Europan ikerketa zientifikorako ematen den diru laguntza garrantzitsuenetako eta handienetako bat jaso du Unai Pascualek (Gasteiz, 1973), BC3 Klima Aldaketa Ikergai zentroko ikertzaileak. Europako Ikerkuntza Kontseiluak hari eta beste hiru ikertzaile nagusiri batera emandako laguntza da, hamar milioi eurokoa, eta gizartearen eta naturaren arteko harremana ikertuko dute Afrika ekialdeko mendiko eskualdeetan. Mendialdean gertatzen diren eraldaketek altuera txikiagoetako lekuetan eragina dutela azaldu du, besteak beste.
Ikertzaileen arteko elkarlana da lortu duzuen diru laguntzaren funtsa. Nork osatzen duzue taldea?
Lau ikertzaile nagusi gara, eta gero beste laguntzaile batzuk egongo dira. Rob Marchant (Yorkeko Unibertsitatea), Laura Pereira (Johannesburgoko Witwatersrand Unibertsitatea) eta Thomas Hickler (Alemaniako Senckenberg Institutua) arituko dira nirekin. Deialdi honek ERC Synergy izena du, eta hiru edo lau ikertzailek osatutako talde bati ematen zaio diru laguntza. Izan ere, zientzian badakigu galdera batzuei erantzuna emateko diziplinen arteko elkarlana egin behar dela. Hori jakinda sortu zen laguntza hori, eta ikertzaile horiek demostratu behar dute elkarlan hori gabe hainbat galdera ezingo liratekeela inolaz ere erantzun.
Afrikako eskualde menditsuetako ekosistemak ikertuko dituzue. Zer dela eta?
Rob Marchant ekologoa da, mendiko ekosistemetan lan egiten du, eta antzinako datuak analizatzen ditu arkeologoekin batera. Afrikan egin du lan gehienbat, eta ni gehiago aritu naiz Hego Amerikan. Hark bazekien zertan ari nintzen ni, eta nirekin kolaboratu nahi zuen.
Ikusi gehiago
Afrika munduko kontinente txiroena da, baina nik Hego Amerikako eskualde batzuetan lan egin dut, eta eskualde horietako gehienak ere txiroak dira. Orduan dinamika batzuk antzekoak dira bi kontinenteetan: lurra erabiltzeko moduak, pobreziak eragiten dituen zenbait baldintza... Afrika da garapen jasangarrirako behar handienetakoa duen kontinentea, handiena ez bada. Eta, zergatik ikertu mendiko eskualdeak? Horiek direlako leku zaurgarrienak. Klima aldaketaren azelerazioa dela eta, sistema horiek dira gaur egun inpaktu handienak jasaten dituztenak eta etorkizunean inpaktu handienak jasango dituztenak, bai ekologikoki eta bai sozialki. Beraz, gai horien inguruan ikertu nahi bagenuen, zentzuzkoa zen behar gehien dituzten lekuetara joatea, oso agerikoak baitira toki horietan gertatzen ari diren dinamikak eta etorkizunean gertatu ahal direnak.
«Klima aldaketaren azelerazioa dela eta, mendiko eskualdeak dira inpaktu handienak jasaten dituztenak, bai gaur egun, eta bai etorkizunean»
Beraz, ikuspuntu soziala ere badu ikerketak.
Nik betidanik erabili izan dut garapen ekosozialaren ideia, Euskal Herrian inork erabiltzen ez zuen garai batean. Eta uste dut horregatik jarri zela Rob [Marchant] nirekin kontaktuan. Nik beti ikertu dut ekologia eta gizartearen arteko harremanak kontuan hartuta. Uste dugu natura, gizartea, ekonomia eta osasuna gauza ezberdinak direla, baina finean hori gure egitura mental bat da, horrela sailkatzen ditugulako gauzak, eskolatik. Normaltzat hartzen dugu, uste dugu mundua horrela banatuta dagoela, baina hori ez da egia. Hori guk banatu dugu horrela, gure mapa mentala sortu dugu, errealitatea ulertzen saiatzeko eta errealitate konplexu horretan nabigatu ahal izateko. Baina beste modu asko egon litezke jakintza banatzeko. Unibertsitateak horrela gaude banatuta, eta egunkariak ere horrela zaudete sailkatuta. Behar ditugu horrelako sailak, baina errealitatea ez da horrelakoa.
Zer da eredu ekosozialaren kontzeptu hori?
Eredu ekosozialaz edo krisi ekosozialaz hitz egiten dugunean, zera esaten dugu: ez dela ingurumen kontua soilik, polikrisi bat baizik. Polikrisia deitzen diogu krisi asko aldi berean gertatzen ari direlako, baina hori dena krisi global bat da, eta hori irudika dezakegu ingurumenean, gizartean eta ekonomian. Ni beti saiatu izan naiz aipatutako eredu mental hori hausten, eta guk sortu ditugun marra horiek lausotzen; esaterako: gizartea eta ekologia, azken finean, gauza bera dira. Klima zergatik dago horrela? Gure portaera modu batekoa delako, eta gero bueltan etortzen zaigu. Sistema ekosoziala da, eta dena dago elkarrekin lotuta.
Beraz, gure ikerketan saiatzen gara metodologikoki muga horiek gainditzen, eta gauzak modu integralagoan ikertzen. Pobrezia, naturaren balioak eta pertsonen portaerak dinamika ekologikoekin harilkatuta daude, eta ulertu egin behar dugu elementu horien arteko hariak nolakoak diren. Eta, lehengora itzuliz, ikerketa hauetarako horregatik dira beharrezkoak, besteak beste, ekologoen, arkeologoen eta ekonomialarien sinergiak, metodologia berriak sortzeko eta gauzak modu integralean ulertzeko; hori da erronka nagusia.
«Uste dugu natura, gizartea, ekonomia eta osasuna gauza ezberdinak direla, baina finean hori gure egitura mental bat da»
Zer eraldaketa eragiten ditu klima aldaketak mendiko ekosistemetan?
Ingurune menditsuen bereizgarri nagusia zera da, gradiente bertikal bat dutela. Horrek garrantzia du ekologiari dagokionez, altueraren arabera aldatu egiten baita espezieen eta habitaten banaketa. Ekologikoki oso leku konplexuak dira, eta gradiente horretan bizi diren espezieek izugarrizko dinamika bereziak dituzte. Klima aldaketaren garai honetan, inpaktu handienak mendietan ari dira gertatzen, eta mundu osoko prozesu bat da. Dinamika konplexu horiek beti gertatuko dira, baina klima aldaketarekin askoz ere bereziagoak izaten dira. Eta jendea ere moldatu egiten da klima aldaketa horretara; adibidez, migrazio mugimenduak sortzen dira.
Lautadetako errekak nondik datoz? Leku altuagoetan sortzen den uretik. Klima aldaketak prozesu hidrologikoetan eragina badauka, badakigu mendietan gertatuko diren gauza asko beherago ere nabarituko direla. Hau da, mendietako inpaktua ia-ia txoko guztietara barreiatzen da.
Migrazioak dira emaitza nagusia?
Jendearen mugimenduekin batera, dinamika politikoak ere aldatzen dira; izan ere, mendialdeetan inpaktu handiagoak jasaten dituztenez, gatazkak sortzen dira. Mendialdeak izugarrizko lekuak dira krisi ekosoziala ulertzeko, han gertatzen diren gauzak, denborarekin, beste leku batzuetan ere gertatuko dira eta.
Hori ikertu ostean, munduko gainontzeko mendialdeetara jakintza hori eramatea nahi dugu. Izan ere, nahiz eta leku bakoitzak bere berezitasunak izan, eredu batzuk nahiko antzekoak dira.
«Klima aldaketaren garai honetan, inpaktu handienak mendietan ari dira gertatzen, eta mundu osoko prozesu bat da»
Luzea izan al da diru laguntza hori lortzeko prozesua?
Prozesu nahiko berezia izan da. Aspaldi hasi ginen honetan. Nik 2002an amaitu nuen doktoretza, eta garai horretan Erresuma Batuko Yorkeko Unibertsitatean nengoen. Handik banindoanean, beste irakasle bat sartu zen, Rob Marchant. Eta, hain zuzen, Marchant da proiektu honetan gurekin lan egingo duenetako bat. Elkar ezagutu eta urte askora, duela zortzi urte inguru, haren dei bat jaso nuen: proposatu zidan ikertuko dugun gaiari buruz hausnarketa bat eta ikerketa proiektu bat garatzea.
Animatu egin ginen hori idaztera. Orain lortu dugun laguntza deialdia baino lehenago idatzi genuen. Lau pertsona aritu ginen: Marchant, beste bi ikertzaile eta ni neu. Orduan, Europako Ikerketa Kontseilura bidali genuen proiektua, eta azken fasean geratu ginen. Fase horretara iristeak esan nahi du zure proposamena oso ona dela eta bikaintasunetik gertu dagoela, baina lehia handia dago eta ez genuen lortu aurrera egitea.
Eta berriro aurkeztu zenuten lana?
Bai. Fase horretara iritsiz gero, aukera ematen dizute proiektua berriro aurkezteko. Berriro aurkeztu genuen proiektua, hobetua, aurrez ebaluatu gintuen panel zientifikoak emandako feedbackari esker. Aldi horretan ez ginen elkarrizketa fasera ere iritsi, zientziaren munduan kontua asko aldatzen baita ebaluatzen zaituen zientzialariaren arabera.
«Prozesua oso luzea, lehia handikoa eta oso hotza izan da, hor baitaude Europako ikertzailerik onenak»
Eta ez zenuten etsi, dirudienez.
Berriro hobetu genuen proiektua, eta hirugarrenez aurkeztu genuen. Azken aldi honetan, berriro iritsi gara azken elkarrizketa fasera, eta azkenean lortu dugu aurrera egitea. Prozesua oso luzea, lehia handikoa eta oso hotza izan da, hor baitaude Europako ikertzailerik onenak, eta ez da erraza. Guri gertatu zaiguna da ohikoena; oso arraroa da lehen saiakeran zerbait lortzea.
Zenbat iraungo du proiektuak?
Proiektuak sei urte iraungo du, epe hori baitute diru laguntza horiek. Europako Ikerketa Kontseilukoekin eztabaidatzen ari gara orain, adosteko zein izan daitekeen ikerketari ekiteko garairik onena, baina ziurrenik 2026ko ekainaren eta irailaren artean hasiko gara. Bitartean, burokrazia prozesu asko egin behar dira. Gure taldean lau unibertsitatetako ikertzaileak gaudenez, lau instituzio horien artean akordio legalak egin behar dira, dirua banatu aurretik dena garbi gera dadin.
Arlo etikoa ere oso garrantzitsua da: Afrikan bertako herritarrekin lan egingo dugunez, protokolo etiko bat bete behar da. Protokolo horretatik hainbat datu jasoko ditugu, eta zehaztu behar dugu kontu horiek nola kudeatuko diren, etorkizunean nola erabili ahal izango diren. Protokolo etiko oso mardulak daude.