Koronabirusa

Mendillorrin gazte guztiei egingo dizkiete PCR probak

Iruñeko auzo hori bigarren fasera itzuliko da. Azken 24 orduetan 130 kasu atzeman dira, eta horietatik %58 aurretik atzemandako kasuen kontaktuak direla nabarmendu du Santos Indurainek. Jaurlaritzak 111 positibo zenbatu ditu azken kontaketan

PCR proba bat, Getarian. ANDONI CANELLADA, FOKU
joxerra senar
2020ko uztailaren 22a
12:55
Entzun

«Ematen zuen pandemia iragan zela, baina ez da horrela eta ez da horrela izango». Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak agerian jarri du kasuek gorantz jarraitzen dutela, familia barruan eta batik bat aisialdi giroan. Azken 24 orduetan, 130 kasu azaleratu dira, eta, Indurainen arabera, horien %58 aurretik izandako kasuen kontaktuak dira. Indurainek nabarmendu du kutsatzeak ikertzen dituzten lan taldeak, bere txarrean, «oso ongi» ari direla lanean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ere eman du azken kontaketaren berri: 111 positibo atzeman dituzte. Herrialdeka, aldea dago: 67 kasu Bizkaian atzeman dituzte, 37 Gipuzkoan eta zazpi Araban.

Oraintxe bertan Nafarroan 1.300 PCR egiten dira egunean, eta %10 inguruk positibo ematen dute. Azken kasuen %80 Iruñerrikoak dira, eta bi heren, gazteak. Goranzko joerak apurka eragina du ospitaleetan, eta, Santos Indurainen arabera, hogei lagun daude egun ospitaleratuta, bat larrialdietan.

Orain, foku nagusia uztailaren 11ko asteburuan Alde Zaharrean izandako agerraldia da, eta positibo gehienak (%60) Mendillorri auzoko gazteak dira. Dagoeneko 122 kasu daude, eta, gehienak gazteak (%98) direnez, gobernuak Mendillorri auzoan PCR probak egingo dizkie 17 eta 28 urte arteko auzoko gazteei: guztira, 2.400 dira. «Probak bigarren hezkuntzako institutuan egingo dira, eta telefono bat jarriko da txanda hartzeko. Gazteek deitu beharko dute. Borondatezkoa da», azaldu du Indurainek.

Beste foku bat Nafarroan Zarauzko Talai Mendi kanpina da. Uztailaren 8tik 15era bertan izan ziren nafarrei PCR proba egiteko telefono bat jarri zuen gobernuak, eta berrehun proba egin dituzte. Horietatik 11k positibo eman dute.

Kontseilariak nabarmendu du positiboak isolatzea oso garrantzitsua dela eta «gehienek» konpromiso hori betetzen dutela. «Dei egiten dut jarrera hori orokorra izan dadila, eta kontaktu batek hasiera batean negatibo emanagatik isolatuta jarraitzera». Neurri horrekin beste adin tarteei kutsatzea galarazi nahi dela nabarmendu du.

Mendillorri bigarren fasean

Horrekin batera, ikusita Mendillorrin zer eragina izan duen, gobernuak foru agindu bat onartu du, eta auzoa bigarren fasera itzuliko da; alegia, tokietako edukierak kontrolatu egingo dira berriro. Saltokiak, tabernak eta elizak %50 beteko dira gehienez, eta terrazak %75 beteko dira gehienez, eta erlijio guneen edukiera ere mugatuko da. Horrek, halaber, ezkontzetan eragin dezakeela zehaztu du Indurainen. Auzoko liburutegiaren jarduna ere mugatuko da. Neurriok hamabost egunez iraungo dute, eta pandemiaren bilakaerak baldintzatuko du noiz amaituko den. Aldizkari ofizialean argitaratzen den egunean sartuko dira ofizialki indarrean. 

Halaber, gobernuak seigarren foru dekretua kaleratu du. Nafarroako osoko tabernen gaueko ordutegiak 02:00etara aurreratuko dira, eta hortik aurrera ezingo da botila festarik edo bilkurarik egin. Gainera, ordutegi horietatik kanpo, gehienez hamar pertsona elkartu daitezke, eta taberna barruan pertsona multzoak hamarrera mugatuko dira. «Helburua ez da edana mugatzea, baizik eta pertsonen pilaketak eragoztea», azaldu du Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehen presidenteordeak.

Araua betetzen ez duenari isuna jarriko zaio. Ez du zehaztu zenbatekoa, baina ohartarazi du poliziek agindu berezia dutela araua betetzen ez duenari zigor espedientea jartzeko, «arriskua eragozteko asmoz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.