Bizkaiera Araban sortu zen, ez Bizkaian. Tesi hori plazaratu du Koldo Zuazo hizkuntzalariak (Eibar, Gipuzkoa, 1956) bere azken lanean. Arabako euskara izenburu du liburuak eta asteartean aurkeztu zuen. Egileak sakon ikertu du euskalkia, eta datu ugariz mamitu du baieztapen hori.
Mendebaldeko euskararen sorrera Gasteiz inguruan kokatu duzu. Nola iritsi zara ondorio horretara?
Gauza berriak sortu dira hizkuntzan, eta Bizkaira, Deba ibarrera, Arabara, Goierrira, Urola aldera eta Nafarroa mendebaldeko Burunda, Amezkoa eta Lana eskualdeetara heldu dira berritasun horiek. Uste izan da Bizkaitik joan direla gauzak hara eta hona, baina oso zaila da hizkera Bizkaitik Nafarroara mugitzea. Aldiz, Arabatik hedatu zela pentsatuz gero, errazago ulertzen da hori.
Bestetik, XVI. mendeko idatzietan nabari da Arabako euskara berritzaileagoa zela. Azkenik, Gasteiz zen inguruko hiri nagusia. XI. mendean sortu zuten apezpikutegia bertan. Apezpiku bat egoteak eta harresiak edukitzeak adierazten du hiri garrantzitsua zela. Bilbo aipatu izan da berrikuntza gunetzat, baina Bilboren handitasuna XIV. mendeaz geroztikoa da; ordurako, bazegoen bizkaiera.
Duela mila bat urte sortu zela diozu.
Euskalkiak oso zaharrak diren mitoa egon da. Garai batean Espainia osoan euskaraz egiten zela frogatu nahi zuen Larramendik; euskalkiak ez zirela hizkuntza hondatu baten aztarnak, baizik eta Jainkoak sortu zituela. Ikuspegi zientifikoago bat eman zuen Julio Caro Barojak, esanez euskalkiak tribuen ondorio direla. Pentsatu dugu euskalkiak oso zaharrak direla, harik eta Koldo Mitxelenak, 1981ean, ezetz esan zuen arte, euskalkiak ezin direla oso zaharrak izan, bi arrazoirengatik: latinetik etorritako hitzak modu berean egokitu direlako euskalki guztietara, eta egitura aldetik berdinak direlako euskalkiak, oso ezberdinak iruditu arren. Haren ustez, VI. mende inguruan sortu ziren euskalkiak. Iritzi berekoa naiz.
Tesi berritzailea da, Arabako euskara bizkaieraren adar bat zela ustezen.
Araban iraultza bat egon da. 1958ra arte ez genekien ezer Arabako euskararen gainean, baina urte horretan argitaratu zen Landucci italiarrak 1562an idatzitako hiztegi bat. Hori eta beste lau lekuko ezagutu ditugu, eta, horiei esker, ideia bat egin dezakegu nolakoa den Arabako euskara. Hain zuzen, Arabako euskararen gramatika eta hiztegi bat egin dut liburu honetan.
Zertan bereizten dira Arabako euskara eta, adibidez, Iruñetik hedatutakoa?
Esaterako, a hizkiarekin amaitutako hitzak eaz bukatzen ziren Arabakoan; XVI. mendeko izkribuetan ageri zen hori. Beste desberdintasun nabarmen bat da Nor-nori-nork aditzetan eutsi erroa agertzen dela ordurako.
Euskalkien mapa osatzen hasi zinen 1998an, eta berrikusi egin zenuen 2008an. Aldaketarik nabaritu al duzu azken lau urteotan?
Bai. Azken bi urtean Araitz-Betelu inguruan nabil lanean. 2008an, liburu batean, nioen hango euskara eta Tolosakoa berdintsuak direla. Ikusten ari naiz, ordea, antz handia dutela, baina muga bat dagoela Lizartzatik Atallura edo Arribera. Gainera, hizkuntzak aldatu egiten dira. Uste dugu Bonaparteren sailkapenak beti berdin segitu behar duela, baina hizkuntzak aldatzen diren bezala aldatzen dira euskalkiak. Bizimodua bera oso azkar ari da aldatzen, eta, beraz, euskara batua sortzeak eta eskoletan irakasteak zeharo aldatu du hizkuntza.
Batuaren irakaskuntzak badu eraginik euskalkien transmisioan?
Bai, asko berdindu da zazpi herrialdeetan. Iparraldean asko elikatzen dira frantsesetik, baina Hegoaldean asko ari da berdintzen hizkuntza. 1960-1970 ondoren jaio direnen euskara eta lehenago jaio direnena nabarmen ezberdinak dira.
Euskalkien kalterako?
Batzuetan bai. Aldaketa batzuk onerako izan dira. Zergatik sortu dira euskalkiak? Euskara ez delako hezkuntzan eta administrazioan egon; azken batean, ofizialtasunik ez duelako eduki eta Euskal Herria bera zatituta egon delako administrazioz. Gaur ere zatituta jarraitzen dugu; ofizialtasuna ez dugu lortu oraindik, baina irakaskuntzan urratsak egin dira, hedabide batzuk baditugu, administrazioan leku bat badu euskarak, eta, horri guztiari esker, berdintzen ari da euskara. Eta hori ona da, baina batzuetan, lasterregi ibili gara; sentsibilitate gutxiegi izan dugu, eta ez ditugu bereizi herri euskaldunak eta erdaldunak euskara batua sartzeko orduan. Berdin jokatu dugu Orendainen eta Oionen, eta hori astakeria bat da.
Beteluko euskara aztertzen ari zara orain. Zer topatzea espero duzu?
Ikusi nahi nuen zenbaterainoko eragina duen han gipuzkerak eta euskara batuak. Eremu hori Nafarroako euskaran sartu zuen Bonapartek, baina arrazoi gutxitan oinarritu zen. Oso gustura nabil. Garai batean baino gehiago egiten dute euskaraz, eta euskalkiaren transmisioa ondo egiten dute.
Koldo Zuazo. Hizkuntzalaria
«Mendebaldeko euskararen hedapena ulertzen errazagoa da sorrera Araban kokatuta»
Euskalkien gainean lan mardula egindakoa da Koldo Zuazo, eta bereziki ezaguna da hark osatutako euskalkien mapa. Mendebaldeko euskararen jatorriaz bestelako irakurketa egin du azken liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu