GALen ekintza ezagunenetarikoa izan zen, 1983. urtean, Segundo Mareyren bahiketa. Ez zuen inolako loturarik ETArekin, baina, erakunde horretako buruzagi bat zelakoan, bahitu egin zuten GALeko hainbat kidek. Bere etxean izan zen, Hendaian (Lapurdi), abenduak 4 zituela. Kolpatu egin zuten, eta hamar egunez eduki zuten bahituta. Bahiketa hori argitze aldera abiatutako ikerketaren ondorioz heldu zen Espainiako Auzitegi Gorenak 1998an emandako sententzia, zeinean Espainiako hainbat buruzagi ezagun kondenatu zituzten, tartean Miguel Planchuelo Espainiako Poliziako buruzagia. Gaur hil da.
Sententzia hartan, harekin batera zigortu zituzten, besteak beste, Barne ministro ohi Jose Barrionuevo, eta PSOEn 1980ko hamarraldian ardura postuak izan zituzten beste hainbat buruzagi: Rafael Vera, Julian Sancristobal eta Ricardo Garcia Damborenea, besteak beste. Oihartzun handia izan zuen epai hark, eta agerian utzi zuen GALen jardunean Espainiako Gobernuak izan zuen esku hartzea.
Planchuelo Espainiako Poliziaren burua izan zen Bilbon; Salamancan ere (Espainia) jardun zuen. Segundo Mareyren bahiketaren harira zigortu zuten, baina beste hainbat salaketaren aurrean, absoluzioa lortu zuen: Iparraldeko hainbat tabernatan GALek egindako hainbat atentaturen harira hasitako auzibideen ondorioz, ez zioten inoiz zigorrik ipini. 79 urte zituen, eta Pontevedran (Galizia) hil da; urteak zeramatzan han bizitzen.