Irunen (Gipuzkoa) azken egunetan elkartzen ari den migratzaile kopurua gero eta handiagoa dela-eta, Eusko Jaurlaritzak kontingentzia plana aktibatu du, horiei aterpe bat emateko. Hala jakinarazi zuen atzo Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak; zehazki, ohi baino 40 lo leku gehiago prestatu zituzten ostiralean Irungo El Peregrino aterpetxean, eta beste 50 pertsonarentzako lekua atontzen ari ziren atzo Hondarribian; baita Donostiako ikastetxe batean ere, migratzaile gehiago iritsiko balira.
Izan ere, azken egunetan, migratzaile ugari pilatzen ari dira Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugan. Azaldu dutenez, magrebtarrak eta Saharaz hegoaldekoak dira gehienak, eta uste dute Kanariar Uharteetatik eraman zituztela Iberiar penintsulara, otsailean zehar; handik heldu ziren Euskal Herrira, Europa iparralderanzko bidean. Muga, ordea, itxita dago Lapurdi eta Gipuzkoa atean.
Kalkulatzen dute 150 pertsona inguru batu direla, eta horietatik 60 Gurutze Gorriak Irungo Belaskoenea auzoan daukan harrera etxean aterpetu dituzte. Gune horrek ehun bat lagunentzako lekua izan ohi du, baina COVID-19aren izurriaren aurrean hartu beharreko neurrien eraginez, murriztuta zeukan ohe kopurua. Horiei «ohiko baliabideekin» erantzun ahal izan diela azaldu du Legarretak. Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irun, Hondarribia eta Donostiako udalak elkarlanean ari dira baliabide horiek prestatzen.
Era berean, nabarmendu du, «pandemiaz eta mugikortasunari ezarritako mugez harago, migrazioaren fenomenoak existitzen» jarraitzen duela, asteburu honetan Irunen gertatzen ari dena dela horren erakusgarria etahorri«erantzun egoki bat» eman behar zaiola.
Migratzaileak aterpetzeko kontingentzia plana ezarri du Jaurlaritzak Irunen
Xabier Legarretak esan du ohi baino iheslari gehiago heldu direla egunotan. 40 lo leku prestatu zituzten herenegun, eta beste 50 atzo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu