Garaipenaren horma irudia. Halaxe definitu dute Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko aduana zaharraren egoitzan marrazturikoa. 2024ko Korrikaren lehen egunean 36 migratzaileri muga pasatzen lagundu izana leporatzen zieten zazpiak errugabetzat jo zituen Baionako auzitegiak asteartean. Iazko urrian epaitu zituzten, «pertsonen trafikoko talde antolatu bat» izatea leporatuta, eta 1.000 eta 1.500 euro arteko isunak eskatu zituen fiskaltzak haien kontra, batzuk gibelapenarekin; errugabetzat jo dituzte azkenean, eta zigorrik ezarri ez. «Onartu eta ulertu zitekeen epai bakarra» horixe zen, J'accuse kanpainakoen ustez.
Prentsaurrekoa egin dute zazpi auzipetuek, «garaipen eder» gisa hartu duten ebazpen hori aldarrikatzeko. Haiekin egon dira kanpainako beste zenbait kide ere, eta, hain zuzen, azpimarratu dute zer-nolako elkartasun sarea sortu den aferaren inguruan: «Bi urte igaro dira desobedientzia zibileko ekintza hura egin zenetik. Bi urte hauetan, milaka pertsona mobilizatu dira migrazio politika arrazista eta hiltzaileak salatzeko. Milaka izan ginen 2024ko Korrikan ere, euskararen alde. Milaka ginen migrazio prozesuan ziren 36 pertsonen ondoan».
Hain zuzen ere, ehunka jendek beren burua erruduntzat jotzeko hautua egin zuten, J'accuse kanpainaren karietara. Horrela, denena bilakatu da auzibidearen azken emaitza ere: «Gizarte oso batek lortu du garaipena. Gaur egundoko esker ona adierazi nahi dizuegu». Garaipena denena, eta delitua nehorena, beraz. Bi urteotan aldarri nagusi izan dutena nabarmendu dute beste behin: «Elkartasuna ez da delitua». Horrez gain, abokatuek auzi horren inguruan eginiko lana goraipatu dute.
Politika «hiltzaileen» kontra
«Migrazio ibilbideak abiatzeko arrazoi anitz daude. Gehiegitan, politikoak, ekonomikoak edo klimatikoak dira. Milioika pertsonak ihes egiten dute gerratik, segurtasunik ezetik, miseriatik eta oinarrizko eskubideen urraketetatik. Bazterketa eta indarkeria eragiten dituen sistema kapitalista eta kolonial baten ondorioak jasaten dituzte». Salaketa gordinean sartu dira militanteak, azpimarratu nahian, nolazpait, auzia bera baino gehiago migratzaileen egunerokoari ezartzen zaizkion oztopoak direla eztabaidatu beharreko gaia; hots, «mugimendu askatasuna oztopatzen duten politikak, migrazioan daudenek geroz eta arrisku gehiago hartu behar izatea, ahulenak eskrupulurik gabeko sare mafiosoen eskuetan ematea».
Egoera horien aitzinean, adierazi dute «pertsona eta eskubide guziak defendatuko» dituztela hemendik goiti ere, uste baitute bukatu berri den epaiketa «duela urte batzuk hasitako borroka baten barnean» dela. Argi erran dute: «Ez da abiapuntua, ezta amaiera ere. Mobilizatzen segituko dugu beharrezkoa den orotan, gure lurraldea harrera lur bilakatzeko».
Eta, azken urte hauetan Bidasoan edo inguruetan hildako migratzaileei eskainia izan da azken hitza, baita Hendaia eta Irun arteko aduana zaharraren egoitzan marrazturiko horma irudia ere; «migrazio politiken biktimak ez daitezela ahantzi».