Karrika izena aldatzea ez da aski izan, eta auzo osoarena aldatu beharko dute: Miarritzeko La Negresse izendapen arrazista desagertzearen aldeko pausoa eman du Frantziako Estatu Kontseiluak. Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak agiri batean jakinarazi duenez, Francois Pinatel abokatuak berrizendapena egitera behartu du Serge Blanco Miarritzeko auzapeza; elkarteak iragarri du hala egin ezean auzibideari ekinen diotela berriz, «justizia erabakia errespetarazteko asmoz».
Hain zuzen ere, iazko otsailaren 6an jadanik, Bordeleko Administrazio Dei Auzitegiak auzo izena aldatzearen alde egin zuen. Orduan, deliberoa «erabaki historikotzat» jo zuen Oroimenak eta Partekatzeak elkarteko buruak, Karfa Sira Diallok; beltzen trafikoaz eta esklabotzaz oroitzeko lan egiten duen elkarte bat da hori. Erran zuen: «Lehen aldikoz borroka antirrazisten historian, auzitegian erabaki dute baliorik gabe uztea izendapen baten erabilpen problematikoa».
Maider Arostegi garai hartako Miarritzeko auzapez errepublikanoari ez zitzaion gustatu erabakia, eta helegitea jarri zuen: argudiatu zuen auzoari izena eman zion herriko etxearen deliberoa ez dela existitzen. Hori kontuan izanik ere, auzitegiak atzera bota zuen haren eskaera, eta, orduan, Estatu Kontseilura jo zuen.
Geroztik, L'Alegresse berrizendatu dute La Negresse izena zuen karrika: alaitasuna erran nahi du. Auzitegiaren erabakia konbentzimendu handirik gabe nolazpait errespetatzeko eginen zuten aldaketa, zeren karrikari bai baina izen bereko auzoari ez baitzioten aldaketarik egin. Eta, aurtengo martxoko herriko bozen harira Serge Blancok lekua hartu badio ere Arostegiri, norabiderik ez da aldatu La Negresse auzian: martxoaren 28an, herriko kontseilu berriak Miarritzeko zortzi auzoak bozkatu zituelarik, Negresse izendapena atxiki zuten horietarik batendako, jakinik ere justiziak kondenatua zuela urte bat lehenago.
Garai hartan jadanik, «arduraz» jokatzera deitu zuen Diallok Arostegi, «historia malurus honetatik ateratzeko». Deia berritu dio Blanco auzapezari: «Afera honen hasieratik, elkarrizketa lehenesteko ahalegina egin dugu, borrokatu beharrean. Bitartekaritza bat proposatu dugu. Eta eskua luzatu diogu Serge Blancore herriko lantalde berriari, Estatu Kontseiluan ezarritako helegitea uka dezaten; justiziaren, oroimenaren eta diru publikoaren errespetuz».
«Sexista eta arrazista»
Hamar urte dira Oroimenak eta Partekatzeak elkarteak auzoaren izen «sexista eta arrazista» salatzen ari dela. Bataila juridikoa 2020an abiatu zuten, 1861ean auzoari izena emateko herriko etxeak hartu zuen deliberoa bertan behera uzteko eskatuta. Paueko Administrazio Auzitegiak elkartearen argumentuen kontra egin zuen, baina Bordeleko Administrazio Auzitegiak besterik ebatzi zuen, eta auzoaren izena aldatzera behartu zuen Miarritzeko Herriko Etxea. Orduan jarri zuten helegitea, «akats materialean» oinarriturik.
Azken saiakera hau justiziak bazterturik ere, Blancok —Arostegiren bide beretik— ez du errespetatu. Pinatel abokatuaren arabera, martxoko herriko kontseiluan atxiki duten izendapena Bordeleko Administrazio Auzitegiak kondenatutakoaren ilegaltasun berean kokatzen da: hots, iaz erabaki bazen La Negresse izendapenak «giza duintasunari» eragiten diola, hala da Miarritzeko herriko etxearen aurtengo erabakietan ere.Â