Mendekotasunaren alorrean beste 904 milioi euro banatuko ditu Espainiako Gobernuak

Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak gaur bozkatuko ditu desgaitasunari eta mendekotasunari buruzko lege berria eta Ministroen Kontseiluak ekainaren 23an onartutako lege dekretua.

Mendekotasun Legean aurreikusitako laguntzak aldundiak eta udalek ematen dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. GAIZKA IROZ
Mendekotasun Legean aurreikusitako laguntzak aldundiak eta udalek ematen dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. GAIZKA IROZ
14789412 kepa
2026ko uztailaren 14a
16:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Gobernuak handitu egin du mendekotasun graduren bat aitortua duen pertsona bakoitzeko erkidegoei ematen dien diru kopurua, Ministroen Kontseiluak gaur 904 milioi euroko beste diru sail bat onartu baitu. Finantzaketa handituz, besteak beste, itxaron-zerrendak eta sektoreko langileen baldintzak hobetzea espero dute, mendeko direnentzako zerbitzu zorroa handitzeko.

Prestazioen sistema publiko horren finantzaketa hiru zutabetan oinarritzen da: gutxieneko maila, Espainiako Estatuak emandakoa; gehigarria, gobernu autonomikoei dagokiena; eta adostutakoa, administrazio maila biek lurralde kontseiluetan hitzartutakoa. Azken horri dagokio gaur iragarritako diru sail hori, Pablo Bustinduy Espainiako Gobernuko Eskubide Sozialen ministroak azaldu duenez.

Helburu jakin batzuk bete behar dituzte dirua jasotzen duten autonomia erkidegoek: besteak beste, itxarote zerrendak murriztea eta sektoreko lan baldintzak hobetzea, Bustinduyk azpimarratu duenez. Autonomia erkidegoen diru hori beste arlo batzuetara bideratzea ere eragotzi nahi dute. «Klausula bat bete behar dute: autonomia erkidego batek mendekotasunaren finantzaketa murrizten badu, gutxiago jasoko du. Hau da, autonomia erkidego batek mendekotasun sistemari egiten dion ekarpenetik kentzen duen euro bakoitzeko, euro bat gutxiago jasoko du», nabarmendu du ministroak.

Estatuko inbertsioa ere hazi egin da aipatutako gutxieneko mailaren eskutik. Duela bi aste, ekarpen hori handitu egin zuten lege dekretu bat onartuz. Horri esker, orain artekoa halako bi izango da laguntza handiena behar duten pertsonentzako prestazioa.

Finantzaketa berri horri esker, Estatuak erkidegoetako gobernuei egingo dien ekarpena 6.200 milioi eurokoa izango da 2026tik 2027ra bitartean, gutxieneko mailaren eta adostutako mailaren igoerak batuta. «Autonomia erkidegoetako gobernuek, batez beste, mendekotasunerako baliabideen %98,7 gehiago jasotzea ekarriko du horrek, gutxieneko mailari dagokionez soilik», zehaztu du Bustinduyk.

Gaurko bozketa

Joan den ostegunean, konpromiso hori arau bihurtzearen alde bozkatu zuen Espainiako Diputatuen Kongresuko Gizarte Eskubideen Batzordeak: desgaitasunaren eta mendekotasunaren legearen erreforman, aintzat hartu zuen Estatuak mendekotasun sistemaren kostuen %50 bere gain hartzeko betebeharra duela.

Bada, Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak gaur bozkatuko ditu ekainaren 23ko lege dekretua eta desgaitasunari eta mendekotasunari buruzko lege berria. Lehenengoak sistemaren finantzaketa handituko du, eta bigarrenak «legezko bermeak» ezarriko ditu etorkizunean murrizketei aurre egiteko. Horiek biak onartzeak «mendekotasun sistemaren egokitzea» ekarriko du, Bustinduyren hitzetan: «Eredu sendoagoa eta egonkorragoa lortuko dugu, eta eskubideak bermatuago egongo dira».

Hego Euskal Herrian, Nafarroako Gobernuak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek eta udalek ematen dituzte Mendekotasun Legean jasotako laguntzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA