Martxoaren 29an ekitaldia egingo du Gure Esku Dago mugimenduak Bilboko Casillan, eta ekainaren 8ko giza kateari begira «mugarritxo bat» jarri nahi du. Herriz herri metatzen ari den «ilusioa, elkarlana eta indarra» erakustea du xede.
Casillarako deialdia zabaltzeko ez ezik, orain arte herriz herri egindako lanaz hitz egiteko ere baliatu zuen atzo Gure Esku Dago mugimenduak Donostian egindako agerraldia. Herriz herri ari dira sortzen lantaldeak, hain zuzen ere, herritarrak erabakitzeko eskubidearen alde engaiatu eta ekainaren 8ko giza katerako ahalik eta atxikimendu gehien lortzeko. Iñaki Gomez mugimenduaren Gipuzkoako koordinatzaileak eta Larraitz Gomez Donostiako lantaldearen partaideak atzo adierazi zutenez, «oso pozik» daude egindako lanek eman dituzten fruituekin: «Milaka herritar parte hartzen ari dira aurkezpen, hitzaldi eta flashmob-etan. Dagoeneko 144.000 lagunek gozatu dute Gure Esku Dago-ren bideokliparekin eta kantuarekin sarean». Mugimenduko kideen ustez, «ezinbestekoa» da herritarrek elkarrekin aurrera egitea, «ilusioa eragingo duen ziklo berria irekitzeko». Eta, alde horretatik, uste osoa dute mugimendua «gero eta modu eraginkorragoan» ari dela gizartearen erdigunearekin bat egiten: «Ikusten da, sentitzen da».
Europan «martxan den trenean» Euskal Herriak bere bagoi propioa duela aldarrikatuko dute martxoko ekitaldian, eta ez daudela tren hori galtzeko prest.
Atzerako kontua, martxan
Atzerako kontua martxan dago jada, eta bada oraindik zer egina. Erabakitzeko eskubidea «urruneko» sentitzen duten horiengana heltzea eta mugimendua begi onez ikusi bai baina oraindik «hotz» daudenak «berotu eta aktibatzea» dira zereginetako bi.
Iazko ekainaren 8an abiatu zen Gure Esku Dago mugimendua, Irungo Ficoba erakustazokan (Gipuzkoa) egindako agerraldian. Hilabete batzuk geroago aurkeztu zuten ekainaren 8an egingo den giza katea.
Metatutako «ilusioa, elkarlana eta indarra» erakustea helburu

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu