Meningitis gaixotasunari aurre egiteko txertaketa egutegia aldatuko dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Txertaketen Aholku Batzordearen gomendioei jarraiki. Gaur goizean eginiko agerraldi batean Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak esan du hirugarren dosia "ordezkatuko" dela. Hamabi urteko gazteek jasoko dute lehenbizikoz.
Egutegiaren baitan hiru dosi zehazten dira. Lau hilabeterekin jasotzen de lehena, eta bigarrena, hamabirekin. Hirugarrena, berriz, hamabi urte betetzean. Gaur arte, azken dosiak C meningokokoari aurre egiteko balio zuen. Hala ere, txerto berria "osatuagoa" da; A, Y eta W meningokokoei aurre egiteko ere balio du. Izan ere, gaixotasun larriak eragin ditzaken bakterio bat da meningokokoa, eta, batez ere, haurrengan eta nerabeengan du eragina.
Urrian hasiko da martxan txertaketa egutegi berria, eta hamabi urteko gazteek jaso dute dosia. Osasun Sailak aurreikusi du 21.000 dosi baino gehiago erostea.
Ezohiko txertaketa kanpaina
Hamabi urteko nerabeek ez ezik, 13 eta 18 urteko gazteek ere jasoko dute txertoa, 2001etik 2007ra bitartean jaiotakoek. Horiek jada emana dute hirugarren dosia, baina Murgak azaldu du "babesa" dela garrantzitsuena: “Ahalik eta inpakturik handiena lortu nahi da, arrisku taldeen immunitatea hobetuz; hau da, gaur egongo nerabeen immunitatea hobetu”. Beraz, txerto osagarri bat egongo da haientzako.
Urtarrilean jarriko dute martxan ezohiko txertaketa kanpaina. 2001, 2002 eta 2004 urteetan jaiotako gazteek jasoko dute lehenengoz txertoa. Datorrenean, 2020-2021 ikasturtean, 2003an eta 2005ean jaiotakoen txanda izango da. 2006an eta 2007an jaiotakoen txanda izango da azkenekoa.
Txertoak hezkuntza zentroetan emango dira, adinaren eta ikasketen arabera dagokienetan. Hala ere, eskolaratu gabe dauden gazteek edo bertan jasotzea ezinezkoa dutenek osasun zentroetan ere eskuragarri izango dute dosia.