Mendizabal abadeari buruzko diligentziak artxibatu dituzte

Aztertu dituzte hiru gizonek umetan jasandako sexu erasoei buruz esandakoak. Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, preskribaturiko kontuak dira

Donostiako San Bizente eliza. Hainbat urte egin zituen han Mendizabalek apaiz. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
arantxa iraola
2017ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Preskripzioa. Agertu da hitza. Kezka iturri izaten da sarri sexu abusu kasuetan, traba izaten delako delituak ikertu eta epaitzeko.Abusuak umeei egiten zaizkienean, denbora behar izaten dute haiek jazotakoari izena jarri eta salaketa jartzeko gaitasuna izateko, eta delituak iraungita egoten dira sarri justiziaren amaraunera heltzen direnerako. Halaxe, atzo jakin zen Gipuzkoako Fiskaltzak artxibatu egin dituela Juan Kruz Mendizabal abadeari hiru gizonek egotzitako sexu abusuen harira irekitako diligentziak. Egia bihurtu da susmoa: preskribatuta daude. Ezin dira epaitu.

Fiskaltzak ofizioz abiatu zuen sexu abusu horien inguruko ikerketa bi kasutan; izan ere, urtarrilaren hasieran Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillak berak bi kasuren berri izan zutela onartu zuen, eta zuzenbide kanonikoan epaitu ere egin zirela biak. 2001 eta 2005 urteetan gertatu zirela esan zuen, eta adingabeak izan zirela biktimak. Handik gutxira, beste kasu bat atera zen plazara; gizon batek salatu zuen 1994an izan zela bera abusuen biktima, ume zenean hura ere. Gizon horrek, aurrekoek ez bezala, fiskaltzarako urratsa ere egin zuen. Bitartean, kasuek agertzen jarraitzen dute: asteon azkena. EITBko albistegietan gizon baten bideoa eman zuten asteartean: umetan hark ere Mendizabalen abusuak jasan zituela esan zuen. Azken gizon horrek bere kasuaren berri eman du, baina ez du salaketarik inon aurkezteko asmorik; bide kanonikotik ez du joan nahi, aditzera eman duenez, Eliza katolikoan fedea galdu duelako, eta epaitegietako atea ez du jo nahi hark jasandako delituak ere preskribatuta daudela uste duelako.

Gipuzkoako Fiskaltzak ez du, hala ere, guztiz aterik itxi nahi izan. Mendizabalek egindako abusuei buruzko datu gehiago agertzen badira, berriro ere «baloratu» ahal izango direla adierazi du. Izan ere, preskripzioa ez da behin betikoa izaten. Egon daitezke aldaketak. Esaterako, ikusten bada delitugile bati egotzitako kasuak soslai homogeneodunak eta denboran jarraituak direla, preskripzio epea eraso sorta horien amaieratik hasi behar da kontatzen. Kasu gehiago agertzen badira, horrek bidea eman dezake akaso berriz ere Mendizabalen aurkako diligentziak zabaldu ahal izateko. Ikusteko dago.

Oraingoz, Elizak berak hari ipinitako neurriak besterik ez ditu bete behar Mendizabalek, zuzenbide kanonikoaren arabera ezarritakoak; Munilla gotzainak esan zuen komentu batean bizi dela, baimenik eskatu gabe ezin duela handik mugitu, etaez duela adingabeekin bakarka egoterik. Neurri horien berri, ordea, urtarril honetan eman du, kasuak publiko egin direnean. Elizak aurretik zuen abusuen berri, baina urte honen hasierara arte normaltasun osoz jardun du Mendizabalek hainbat jardueratan —elkarrizketak ere eman ditu, eta sexu abusuei buruz jardun du—, eta bikario nagusiaren kargua utzia bazuen ere, ez zen jakinarazi horren zioa. Kargu horretara heldu aurretik —Munilla apezpikuak izendatu zuen— Mendizabal ezaguna zen, bereziki, gazteekin egiten zituen jarduera ugariengatik, eta Gazteen Pastoraltzako burua ere izan zen hainbat urtez. Horrek aparteko larritasuna eman dio gertaerari. Jakina da haur eta nerabe askorekin izan duela lotura igaro urteotan, eta kasu gehiago ager daitezkeen susmoa dago.

Kasuak ezagutuz joan dira biktimek hitza hartzea erabaki dutelako; eskutitz bat idatzi zuten lehenengo bi biktimek; hirugarrenak BERRIAn eman zuen lekukotasuna; azkenak, EITBn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.