Migratzaileentzako «egia, justizia eta erreparazioa» eskatu dituzte Bidasoan

Izen-abizenez gogoratu dituzte Bidasoa ibaia gurutzatzen hildako migranteak. «Zenbakiak ez, pertsonak» direla azpimarratu dute

Bidasoa gurutzatzen duen Behobiako zubiko ekitaldia, atzo. M. ANDRES / FOKU.
xabier martin
Irun
2023ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Bidasoko mugan, azken bi urteotan hil diren migratzaileak gogoratzeko ekitaldi-omenaldia egin zuten atzo, Gipuzkoa eta Lapurdi lotzen duen Behobiako zubian. Pausutik atera ziren dozenaka pertsona lelo argigarria zeraman pankarta baten atzetik: «Euskal Herria, harrera herria». Behobiatik atera zirenekin elkartu ziren zubiaren erdian, errepidearen errei bat moztuz, eta han azaldu zituzten, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, migranteen dramak mundu osoan uzten dituen zenbaki izugarriak.

Harrera Sareak, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Bidasoa Etorkinekin taldeen ordezkariek jakinarazi zuten 46.622 direla 2014tik mundu zabaleko mugetan hildako migranteak. Horietatik erdiak inguru Mediterraneoan desagertzen dira, eta guztietatik hiru laurden, Europan, Afrikan eta Mediterraneoan. «Bizitzak irensten dituzte eta identitateak ezabatzen dituzte egunero mugek», esan dute.

«Zuen arrazismoa, gure hildakoak» leloko pankartarekin abiatu ziren zubira Hegoaldekoak, eta denak bat zirela Bidasoaren gainean, migranteen aldeko taldeetako ordezkariek auziari neurria emateko saioarekin jarraitu zuten: «Migrazioaren biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa eskatzeko baliatu nahi dugu egun hau, Tarajaleko sarraskia izan zenetik zazpi urte bete direlako. Europako injustiziaren eta lotsaren sinbolo bilakatu da». Antolatzaileek ozen salatu zuten «zigorrik gabe» geratzen direla «bizitza errugabeak akabatzen dituzten krimenak». Estatuen Europak «demokrazia hitza hustu» egin duela ere erantsi zuten.

Bilbon ere Tarajal, ez dugu ahantzi manifestua irakurri zuten manifestazio batean, sarraski horren urteurrenean.

Hamar hildako bi urtean

Bidasoa ibaia gurutzatu nahian itota hil zen lehen migrantearen kasuak, Tessfit eritrearrarenak, 2021eko apirilean, asaldatu egin zituen migrazioaren auzia Euskal Herritik urrun zegoela uste zuten asko. Ordutik, beste bederatzi pertsona geratu dira bidean aurre egin ezinik Bidasoan, migrazioaren aurkako politikek heriotzara bultzatu dituztelako: sei ibaian itota, eta beste hiru trenak harrapatuta, Ziburun (Lapurdi).

Kamerun, Eritrea, Senegal eta Afrikako beste herrialdeetatik zetozen hildakoen izen-abizenak gogoratu zituzten zubi gaineko omenaldian, «ez direlako zenbakiak, pertsonak baizik». Banan-banan joan ziren haien izenak ahoskatzen, eta izenak zeramatzaten kartelak jartzen, zubian. «Izenik gabe» esaten zuen kartel bat ere bazegoen, itotako migrante bat identifikatu gabe lurperatu behar izan zutelako orain hilabete batzuk.

Kultur arloko zenbait aurpegi ezagun egon ziren ekitaldian, esaterako Joxemari Karrere ipuin kontalaria eta Fermin Muguruza musikaria. «Bidasoa bizitza da, ez heriotza», esan zuen Muguruzak; «Irungoak garenontzat izugarria da ikustea zer gertatzen ari den Bidasoko mugan».

Lastargi batzuk piztu eta isilune batekin amaitu zen omenaldi xumea baina sakona. Bitartean, kaioak ibaiaren alde batetik bestera ibili ziren, libre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.