Migratzaileen egoera salatzeko manifestaziora deitu dute hilaren 29rako

Irundik eta Hendaiatik abiatuko dira manifestazioak, eta Santiago zubian elkartuko dira.

Maiatzaren 29an egingo den manifestazioa deitzeko gaur egindako prentsaurrekoa, Irunen. IñGO URIZ / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2021eko maiatzaren 21a
15:42
Entzun

Irungo Harrera Sareak prentsaurrekoa egin du gaur goizean, hilaren 29an migratzaileen egoera salatzeko manifestazioa egingo dutela jakinarazteko. Irundik eta Hendaiatik abiatuko dira protestak, eta Santiago zubian elkartuko dira.

Irungo Harrera Sarea, Cimade, Etorkinekin, Diakite eta Bizi! elkarteek deitu dute manifestazioa, eta hainbat aldarrikapen egingo dituzte. Besteak bestek, migratzaileei egiten zaien harrera salatuko dute. Adierazi dutenez, euskal administrazioko estamentu guztiak «oso rol eskasa» jokatzen ari dira etorkinei harrera egin eta politika horiek arintzeko orduan. «Gizarte politika publiko serio eta arduratsuak aplikatuko balira, erakunde publikoen lehentasuna lirateke egoera zaurgarrian dauden pertsona hauen beharrak. Bide horretan lanean berehala hasteko eskatzen dugu».

Horrez gainera, salatu dute Frantziako agintariek aitzakia gisa erabili dituztela pandemia eta terrorismoaren aurkako alerta kontrol arrazistak egiteko. Erakunde publikoei, udalari, foru aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die ez «ezkutatzeko»eskumenetan dituzten mugetan, eta behar den tokian lan egiteko Frantziari, Espainiako Estatuari eta Europari politika aldaketa bat eskatzeko.

Azpimarratu dutenez, Europako Batasunak eta estatu kideek ezarritako migrazio politikak arrazistak dira, eta migratzaileen eskubidea diren mugitzeko askatasuna, bide seguruak eta harrera oztopatzea beste helbururik ez dute. «Horrek guztiak eragiten ditu egunero». Salatu dute urtero moldatzen dituztela legeak, migratzera behartuak ikusi diren etorkinen etorkizuna zaildu eta «mingarriago bihurtzeko». Darabilten politikak arrazismoa eta xenofobia hauspotu eta indartu izana kritikatu dute.

«Horregatik guztiagatik egiten dugu deialdi hau. Ezin dugu normalizatu bizitza hobeagoaren bila datozenen sufrimendua, ezin dugu legitimatu jazarpena, heriotza». Irungo eta Hendaiako udaletatik abiatuko dira manifestazioak, 17:00etan, eta bertan parte hartzeko deia egin dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.