan hitz egitean, maiz ahaztu egiten zaigu pertsona batzuek pairatzen dituztela horien ondorioak, eta pertsona horiek zailtasun handiei egin behar dietela aurre bai sorterrian, bai helmugako herrialdean».
Sarr duela zortzi urte iritsi zen Euskal Herrira, Senegaldik. Zuzenbidea ikasi zuen han, eta interprete lanak egin ditu gaur aurkeztu duten txostenean jasotako istorioak zehatz-mehatz bildu ahal izateko. Horrez gain, bere eta Senegalgo herritarren bizipenak ere kontatu ditu: «Europako Batasunak (EB) arrantzarako itun bat erdietsi zuen Senegalekin 1979an, Europako itsasontziek hango uretan arrantzatu zezaten; bada, zortzi urterekin, artean Euskal Herria existitzen zenik ere ez nekiela, ikasi nituen Euskal Herriko zenbait herriren izenak: Getaria, Orio, Bermeo, Hondarribia...». Izan ere, txostenean adierazi dutenez, Senegalgo kostan jarduten duten arrantzarako itsasontzi europar gehienak euskaldunak dira; hots, 2019ko datuen arabera, hondoko arraste arrantzarako itsasontzien %52 atzerriko jabeenak ziren, eta horietatik %23 Espainiakoak eta Hego Euskal Herrikoak ziren.
«Europako itsasontzi industrialek itsas zabalean arrantzatu zezaketen; hortaz, gero eta arrain gutxiago zegoen Senegalgo itsasontzi tradizionalen bidez lan egiten zuten herritarrentzat»
ABDOULAYE SARR SOS Arrazakeriako kidea
Sarrek salatu duenez, itsasontzi horietako jabeek ez zieten berdin ordaintzen langile senegaldarrei eta langile euskaldunei; eta gainera, kalte egin zieten ordura arte arrantzan jarduten zuten senegaldarrei: «Europako itsasontzi industrialek itsas zabalean arrantzatu zezaketen; hortaz, gero eta arrain gutxiago zegoen Senegalgo itsasontzi tradizionalen bidez lan egiten zuten herritarrentzat». Hain justu, Eusko Jaurlaritzak EBko itun hori defendatzea eta babestea gaitzetsi du txostenaren egile eta Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko kide Raquel Celisek, eta nabarmendu Senegalgo adibidea lehen lerrora eraman arren antzeko egoerak pairatzen dituztela Hegoalde Globaleko beste hamaika herrialdetan ere.
Desplazamenduaren estrategia
Hegoalde Globaleko biztanle ugarik ingurumen arazoek bultzatuta egiten dute ihes beren sorterritik; bada, Celisen arabera, desplazamendua ez da «ondorio bat», «sistema kapitalista arrazista baten estrategia bat» baizik. «Kapitalismoak ez du arrazaren araberako zatiketa eragiten, arrazaren araberako zatiketari esker eusten dio botereari», gehitu du. Txostenean salatu dutenez, Mendebaldeko enpresek eta multinazionalek «okupatu» egiten dituzte Hegoalde Globaleko lurraldeak, eta, ondorioz, bertako baliabide naturalak desagerrarazten dituzte, eta tokiko populazioaren bizimodua suntsitu.
«Kapitalismoak ez du arrazaren araberako zatiketa eragiten, arrazaren araberako zatiketari esker eusten dio botereari»
RAQUEL CELIS Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko kidea
Hala, sorterria utzi eta migrazio ibilbide bati ekin behar izaten diete egunero-egunero milaka eta milaka pertsonak, zer eta Euskal Herrira iristean, traba administratiboetan eta izapide burokratikoetan korapilatzeko. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak bildu dituzte gaur aurkeztutako txostenean: zehazki, 2023. urtekoak eta 2024. urteko lehen seihilekokoak. Horren arabera, 2023an 6.157 pertsonak izapidetu zuten nazioarteko babesa jasotzeko eskabidea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: 3.841ek Bizkaian, 1.229k Araban eta 1.087k Gipuzkoan; 2024ko lehen seihilekoan, berriz, 2.898k eskatu zuten Bizkaian, 851k Araban eta 847k Gipuzkoan. Txostenaren egileek salatu dutenez, prozedurak ez dira «homogeneoak», ezta «eraginkorrak» ere; hots, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak eskaera horiek izapidetzeko prozedura desberdinak dituzte.
Halere, Hego Euskal Herrira iristen diren migratzaileen izapideei dagokienez, Espainiako Barne Ministerioari dagokio eskabide horiei erantzutea, baita asilo prozedurari lotutakoei ere. Bada, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak jakinarazi duenez, 2023an nazioarteko babesari lotutako ezezko erantzun gehien eman zituen herrialdeetako bat izan zen Espainia: eskaeren %12,7 onartu zituen; Europako Batasuneko herrialdeek, berriz, eskaeren %42 onartu zituzten batez beste.
«Indarkeria» eta mugak
Txostenaren aurkezpenean izan da Monica Gortayre Madrilgo (Espainia) erregularizazioaren aldeko batzar antirrazistako kidea ere; hain justu, Espainiako Gobernuak onartutako migratzaileen ezohiko erregularizazio prozesua zertan den argitzeko, hilaren 30ean bukatuko baita eskaera egiteko epea. Haren arabera, migrazioaren inguruko izapide administratiboek eta traba juridikoek «indarkeria instituzionala» erreproduzitzen dute, eta nabarmendu du prozesu horiek «nahita» direla «korapilatsuak eta bortitzak», herritarrei beren «eskubideak mugatzeko».
Bukatu baino lehen, iaz Senegalera bisitan joan zeneko pasadizo bat kontatu du Sarrek: «Nire herrian nengoela, gizon bat entzun nuen euskaraz hitz egiten. Segidan joan nintzen harengana, Senegalen inork ez baitu euskaraz egiten, eta zeharo harritu nintzen guardia zibil bat zela ikustean. Pentsa, guardia zibil bat euskaraz [barrez]. Zertan zebilen galdetu nion, eta esan zidan EBren itun bat betearazteko zegoela han: helburua zen Senegaldik Kanaria Uharteetara (Espainia) irteten ziren ontziak atzematea. Nik hauxe erantzun nion: Afrikak ez du laguntzarik behar, bakean utz dezaten behar du; bertako baliabide naturalak ustiatzen jarraitzen duzuen artean, etengabe irtengo dira ontziak».