Mendebaldeko Saharako osasun arloko premiak identifikatzea eta esparru horretako nazioarteko lankidetza sustatzea helburu, Mendebaldeko Saharako Osasun Ministerioak eta Mundu Bat elkarteak egun osoko jardunaldi bat antolatu dute; bihar egingo dute, Donostiako Aiete jauregian.Â
09:30ean ekingo diote eguneko plangintzari, eta jardunaldiaren metodologiaren azalpenak emango dituzte. Gero, taldekako lanak abiatuko dituzte, eguerdira arte. Bazkaltzeko tartearen ondoren, goizean hasitako lanei segida emango diete, eta, jardunaldia bukatzeko, osoko bilkura bat egingo dute talde bakoitzean jorratutakoa besteekin zabaltzeko.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sei talde banatuko dituzte, bakoitzaren espezializazioaren eta landu beharreko ildoaren arabera: osasun langileentzako pizgarrien finantzaketari buruzkoa; lehen mailako arretan laguntzeko taldeen ingurukoa; osasun programa nazionalak jorratuko dituena; Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako arreta kirurgikoari buruzkoa; prestakuntzakoa; eta, azkenik, ekipamenduak mantentzeko lanaren eta osasun egituren premien ingurukoa.Â