Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Plentziako eta Gorlizko (Bizkaia) hondartzak lotu dituzte gaur eguerdian migranteen eta errefuxiatuen eskubideen aldeko martxa batekin, urtero egin ohi duten legez. Marea Horia izenburupean burutu dute ekinbidea, bi helbururekin: batetik, mundu osoan milioika pertsonak duten «errealitate gogorra» agerian jartzeko. «Hainbat arrazoi direla medio, beren jaioterriak utzi behar dituzte, eta arriskuz eta zailtasunez beteriko bide bihurri bati ekin behar diote, Europara iritsi nahian», azaldu zuten antolatzaileek. Bestetik, gobernuei eta erakundeei adierazteko, hain zuzen, martxan jar ditzatela nazioarteko itunetan jasotako giza eskubideak errespetatuko dituen migrazio eta harrera politikak.
Errefuxiatuen aldeko martxarekin bi herrietako hondartzak lotu dituzte, oinez zein txalupaz. Amaieran, pertsona desagertuak omendu dituzte ekitaldi batean, eta loreak bota dituzte itsasora.
Errefuxiatuen aldeko plataformak ohar batean salatu duenez, «garapen eredu jasanezinak» gero eta ingurumen krisi gogorragoak eta desberdintasun sozial handiagoak eragiten ditu, eta, horren ondorioz, populazio osoak «nahitaez lekualdatu» behar izaten dira. Gainera, ohartarazi du COVID-19aren pandemiak «behartutako migrazioak» larriagotu egin dituela.
Plataformako kideen ustez, errefuxiatuek eskubidea dute Espainian eta Euskal Herrian baldintza «duinetan» bizitzeko, bai eta eskubide, zerbitzu eta baliabide publikoak eskuratzeko ere. «Euskal Herria abegikorra nahi dugu, desberdintasuna errespetatzen duena, gaur egun gure gizarteak osatzen dituzten jatorri desberdinetako pertsonekin eraikia, eskubide berdintasunean eta kulturen heterogeneotasunean errotua». Europako Batasunari, berriz, eskatu diote Afganistango krisiaren erantzukizuna «bere gain» har dezala, eta abian jar dezala asiloa eskatzen duten errefuxiatuak hartzeko politika berri bat «giza eskubideetan oinarrituta».