Biztanleriaren zahartze progresiboak eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen hazkundeak erronka estrategikoa bihurtu dute zaintza eredua. Alabaina, erakundeek «lankidetza publiko-pribatua» lehenetsi dute, eta horrek «sistema merkantilista eta autoritarioa» ekarri du, pertsona ahulenak «babesgabe» utzita. Horixe salatu du gaur Euskal Herriko iraupen luzeko zainketekin sentsibilizatutako pertsonen federazioak —Babestu, Gipuzkoako Senideak eta Zaintza Araba elkarteek osatzen dute—. Eta errealitate hori bistaratzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren artean egindako inkesta baten datuak paratu dituzte mahai gainean. Horra ondorio nagusietako bat: inkestan parte hartu duten %86,3ren arabera, mendeko pertsonek ez dute behar duten laguntza jasotzen etxean bizi ahal izateko.
Guztira, 2.427 erantzun jaso dituzte 2026ko otsailaren 15etik martxoaren 31ra bitartean, telematikoki eta aurrez aurre. Inkestari erantzun dioten gehienak emakume bizkaitarrak izan dira, 41 eta 64 urte artekoak, zaintza sektorearekin lotura profesionalik ez dutenak, baina mendeko pertsonen arretarekiko interes handia dutenak.
Herritar gehienak oso kritikoak dira gaur egungo zaintza ereduarekin. Inkestatuen %70,3k uste dute erakundeak ez direla nahikoa egiten ari edo arazoa oker kudeatzen ari direla. Aldiz, %4 baino ez daude pozik egungo egoerarekin. Egoitzen inguruko pertzepzioa ere negatiboa da. Inkestatuen %35,7k egoitza «azken aukera» gisa soilik ikusten dute, eta %24k asko pentsatuko lukete bertara jo aurretik.
Sistema publikoaren alde
Inkestak agerian utzi du inkestatutako gehienek eredu publiko baten alde egiten dutela. Parte hartzaileen ia gehienek nahiko lukete zaintza sistema %100ean publikoa izatea. Halaber, inkestatutakoen eskaera nagusietako bat da egoitzetako osasun arreta zuzenean Osakidetzaren esku egotea. Hamar inkestatuetatik bederatzik egin dute horren alde.
Herritar ia gehienek, gainera, erabiltzaileek eta senideek zentroetako erabakietan parte hartzea nahi dute. Inkestatuen %75,8k uste dute familien egitekoak «osagarria» izan behar duela, eta ez baliabide publikoen gabeziaren ondorio. Bestalde, inkesta erantzun duten %72k defendatzen dute zaintza doakoa izatea edo gehienez egoiliarraren pentsioaren zati batekin ordaintzea, ohiko etxebizitza edo ondarea arriskuan jarri gabe.
Lurralde arteko desorekak amaitzeko nahia ere nabarmentzekoa da. Herritarrek arreta eredu bera eskatzen dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta inbertsio funtsak sektoretik kanpo uztearen alde agertu dira, etekinak mugatu eta diru publikoa zaintzaren kalitatean inbertitzeko.