Herriko bozak

Miarritzen Maider Aroztegi eskuindarrak irabazi du lehen itzulia

Abertzaleak Michel Veunac auzapez ohiari gailendu zaizkio, bozen %12,3 lorturik. Abstentzio handia izan da koronabirusak eragindako krisi sanitarioagatik, eta miarriztarren %59,43k ez dute bozkatu.

Maider Aroztegi. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko martxoaren 15a
22:55
Entzun

Aldaketa heldu da Miarritzera. Zazpi zerrenda aurkeztu dira, eta 2014tik auzapez zen Michel Veunaci beste sei zerrendaburuk lehia egin diote. Maider Aroztegi (Errepublikanoak) heldu da lehen postuan, bozen %31,47rekin. Michel Veunac auzapez zenak, zazpi zerrendetatik bosgarren lekua lortu du, bozen %12,2 lorturik. Abertzale ekologistak gailendu zaizkio, eta bozen %12,3 lortu dituzte —laugarren postura heldu dira—. Guillaume Barucq, Veunacen axuanta ohiaren zerrenda ekologista zentristak bozen %16,22 lortu ditu, eta EAJren sostengua ere lortu zuen. Nathalie Motschek —Veunacen axuanta izan da hura ere— bozen %14,24 lortu ditu. Karim Guerdanen zerrenda herritarrak, %2,61, eta Jean Benoit Saint Cricqek —RPR eta UMP alderdietako kide ohiak—bozen %10,59 lortu ditu. Nabarmentzekoa da beste herri anitzetan bezala ezohiko abstentzio heina izan dela: hautesleen %59,43k ez dute bozkatu. Koronabirusaren ondorioz, Frantziako Gobernuak ezarri dituen neurriek eragin dute abstentzio handia. Bigarren itzulia datorren igandean egitekoa dute, baina Frantziako Osasun Ministerioak asteartean esango du mantenduko duten ala ez.

Bigarren itzulia egingo balitz, Morinek adierazi du badakitela «norekin ez» diren aliatuko bigarren itzulirako: «Baditugu ideiak: badakigu norekin ez garen joanen eta norekin, posible den. Argi dena da miarriztarrek aldaketa nahi dutela: Michel Veunac auzapez ohiaren aitzinetik heldu gara, eta bera bosgarren».

Veunacek «dezepzio bat» bizi du. Parte hartze ahula izan dela oroitarazi du: «Nire hautesleetan ondorioak izan dituzte koronabirusari lotutako neurriek». Bigarren itzuliari begira, kezkati mintzatu da: «Ez dakigu nola iraganen den bigarren itzuli hori, baldin eta egiten badute. Ene zerrenda kideekin ikusiko dugu nola jokatu ondoko oren eta egunetan».

Barucq bigarren postura heldu da, eta emaitzekin oso «pozik» agertu da. «Iruditzen zait emaitza biziki ona dela; gure helburua hirugarren bukatzea zen, eta bigarren izatea lortu dugu». Aitortu du bigarren itzulirako «dena egiteko» dagoela, eta uste du «egoera sanitarioaren aurrean osasuna dela lehentasuna». Zerrenda abertzale ekologistari eta Motschen zerrendari «dei egin» die, «elkargune anitz» dituztelakoan. Veunacen emaitza «gertatu beharrekoa» zela iruditzen zaio; «ez du jakin lekukoa pasatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.