Zientzia

Metastasia eragozten lagun dezakeen antigorputz bat aurkitu dute

Bartzelonako ikerketa talde batek zuzendutako nazioarteko partzuergo batek egin du aurkikuntza

arantxa iraola
2022ko apirilaren 26a
17:22
Entzun

MCLA-158 jarri diote izena. Antigorputz bat da, baliagarria izan daitekeena metastasia prebenitzeko farmako bat lortzeko bidean. Nazioarteko ikerketa partzuergo batek egin du aurkikuntza, Bartzelonako IRB ikerketa taldeak zuzenduta. Atzo eman zuten ikerketaren berri, Nature Cancer argitalpenean. Azaldu dutenez, tumore solidoen zelula amen zabalkundea eragozteko ahalmena du antigorputzak. Hala ere, ikerketaren emaitzak «atarikoak» dira oraindik, eta ikusi egin behar da zer eboluzio izango duen.

Zelulak kontrolik gabe hazten hasten dira, oro har, gaixotasun onkologikoetan; ondorioz, azkarregi heda daitezke gorputzeko edozein lekutan. Tumoreak sortzen dira horrela askotan. Eta metastasia arazo izaten da askotan minbizien garapenean; minbizidun zelulak inguruko ehun eta organoetara era zabaltzen dira metastasia dagoenean, eta pazienteen pronostikoak zaildu egiten ditu horrek. Aurkitu duten antigorputzak, ordea, hortxe eragiteko ahalmena du.

Poza azaldu dute ikertzaileek aurkikuntzarekin. «Minbiziaren zelula amak ikertzen orain dela hamabost urte hasi ginen», azaldu du ikerketako buru Eduard Batllek. «Hona iristeko bidea txundigarria izan da, baina oso zaila. Inbertsio asko eskatu ditu, eta ikertzaile askoren esfortzua. Etorkizuneko medikuntza hemen hasi da». Organismoak berez sortzen ditu antigorputzak, babesteko; infekzioak edo kalteren bat duten zelulak atzematen dituzte. Orain aurkitu duten antigorputz honek minbiziarekin lotutako bi proteina atzematen ditu, eta biak giltzarri dira minbizien zabalkundean.

«Antigorputz honek, gainera, ez du zelula ama osasuntsuen funtzionamenduan eragiten, eta horiek ezinbestekoak dira ehunen funtzionamendu on baterako», nabarmendu du Batllek. Onartu du, hala ere, farmako eraginkor bat lortzeko bidean «egiaztatu» egin behar direla ikerketak lehen urratsetan eman dituen emaitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.