Merkealdi garaia aurreratu du krisiak

Krisiak eraginik, sekula baino goizago hasi da merkealdia. Ipar Euskal Herrian astebete lehenago hasi da, saltzaileek eskatu bezala. Hego Euskal Herrian bihar hasiko da, ohi bezala, Errege Egunaren biharamunean.

Baionako kaleak jendez gainezka atzo, merkealdiaren lehen egunean, erosketa poltsekin. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Krisialdiak egutegia eta saltzaileen ohiturak inarrosi ditu Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Atzo hasi zen urteko lehen merkealdi sasoia, sekula baino goizago, gainera. Izan ere, Paueko Prefetak merkealdiaren abiatzea astebetez aitzinatzea deliberatu du. Hiru herrialdeetako saltzaileen aspaldiko eskaria onartu du, beraz, prefetak.

Hego Euskal Herrian merkealdia hasten delarik, Ipar Euskal Herriko jende ugari joaten da hara erosketak egitera. Hainbat arlotan Ipar Euskal Herrian baino merkeagoak diren salgaiak oraindik merkeago atzeman zitzaketen horrela. Erosteko ahalmen hori atxiki ahal izateko, merkealdia hasteko eguna aitzinatzeko eskatzen zuten saltzaileek. Eta aurten hala izan da. Ohi denez, asteazkenez hasi da, lehen eskoletako jai eguna eta familien mugikortasun handiagoa baliatzeko. Bide batez, Hego Euskal Herriko erosleak erakartzeko, hango merkealdia abiatu aitzin. Errege Egunaren bezperan, Gipuzkoatik joandako bezeroak espero zituzten atzo merkatariek. Izan ere, bihar hasiko dira beherapenak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, ohi bezala, Errege Egunaren biharamunean, eta martxoaren 6an bukatuko dira. Lehen helburua, bederen, erdietsi dute Ipar Euskal Herriko saltzaileek. Ikusi beharko da erabakiak onurarik ekarriko ote dien sasoi honetan.

Elisabet Azkarate Nafarroako Saltegien Federazioko kudeatzaileak, esaterako, iazko emaitzak berdintzea espero du, «edo zertxobait hobetzea». «Nahiz eta gehiago saldu, horrek ez du esan nahi gehiago fakturatuko dugunik; izan ere, krisiaren ondorioz, prezioak merkatu ditugu», zehaztu du. Gainera, Azkarateren esanetan, krisi garai hauetan, kontsumitzaileek beherapen garaiei itxaroten diete erosketak egiteko, eta horrek eragin du erosketa gehienak garai hauetan pilatzea batez ere. Edonola ere, Azkaratek nabarmendu du aurten eskaintza eta deskontu «oso onak» egingo dituztela, eta kontsumitzaileei dei egin die horiek probestera.

Beherapen handiak

Saltegi handiek atzo ateak ireki aitzin, jende saldoa zegoen kanpoan beha, aitzinetik ikusitako mozkinak eskuratzeko irrikaz. Angeluko Carrefourreko denda eta saltegiak mukuru gainezka egon ziren goizeko lehen orduetatik abiaturik. Beherapenen amua ez zen nolanahikoa, gainera. Lehen egunetik %20 eta %70 arteko merkealdia eskaini zuten. Eta merkatzeaz gain, eskaintzaren kantitatea ere handia izan zen. Celio eta Promode etxeek, adibidez, %50eko beherapena eginez hasi zuten merkealdia. Nagusiki haurren arropak saltzen dituen Kiabi etxeko aparkalekua beterik zegoen ateak ireki aitzin, eta %70era heldu zen merkealdia lehen egunetik. Hala ere, beti izanen dira merkealdiko bost asteen bukaerara arte beha egonen direnak, preziorik apalenean erosi ahal izateko.

Carrefourrek ere eskaintza zabala egin du. Ez bakarrik arropetan. Etxerako tresnerien, baratzerako lanabesen eta apaletan metaturiko hainbat eta hainbat salgairen prezioak merkatuta zeuden. Guztiak txukun-txukun, jendeen begi bistan, krisialdiaren inarrosaldia erosteko grina bihurtzeko amu gisa. Eta erosleak ez ziren falta. Izan ere, pasabideak jendez gainezka zeuden, aurki desager daitezkeen eskaintzen artean behar edo nahi zuten produktuaren bila. Ordaintzeko kutxa guztiak ere langilez beterik zeuden. Urteko salmenta garai garrantzitsuena da, eta saltegiek ezin dute parada hori galdu.

Baionako karriketan ere usaian baino jende gehiago nabari zen, bereziki oinezkoen karriketan. Ez zen egon, ordea, jende metaketa izugarririk. Saltegi horietan erritmoa lasaiagoa izaten da. Saltegi handiek prezio merkeagoak dituzte, eta hango eskaintzak arakatu ondoren joaten da jendea saltegi txiki horietara, kalitatezko gauzen bila. Bost aste gelditzen dira oraindik, ahalik eta zuhurren erosi edo kreditu txartela gori-gori jartzeko.

Kontsumo arduratsua

Merkealdi garaian, erosketak «arduraz» egiteko eta erosi beharrekoak ondo planifikatzeko aholkatu diete bezeroei kontsumitzaileen elkarteek, urtero bezala. Erosi nahi diren produktuekin zerrenda egitea eta gastatuko den diru kopuruari muga zehaztea gomendatu diete herritarrei.

Kontsumitzaileen elkarteek gogorarazi dute merkatuta dauden produktuek aurrez zuten kalitate bera izan behar dutela beherapen garaian ere. Hau da, merkealdia salneurrietan soilik izan behar dela, ez produktuen kalitatean edo bezeroen eskubideetan. Baita ere dendek ezin dutela merkatutako salgai gisa eskaini aurrez gutxienez hilabetez salgai egon ez den gairik. Aurreko prezioa zein zen ondo begiratzeko eta beti erosketa txartela eskatzeko aholkua ere egin dute; izan ere, beharrezkoa baita erreklamazioren bat egin nahi bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.